Alba Mendoza. Piztiak konpartsako kidea

«Zezenketek dirua mugitzen dute; interesak daude»

Akats burokratiko batengatik, animaliarik erabiltzen ez duen zirku bat dago Bilbon estreinakoz. Animaliarik gabeko jaiak behin betiko erabaki politiko baten ondorioa izatea nahi du Mendozak.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abuztuak 22
Madrilgo Gran Circo Mundialek irabazi zuen 2017 eta 2018ko Aste Nagusietan Bilbon ikuskizuna erakusteko lehiaketa publikoa. Iaz Etxebarria parkean izan ziren, baina aurten huts egin dute. Udalak eskatu zizkien agiriak berandu bidali zituzten. Horregatik, lehiaketan bigarren geratu zen Kataluniako Circo Italiano zirkua dago egunotan ikusgai. Ez dute animaliarik erabiltzen ikuskizunetan. «Ez da udalak hartu duen erabaki batengatik izan, akats administratiboa baizik», zehaztu du Piztiak konpartsako kide Alba Mendozak (Sevilla, Espainia, 1991). «Posible da hurrengoan animaliak erabiltzen dituena etortzea. Euren ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatzea nahi dugu». Hori eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, udaletxean.

Zergatik salatzen duzue zirkuan animaliek parte hartzea?

Piztiak konpartsako kideak antiespezistak gara. Guk nahi dugu jendea konturatzea jaiez gozatzeko ez dagoela animaliak esplotatu beharrik. Ezin ditugu animaliak gure gozamenerako erabili, eta horretarako sufrimendua eragin. Eskubideak dituzte, eta tratu duina merezi dute, guk bezala. Gainera, zirkuak badu berezitasun bat: familia osoarentzako ikuskizuna da; umeak joaten dira, guraso edo aitita-amamekin. Animaliak erabiltzen direla ikusten badute, eredu txar hori barneratzen dute. Heziketa okerra ematen gabiltza belaunaldi berriei.

Gero eta gehiago dira animaliarik erabiltzen ez duten zirkuak; beraz, aukera zabala dago bestelako ikuskizunen bat eskaintzen duen bat ekartzeko Bilbora.

Udalak konpromiso politikoa erakutsi beharko luke horretarako, baina ez dauka. Ez die axola jaietan animaliei ematen zaien tratuak. Horregatik ari gara gu, urtero, gure aldarrikapena kalera ateratzen. Eta, erakunde publikoak estutzeaz gain, gure helburua da jendeari informazioa ematea eta heztea.

Iazko otsailean, Udalberrik proposatuta eztabaidatu zen auzia osoko bilkuran. Alderdi horrek animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatzea eskatu zuen, baina ez zuen aurrera egin.

Ez dakit oso ondo zer gertatu zen. Badakit udal gobernuak ez zuela eskaera babestu. EAJk eta PSE-EEk beste mozio bat aurkeztu zuten, eta, horrek aurrera egin ez zezan, Udalberrik berea baztertzea erabaki zuen, eta eztabaida bertan behera geratu zen.

Piztiak-eko ordezkariok harremanik izan duzue udalarekin?

Ez gara bildu. Udal gobernuak alderdi politiko batek egindako eskaera atzera botatzen duenean, eragile batentzat oso zaila izaten da agintariek kasu egitea. Gure bidea protesta da, udalak ikus dezan herritar asko animalien erabileren aurka daudela.

Jaietako batzorde mistoan ere ez duzue horretarako aukerarik? Udalean ordezkaritza duten alderdietako kideak eta konpartsek osatzen duzue.

Ez dugu bide hori jorratu, baina aurten, adibidez, beste pauso bat eman da. Lehen aldiz, Bilboko Konpartsak federazioak, hau da, konpartsa guztiek, bat egin dute Aste Nagusian animaliak erabiltzearen aurka argitara atera dugun agiriarekin. Uste dugu horrela aurten presio handiagoa egiten dugula. Indartsuagoa da aurtengo aldarrikapena.

Euskal Herrian eta beste leku askotan jaiak eta animaliak lotuta egon dira betidanik. Hori aldatzen ari da?

Tradizioa denez mantendu egin behar direla uste du jendeak. Baina apurka-apurka kontzientzia hartzen ari gara. Tradizioak moldatu egin behar dira, gizarte modura aurrera egin dezagun. Ezin gara geratu iraganeko jokaeretan errotuta. Beste hainbat arlotan aurrera egin dugun bezala, horrelako tradizioak ere moldatu edo kendu egin behar dira.

Oraindik zezenketak egiten dira arratsaldero. Bilbo hiri zezenzalea dela esan ohi da. Egia da?

Mitoa dela esango nuke. Agian lehen bai, baina gero eta jende gutxiago joaten da zezenketetara. Erakunde publikoek sarrerak oparitzen dituzte, eta gonbidapenak dituzten horiek joan egiten dira. Doakoa denez, aprobetxatu egin behar da. Baina bestela seguru ez liratekeela joango.

Zezenketak desagertuko dira? Eta, hala bada, zergatik: udalak hala erabakiko duelako edo jendeak joateri utziko diolako?

Jendeak joateari utziko diolako. Ez dut zalantzarik. Agintariak beti ibiliko dira herritarren atzetik. Zezenketek diru asko mugitzen dute; interesak daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna