Aitor Ganboa. XXL taldeko gitarra jotzailea

«Beti gordetzen dugu egun bat Aste Nagusira joateko»

Isilaldi luze baten ostean, Mungiako XXL taldeak disko berria aurkeztuko du Kafe Antzokian bihar; 1990eko hamarraldian, hardcore melodikoaren aitzindariak izan ziren Euskal Herrian.
BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2018ko abuztuak 23
Kafe Antzokiak Aste Nagusian antolatu dituen kontzertuen artean, biharkoa berezia izango da, Mungiako XXL taldeak joko baitu, hamabost urteko geldialdi baten ostean, disko berria aurkezteko, Lukiek taldearekin. Ezin Izan, Leihotikan eta beste talderen batekin batera, XXL aitzindariak izan ziren hardcore melodikoaren doinuak Euskal Herrira ekartzen. Zale askorentzat berezia izango da hirukotearen abestiak zuzenean berriz entzutea.

1990ean sortu zen taldea. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Mungiako skate parkean ezagutu genuen elkar, eta han hasi zen dena. Skate egin ostean, ostiral eta larunbat gauez bagenituen tarte huts batzuk, eta horiek betetzeko talde bat egitea pentsatu genuen, lagunen artean eta adrenalina botatzeko. Bakoitzak musika tresna bat hartu zuen, baina aldez aurretik ezer jakin barik.

1990eko hamarkadaren erdialdera, boladan egon ziren skate punka, Kaliforniako hardcore melodikoa eta horrelako doinuak, baina zuek hasi zinetenean ez ziren hain ezagunak. Aitzindariak izan zineten?

Guk, garai hartan, skate bideoak ikusten genituen, eta bideo horietako soinu bandetan agertzen ziren taldeei erreparatzen hasi ginen. Erosten genituen skate aldizkarietan ere talde horiek agertzen ziren. Eta egia da talde horiek —Bad Religion, Pennywise eta abar— orduan ez zirela hain ezagunak hemen.

1994an, lehenengo maketa grabatu zenuten, eta disko bi iritsi ziren gero: Day by day (1996) eta Bingo (1998). Zer pentsatzen duzue gaur egun berriro entzuten dituzuenean?

Ni behintzat arraro sentitzen naiz. Eta, hain zuzen ere, horregatik grabatu dugu orain disko berria, lan horietan beti sumatzen dugulako zer edo zer faltan. Gure soinua borobildu gura izan dugu.

Aldaketak daude lan horien artean?

Maketatik lehenengo diskora ez dago hainbesteko alderik; beharbada maketa gehiago da skate punk ildokoa, eta Day by day, berriz, hardcore melodikora lerratuagoa. Nik uste dut XXLren mamia disko horretan dagoela. Bingo grabatu genuenerako, hardcore melodikoa modan zegoen, baina gu ordurako apur bat aspertuta geunden, eta galduta zeuden hasierako magia eta ilusioa. Horregatik, aldaketa batzuk egitea erabaki genuen; adibidez, gaztelaniaz abesten hastea. Baina ilusio falta hori diskoan islatu zen, eta zapore gazi-gozoa utzi zigun.

Eta horregatik erabaki zenuten taldea bertan behera uztea?

Apur bat bai. Hasierako freskura eta ilusio hori galdu genituen, diskoarekin ez ginen oso konforme lotu, eta abesti berriak egiten genituenean sentitzen genuen hura ez zela XXLren esentzia edo espiritua. Eta pentsatu genuen hobe zela taldea uztea.

Orduan egin zenituzten kontzertuetatik baten bat nabarmenduko zenuke?

Batez ere 1996an Bergaran Descendents taldearekin egin genuena, eta Bracket talde kaliforniarrarekin egindakoa Bilboko En Canal aretoan. Ez dut gogoratzen azken hori noiz izan zen, baina gure lehenengo kontzertuetako bat izan zen. Itzulerako kontzertua ere oso berezia izan zen: hamabost urtez banatuta egon ostean, berriro batzeko proposatu ziguten, Mungiako skate parkea bota behar zutela-eta.

Taldea desegin zenetik, skate parkekoa izan zen zuen lehenengo kontzertua, baina ez da bakarra izan.

Ez. Hasierako asmoa zen soilik kontzertu hura emateko batzea, baina azkenean jarraitzea erabaki genuen. Kontzertu bat egin genuen Gure Txoko izeneko skate parkean [2016ko urrian], eta hura grabatu egin genuen, abesti zaharrak berriro berreskuratu gura genituelako. Horrekin ere oso pozik geratu ginen.

Pausoak ondo neurtu dituzue geroztik.

Bai, dena apurka-apurka joan da, astiro eta gauzak ondo pentsatuz. Hasi ginen kantu berriak egiten, probatzearren, eta ikusteko ea abesti berri horiek XXLren estiloari eusten zioten edo ez.

Martxoan plazaratu duzue disko berria, Borderline. Zer aurkituko du zaleak diskoan?

Bost abesti dira, denak berriak bat izan ezik, Skate or die izenekoa; 1998koa da, baina ez genuen sartu Bingo diskoan. Eta oso pozik lotu gara emaitzarekin.

Inoiz jo zenuten Aste Nagusian 1990eko hamarkada hartan?

Bai, Unamuno plazan. Urtea ez dut gogoratzen...

Berezia da Aste Nagusia?

Bai, jakina. Mungiakoek beti gordetzen dugu egun bat Aste Nagusira joateko. Hori sakratua da.

Orain berriro joko duzue Aste Nagusian, Kafe Antzokian.

Gauza asko batuko dira: aspaldiko partez joko dugu, Kafe Antzokian, Aste Nagusian, Mungiako beste talde batekin. Kontzertua oso berezia izango da guretzat.

Zer asmo duzue etorkizunean?

Azaroan, Gasteiz Calling jaialdian joko dugu. Gu bezalako talde batentzat, Dag Nasty, NOFX, Suicidal Tendencies eta Propagandhirekin jo ahal izatea ikaragarria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna