Sei kirolariren bizipenak, zazpi ataletan

ETB1ek 'Itzulera' saioa estreinatuko du gaur. Landetxe batean elkartuko dituzte kirolariak, eta txirrindulari proba bat prestatuko dute

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Markel Irizar txirrindulariaren gidaritzapean, Bilbo-Bilbo martxa zikloturista egiteko erronka jarriko dute Irizarrek berak eta beste bost kirolari ohik. Abiapuntu hori du ETB1eko Itzulera saioak. Gaur estreinatuko du euskarazko kateak, 22:30ean. Martxa zikloturistak 125 kilometroko ibilbidea du. Hori dela eta, landetxe batean egonaldi bat egitekoak dira; izan ere, bizikleta gainean entrenatzeaz gain, oso garrantzitsua da tropeleko kideen arteko harremana zaintzea. Horrela, bizikleta gaineko gorabeheren lekuko izatearekin batera, ikus-entzuleek aukera izango dute kirolariak hobeto ezagutzeko. Kirolari bakoitzaren ibilbide profesionala aztertuko dute, euren bizitza pertsonala albo batera utzi gabe. Prime Media ekoiztetxearen saio bat da Itzulera.

Hauek dira saioan parte hartuko duten kirolariak eta kirolari ohiak: Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalaria, Arantxa Orbegozo txirrindularia, Imanol Agirretxe futbol jokalaria, Oskar Lasa pilotaria, Nagore Osoro patroia eta Irizar txirrindularia bera.

Atal bakoitzak kirolari bat izango du protagonista —aurrenekoa, Errekondo. Hala, gosarian, protagonista eta haren ibilbidea ardatz hartuta, Agustin Ezenarro aurkezleak bideratutako solasaldi batek emango dio hasiera saioari. Gero, Irizarrek hartuko du lekukoa, bizikletaren gainean trebatuz joateko entrenamendua bideratzeko. Bestalde, protagonistarekin zerikusia duen kirol bat egitera joango dira: gehienetan, kirolari bakoitzaren kirol propioa, baina Lasarekin, adibidez, golfean arituko dira.

Nahikoa kirol eginda, landetxera itzuliko dira, eta bi solasaldi egingo dituzte han: bat Ezenarroren eta protagonistaren artekoa, afaria prestatzen duten bitartean, eta bestea kirolari guztiekin, mahai inguruan, afaldu bitartean. Azken saioak bakarrik aldatuko du egitura; izan ere, hainbeste itxarondako martxa zikloturista egin beharko dute.

Ezenarrok azaldu duenez, bizitzan aurrera egiteko izan dituzten esperientziak kontatuko dituzte protagonistek. «Ikasbideak emango dizkigute gauza askoren inguruan. Landetxe zoragarri batean daude, Ean [Bizkaia], testuinguru intimo batean, goxoan, hizketan, eta horrek lagundu egiten du».

Saioaren aurkezleak azaldu duenez, Bilbo-Bilbo martxa udaberrian zen egitekoa. Baina bertan behera gelditu zen, koronabirusagatik. «Orain, udazkenean dira egitekoak, uzten badiete. Eta ezin bada ofizialki egin, gure arteko erronka bat izango da. Hori izango da Itzulera saioaren amaiera».

Ezenarrori iruditzen zaio formatua etorkizunean errepikatzeko modukoa dela, beste kirolari batzuekin. Jon Abasoloren ideia izan da formatua, eta hura da saioaren zuzendaria.

Ezenarrok hala ohartarazi du: «Ez duzu zertan kirolzalea izan saioa ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.