Maria Arnal. Kantaria

«Oso garrantzitsua da kantuen edo gaien zerbitzura jartzea»

'45 cerebros y un corazón' lan laudatu eta saritua iaz kaleratu zuten Maria Arnal eta Marcel Bages kataluniarrek. Orduz geroztik 150 kontzertu inguru eman dituzte, eta bihar Donostian ariko dira.
DONOSTIA KULTURA

Mikel Lizarralde -

2018ko urriak 10
Ahozko musika tradizioan arakatzen hasi, eta iraganetik bezainbeste gaur egunetik edaten duen proiektua eratu dute Maria Arnal abeslari eta Marcel Bages gitarrista kataluniarrek. Bi disko laburrekin estreinatu ziren, eta iaz kaleratu zuten 45 cerebros y un corazón, memoriari gaur egungo begiekin begiratzen dion lan mardula. Bihar, Donostiako Viktoria Eugenian izango dira (20:00).

Musikara Alan Lomaxek egindako landa lanaren bitartez iritsi zinela argitaratu da.

Hori publikatu da komunikabideetan, baina zehaztapen bat egin behar dut. Aitak esaten du hitz egiten hasi baino lehen abesten nuela, eta bai, nik ere badut sentipena beti abestu dudala. Ahotsaren soinuekin jolastu naizela, ehundurekin eta abar. Musika beti izan dut ondoan: eskolako koruan abestu nuen, aitak ere musika asko entzun du... Baina, badakizu, nik neuk ez nuen hortik jo; literatura itzulpeneko ikasketak egin nituen; gero, master bat dramaturgian, eta antropologian ere hasi nintzen. Antropologian sartzearekin batera ohartu nintzen musika interesatzen zitzaidala bereziki.

Zer harreman zenuen aurretik ahozko tradizio kantatuarekin?

Katalunian koru batean arituz gero, baduzu harreman bat kantu tradizionalarekin. Polifoniak ere izugarri maite izan ditut, eta anai-arrebekin askotan abestu izan dut hainbat ahotsetara. Esango nuke ikasketa arautuen gabezia hori badela gure proiektuak izan duen oihartzunaren arrazoietako bat.

Zer aurkitu zenuen Lomaxen artxibo horietan zu zeu bultzatzeko musika egitera?

Ahots gordinak aurkitu nituen. Baina ez ditut idealizatu nahi. Ez ditut nostalgiaz ikusten kantu zahar horiek, bizitza hobe baten adibideak balira bezala. Hitzek eta kantatzeko moduek erakarri ninduten; azken batean, gertutasunez ikusten nituen, abestu ahala egindako ahotsak direlako. Gero, gainera, artxibo horiek arakatzen hastearekin batera, nire familiaren zuhaitz genealogikoa egiten hasi nintzen, eta hor gauza asko deskubrituz joan nintzen.

Ezustekoak?

Familia askotan bezala, tabu asko izan dira nirean. Buruko osasunari buruzkoak, bestelako gaitzen ingurukoak, eta, jakina, baita 36ko gerrari lotutakoak ere. Kontua da 20 urte pasatxo nituela jakin nuela nire birramona-birraitonen artean bakarra zela kataluniarra. Jakin nuen nire herenamona bat Andaluziatik Aljeriara joan zela lanera; birramona han jaio zen, eta, gero, Bartzelonako burgesiaren manikuragile ibili zen. Amona, berriz, errefuxiatu eremu batean izan zen Frantzian, eta lau urtez hiltzat jo zuten... Istorio harrigarriak aurkitu nituen... eta, jakina, Lomaxen artxiboetan Andaluziako, Extremadurako jendearen kantuak entzutean, gurutzatu egin zitzaizkidan istorioak.

Musikaren atzean istorio asko dauden seinale.

Bai, nire inspirazio edo interes iturriak ez dira soilik musikalak. Irakurketak, filmak, solasaldiak... guztiak dauka lekua nire lanean.

Oroimenari oso lotuta azaltzen da zure musika, baina nostalgiatik ihes egiten saiatzen zara.

Hala da. Eta horrek ez du esan nahi ez dela kontu emozional bat! Bistan da emozioa parte inportantea dela... baina ironia, barrea, txantxa, jolasa, esperimentazioa... horiek guztiak dira gure musikaren parte.

Musika proiektua Marcel Bagesekin partekatzen duzu. Zer bilatu eta aurkitu duzu harengan?

Marcel pertsona ikaragarria da! Talentu handikoa, oso adimentsua, eta beti izugarri lagundu dit. Gainera, asko gustatzen zait nola ulertzen duen musika. Marcelek tresna definitu bat du, gitarra, baina oso modu irekian irakurtzen eta jotzen du. Soinuarekin asko esperimentatzen dugu, eta jolasa ere sormen espazio bilakatzen da.

Tradizioari begiratzen zioten bi EPrekin estreinatu zineten, eta iaz kaleratu zenuten lehenengo lan luzea, 45 cerebros y un corazón. Nola ikusten duzu batzuetatik besterako bidea?

Izugarrizko jauzia dago EPetatik LPra. EPekin oihartzun oso polita izan genuen, eta horrek bultzatu gintuen jarraitzera, baina benetako estreinaldia disko luzea da guretzat. Disko txiki haiek gurasoentzat egiten genituen momentuko argazkiak ziren. Nik, zintzo izatera, nahiago nukeen Spotifyn ez baleude...

Benetan?

Benetan, benetan. Oso denbora laburrean egindako lanak dira, eta proiektua artean ez zegoen egina. Disko luzerako beharrezkoak diren probak dira EPak.

Diskoaren izenburuak aipamen egiten dio Burgosen (Espainia) aurkitutako hobi komun bati. Zuena memoria ariketa bat da?

Memoriarekin dugun harremana ezbaian jarri nahi dugu, musikarekin dugun harremana, batzuetan idealizatu egiten dena. Eta ez. Hemendik gatoz, eta horrek aurrez aurre jartzen gaitu oroimena irakurtzeko modu jakin batekin.

Zuk esana da: «Transmititzeko, oso inportantea da ni neu ez naizen zerbaiten zerbitzura egotea». Zeren zerbitzura?

Bai, bai. Jakina, nik esaten ditudan gauzak garrantzitsuak dira niretzat, eta sinetsi behar ditut. Hala izan behar du. Baina oso handiustea litzateke pentsatzea proiektu baten aurpegia izateagatik proiektua zu zeu zarela. Gu talde bat gara, eta hitz egiten dugu gutaz, baina baita gu geu ez garen baina inportantea zaigun horretaz ere. Kantuen edo gaien zerbitzura jartzea oso garrantzitsua da.

Sarritan izan zarete Euskal Herrian.

Bai, askotan izan gara, eta beti oso harrera ona izan dugu. Gainera, jo izan dugu oso egoera eta espazio ezberdinetan: kalean, jaialdi handietan, aretoetan... Diskoa atera genuenetik, 150 kontzertu eman ditugu, eta, orain, Donostian antzokirako propio landutako ikuskizuna aurkeztuko dugu. Uste dut ikusi gaituenarentzat ere ezberdina izango dela! Guretzat oso berezia izango da. Egia esango dizut: Viktoria Eugenia antzoki zoragarria da, eta hor jo nahi genuen! Oso pozik gaude.

Bira bukatzen ari zarete. Horrek esan nahi du disko berri bat etorriko dela laster?

Kantu berriak prestatzen ari gara, baina ez dakigu noiz aterako dugun disko berria. Sendotuta dagoenean aterako dugu; ez lehenago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna