Imanol Uribe. Zinemagilea

«Gure belaunaldikoon zinema desagertzera doa»

El Salvadorko armadak 1989ko azaroan Ignacio Ellakuria eta beste bost jesuita hil zitueneko gertaerak jaso ditu Imanol Uribek 'Llegaron de noche' filmean.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Promozio bete-betean ibili da azken asteotan Imanol Uribe (San Salvador, 1950), aurkezpenak eta elkarrizketak errenkan lotuz. Hori ere bere lanbidearen parte bat dela jakitun. «Nekagarria da, baina baita egin beharrekoa ere jendea zinemara eraman nahi badugu. Txarrena da papagai bat bezala errepikatzen naizelako sentsazioa», azaldu du umorez. Tour horretan, Donostiara itzuli da, bere bizitzako «une ederrenen bizileku» izan zenera. «Sei urte egin nituen hemen, eta nire familia osoa bizkaitarra izanda ere, Realekoa bilakatu nintzen, pentsa!». Dagoeneko estreinatua du bere azken filma, Llegaron de noche, zeinak kontatzen dituen 1989ko azaroan El Salvadorko armadako kideek sei jesuita hil zituztenekoak, tartean, Ignacio Ellakuria euskal herritarra.

El Salvadorren jaiotakoa zara, eta, gainera, sarraskia oso gertutik ikusi zenuen, ezta?

Bai, sarraskia gertatu baino bi aste lehenago El Salvadortik pasatu ginen, Perurako bidean; eta, gainera, Aita Ellakuria ezagutua nuen aurretik ere, modu nahiko ustekabekoan bada ere. Ondorioz, hilketa haiek arrasto sakona utzi zuten nire barnean.

Eta noiz azaleratu ziren berriro film bat egiteko ideia bihurtzeraino?

Jorge Galan idazlearen liburu bat irakurri nuen, Noviembre (Azaroa), eta hori izan zen hazia. Liburua El Salvadorren aurkeztu, eta alde egin behar izan zuen Espainiara, han arriskuan zegoelako. Liburu horretan El Salvadorko historia hurbileko gertaera ugari jasotzen ditu: Romero monsinorearen hilketa, jesuiten sarraskia eta abar. Eta liburuaren bitartez ezagutu nuen Lucia Barrera de Cerna, jesuiten hilketaren lekuko izan zena. Lekukoak gehiago izango ziren, baina bera izan zen aurpegia eman zuen bakarra, eta horrek bizitza aldatu zion. Jesuitek El Salvadortik atera nahi izan zuten korrika eta presaka, eta hasieran Espainiara eraman nahi zuten; baina Luciak pentsatzen zuen berehala itzultzeko moduan izango zela, eta azkenean Miamira [AEB] joan zen. AEBen enbaxadan bazen agregatu bat, CIAkoa zena, eta harekin joan zen Miamira.

Frantziako Gobernuak antolatu zuen bidaia. Nolatan?

Espainiako enbaxadaren jokaera hala moduzkoa izan zen, eta, Erromako hierarkiak bezala, ez zuen askorik egin. Frantziak, berriz, rol aktibo bat izan zuen Lucia El Salvadortik ateratzeko. Baina Miamira iritsitakoan, AEBetako zerbitzuen esku gelditu zen, bahitu eta egunetan galdekatu zuten, baita psikologikoki torturatu ere, bere testigantza alda zezan, eta hilketa FMLNri leporatu ziezaion.

Kontuan izanda gertaera historikoez ari zarela, nola heldu historiari fikzioaren bitartez?

Gai asko zeuden honen guztiaren atzean: Espainiaren jarrera, Elizarena, El Salvadorko armadari dagokiona, FBIaren rola... Dena sartuko bagenu, bost bat orduko film bat aterako litzaiguke. Ondorioz, erabaki genuen istorioa Luciaren begien bitartez kontatzea. Horrela, Miamiko galdeketa bihurtu genuen istorioaren bizkarrezurra, eta, hortik abiatuta, atzera eta aurrera egiten du filmak gertatutakoa azaltzeko. Kontatu dugu gertatu zena bere horretan, eta bizpahiru lizentzia baino ez ditugu hartu. Adibidez, hainbat jesuitaren rolak bakarrean zentratu ditugu; Aita Tojeirak filmean egiten duen dena hiru jesuitak egin zuten.

Dokumentazio lan handia egin behar izan duzu?

Dokumentazioa egon badago. Epaiketaren aktak daude, jakina da zeinek tiro egin zien jesuitei... eta saiatu gara zehatz jasotzen hori guztia, epaiketa hori ardatz hartuta —esan behar da gero militar guztiak amnistiatu zituztela—. Eta, horretaz aparte, bi testigantza nagusi izan ditugu; batetik, Tojeirarena, eta, bestetik, Lucia eta haren senarrarena. Gero, gainera, Juana Acosta protagonista ere joan zen AEBetara, hitz egin zuen Luciarekin, eta, konfinamendu garaian ere, Juanak eta Luciak ia egunero hitz egin zuten, gidoia esaldiz esaldi errepasatzeko. Eta berdin egin zuen Carmelo Gomezek Tojeirarekin.

Zenbat denbora eskatu dizu proiektu honek?

Sei urte izango dira orain. Oso gogoan dut 2016ko apirilaren 14an hasi nintzela Jorge Galanen liburua irakurtzen.

Zergatik hainbeste denbora?

Gauza asko gertatu dira bidean. Ekoizle aldaketa bat izan zen, gidoiaren hainbat bertsio... Normalean, proiektu baten eta beste baten artean hiru urte behar izaten ditut, baina oraingoan bikoiztu egin da denbora. Mundu honetan ez dago jakiterik zenbat denbora eskatuko dizun proiektu batek.

Ikusi duzu noizbait arriskuan proiektua?

Bai, baina nik adore handia daukat. Batzuetan pentsatu izan dut ez zela aurrera aterako, baina, ontziaren mastari bezala heltzen diet ni proiektuei [barrez].

Pandemiak nola eragin zizuen?

Pentsa, Calin [Kolonbia] ginen, filmaketa hasteko prest, eta alde egin behar izan genuen azken hegazkinean. Filmean aktore asko dago, 40tik gora, eta haietako %90 baino gehiago mantendu ahal izan genituen. Ez da gutxi, guztien egutegiak koordinatu behar genituelako.

Kolonbian filmatu dituzue kanpoko eszena guztiak, ez El Salvadorren. Zergatik?

El Salvadorren egon ginen, gertaera historikoak jazo ziren lekuak ezagutzen, baina berehala ikusi genuen han ezin genuela filmatu. Indarkeria handia dago, eta, gainera, sarraskiaren ideologo eta borrero guztiak kalean daude. Ez ziren baldintza onak filmaketarako, eta erabaki genuen Calira joatea.

Zure zinema oso lotua dago errealitate politiko eta sozialari. Zuk zeuk bilatzen dituzu gaiak, edo proiektuak iristen zaizkizu?

Badakizu, aurrera ateratzen den proiektu bakoitzeko, beste bizpahiru bidean gelditzen dira. Eta, niri dagokidanez, normalean nik neuk bilatzen ditut gaiak, nahiz eta proiektu batzuk kanpotik ere etorri zaizkidan. Adibidez, Bwana eta Plenilunio egiteko proposamenak kanpotik etorri zitzaizkidan; baina, halakoetan ere, saiatzen zara zure eremura eramaten gaiak.

Zure lehenengo pelikulak El proceso de Burgos, La fuga de Segovia eta La muerte de Mikel izan ziren, hirurak Euskal Herriaren egoera politiko eta sozialari modu estuan atxikitako lanak. Orain, egoera politikoa aldatu dela ikusita, itzuliko zinateke Euskal Herriari buruzko filmen bat egitera?

Días contados egin nuenean, hori bera galdetu zidaten, eta erantzun nuen ezetz, gai hori oso jorratua nuela ordurako. Baina gero egin nuen Lejos del mar, gaiari lotuta dagoena. Berez, oraintxe ez daukat buruan antzeko proiekturik. Azken batean, kanpoan bizi naiz, eta ez diot handik kasu egiten hemengo egoerari, baina batek daki geroak zer ekarriko digun.

Zinemak azkeneko 40 urteetan bizi izan dituen aldaketak bertatik bertara ezagutu dituzu. Asko aldatu zaizu zuri ere lan egiteko modua?

Nik uste dut gure belaunaldikook egin dugun zinema mota desagertzera doala. Hau da, zinema ekoizpena polarizatu egin da; batetik, plataforma handiek bultzatzen duten zinema dago, eta beste muturrean, berriz, ekoizpen txiki eta independenteak, aurrekontu oso txikiarekin egiten dutenak lan. Baina erdibidekoa, aurrekontu txukun baina ez oso handiekin lan egiten duen zinema, desagertzeko bidean dago. Gero eta zailagoa da aurrera egitea.

Ez duzu etsitzen, halere.

Ez, ez! Ez dakit zenbat pelikula geldituko zaizkidan, baina nik segituko dut!

Baduzu proiekturik buruan?

Bai, baina ezin dut gauza askorik esan, ez dut nahi-eta inork kopiatzea ideia. Baina indarkeriari buruzkoa da berriro ere, eta Latinoamerikan dago kokatua.

Gertaera historikoetan oinarrituta ostera ere?

Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.