Hilberria. Philip Seymour Hoffman

'Capote' filmak famatu zuena

Iñaki Etxeleku.
2014ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aktore garaikide estatubatuar handienetarikotzat daukate igandean, 46 urterekin, dirudienez heroina gaindosi batekin hil den gizona. Oscar saria irabazi zuen, 2006an Truman Capote idazlearen rolean egin zuen lanagatik. Baina beste hiru aldiz izendatua izan zen sariketa horretan: Charlie Wilson's War (2007) filmean, CIAko agente bat antzezturik; Doubt (2008) pelikulan, bere kontra pedofilia susmoak dauzkan apaiz batena egiten, Meryl Streep zuela lagun; eta Paul Thomas Andersonen The Master (2012) lanean, zientziologia elizaren sortzaile batena jokatuz. Egin beharreko pertsonaien aniztasun zabalak erakusten du Philip Seymour Hoffmanek zuen eraldaketarako gaitasuna, izan dadin gorputzez ala jokoz. Film egile famatuekin aritu zen: Coen anaiekin (The Big Lebowski), Spike Leerekin(25th Hour), Todd Solondzekin (Happiness), Sidney Lumetekin (Before the Devil Knows You're Dead). Baina dudarik gabe, Paul Thomas Anderson zuzendariaren aktore kuttuna izan zen, haren film gehienetan parte hartu baitzuen.

Zinemak mundu zabalean ezagun egin zuen, baina taula gaineko antzezle ospetsua ere zen Hoffman New Yorkeko antzokietan. Shakespeare, Txekhov, O'Neill, Miller eta antzeko idazleen antzezlanetan ari izan zen. Hain zuzen, Arthur Millerren Death of a Salesman antzerkian, Willy Lomanen pertsonaia egin zuen 2012an. Funtsean, antzerkiarekin hasi zuen aktore ibilbidea. 1984ko udan Manhattango Square Theater School antzerki eskolan eta ondotik New Yorkeko Unibertsitateko Tisch School of the Arts-en. Hastapen neketsuak izan omen zituen. Rolak ezin erdietsiz, bestelako lantxoetan ibili behar izan zuen ogibidez. Taula zuzendari lanetan ere jardun zuen, besteak beste, LAByrinth antzerki taldean.

90eko hamarkada hasieran telebistak eskaini zizkion rolei esker eman zion zinemarako bideari lehen akuilua. Andersonekin egin zuen bigarren film luzeak (Boogie Nights ,1997) piztu zuen zinema kritika egileen artean Hoffmani buruzko interesa. Industria pornografikoaren urre garaiko pertsonaia baten rola jokatzen zuen horretan.

Film egile gisa ere aritu zen. 2010ean, Jack Goes Boating filma zuzendu zuen, arrakastarik lortu gabe ikuslegoaren partetik.

Ustekabean hartu ditu denak Philip Seymour Hoffmanen hiltzeak, lan batzuk bidean uzten baititu. Francis Lawrencen The Hunger Games: Mockingjay filmaren bigarren zatiaren grabaketa lanak ez zituen oraino bukatuak. Lehen zatia aurten plazaratzekoa dute, eta bigarrena, 2015ean. Bestalde, azken Sundance Festibalean aurkeztu bi filmetan agertzen da Hoffman : A Most Wanted Man eta God's Pocket. Biak 2014an hedatzekoak dituzte zinemageletan. Gazterik joan da aktore estatubatuarra, heroina gaindosi bat dela kausa, Poliziaren arabera. 2006an, 60 Minutes-i eman elkarrizketa batean aitortu zuen 22 urte arte droga eta alkoholari emana izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.