Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Madrazo, bueltan etxera

2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Urte asko igaro dira Jesus Madrazo ezagutu nuenetik. Hurbila eta jatorra harremanetan, eta ardogile moduan handia. Hark egindako ardoak nire bizitzan ezagutu ditudan onenetarikoak dira, zalantzarik gabe.

Urte askoan, Continon aritu zen zuzendari tekniko moduan, eta 2017an Contino utzi, eta beste proiektu batean murgildu zen; ez Continotik oso urruti, Guardian bertan, Viña Leizaolan, alegia. Proiektu berri horretan izugarrizko lana, ilusioa eta konpromisoa jarri zituen Madrazok. Urtebete ez zen igaro, ordea, eta ametsa amesgaizto bilakatu zen. 2018ko uztailaren 13an upategiaren inaugurazioan egindako lana izan zen Madrazorentzat azken lana Leizaolan. Ostiralean inaugurazioa, eta astelehenean jaso zuen kaleratze gutuna.

Harrezkero hainbat proiektutan aritu da Jesus, lagunentzat Txus; besteak beste, Duero Erriberako Territorio Luthier upategia aholkatzen, eta beste horrenbeste Murtzia edota Lanzaroteko hainbat upategitan.

Orain etxera itzuli dela esan daiteke, izena lehen Contino eta gaur egun Villota badu ere.

Txus Villota familiarekin aritu zen lanean San Rafael lusailean, Guardiako Sernan (Araba) ia hogeita hamar urtez, eta orain berriz ere elkartu dira, Txus Madrazok kudeatuko baitu Villotaren arlo enologikoa, 2021eko mahats bilketatik bertatik.

Txusek ezin hobeto ezagutzen ditu kudeatuko dituen mahastiak, ia hogeita hamar urtez aritu baitzen mahastiotako fruituekin ardo bikainak egiten. Orduan sortu zuen, besteak veste, Txusek, Basilio Izquierdo enologoarekin batera, Viña del Olivo ardo bikaina.

Villota familiak artean pisu handia zuen Continon, baina 2013an Villota familia Contino proiektutik atera eta bere bidea egitea erabaki zuen. Txusek beste horrenbeste egin zuen lau urte geroago, eta orain, 2021ean, berriz ere topo egin dute, eta elkarrekin arituko dira, seguru berriz ere ardo bikainak eta paregabeak eginez.

Villotak 2016an merkaturatu zituen lehen bi ardoak, biak ala biak ekoizpen urrikoak: Villota Seleccion zuria eta beltza.

Azken urteotan eskaintzen duten ardo sorta asko zabaldu da: Selvanevada —zuria zein beltza—, Villota, Viña Gena ere gehitu zaizkielako hasierako biei.

Aurten 200.000 kilo batzeko asmoa dute, kalitate bikainekoa, lurrari garrantzi izugarria emanez, baina izaera eta estilo propioak ahaztu gabe.

Villotako proiektuan hasieratik aritu izan dira profesional bikainak. Hasieran Basilio Izquierdo enologo bikaina. Gero Lapuebla de Labarcako Maribel Bernardok eman zion erreleboa.

Orain Txus Madrazo gehitu zaio proiektuari, eta horrek ondorio onak baino ez ditu ekarriko proiektua hobetzeko. Zorionak, Txus!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.