Edurne Isazelaia eta Dionisio Elorza. Dukiena jatetxearen jabeak

«Jende asko itzuli da itxi behar dugula jakin duenean»

32 urte irekita egon ondoren, datorren urteko udaren hasieran itxiko dute Aramaioko Dukiena jatetxea. Isazelaia eta Elorza eskertuta daude urteotan bezeroek emandako tratuagatik.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
unai etxenausia
Aramaio
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Betikoek, berriek eta errepikatu dutenek badakite bapo janda joango direla Aramaioko (Araba) Azkoaga auzoko Dukiena jatetxetik. Edurne Isazelaia (1961, Arrasate, Gipuzkoa, 1961) eta Dionisio Elorza (Aramaio, Araba, 1958) bikoteak goxo hartzen ditu bezeroak. 32 urtez makina bat jenderi eman diote jaten. Berdin dio nor den atetik sartzen dena: gazte, zahar, haur... denak dira ongi etorriak. Baina hasten den guztia amaitzen da, eta datorren urteko udaren hasieran erretiroa hartuko dute biek. Halere, ondoren norbaitek jatetxeaz arduratu nahi izatea espero dute.

Nola bizi izan dituzue urte hauek guztiak?

EDURNE ISAZELAIA: Konturatu orduko iritsi zaigu agur esateko garaia. Denetarik bizi izan dugu urte hauetan guztietan. Urte onak pasatu ditugu, baina txarrak ere bai. Halere, pozik gaude orokorrean. Lan asko izaten genuen hasierako urteetan: ume txikiak zaindu, jatetxeko lana... Oso gogorra izan zen, baina, poliki-poliki, hartu genion neurria.

Asko aldatu da jatetxea ordutik. Lehen, ordu asko pasatzen genituen sukaldean, aurrez prestatutako gauzak zerbitzatzen genituelako. Orain, berriz, askoz denbora gutxiago gaude, gehienak momentuan bertan prestatutako platerak direlako: plantxan egindakoak, labean…

DIONISIO ELORZA: Bezero asko galdu genituen Garagartzako [Arrasate, Gipuzkoa] Fagor lantegia itxi eta AHTaren obrengatik bide nagusia itxi zutenean. Oso urte gogorrak izan ziren.

Mugarri bat izango zen.

ISAZELAIA: Lehen, langile asko etortzen ziren, eta beti ibiltzen ziren Aramaio inguruan. Dietak kendu zizkietenean, ordea, jatekoa etxetik eramaten hasi ziren, eta asko gutxitu ziren bezeroak. Inguruko auzoetako bezero finkoak ere gutxituz joan dira. Horregatik, ostiraletik igandera bakarrik irekitzen dugu orain; nahikoa da guretzat. Duela urtebete erabaki genuen hori. Beraz, kartan dagoena eta plater konbinatuak eskaintzen ditugu bakarrik.

Gogo handia duzue erretiroa hartzeko, edo pena pixka bat sentitzen duzue?

ELORZA: Pena apur bat bai, baina erretiroa hartzeko gogoa dugu. Inguruko herrietako lagun asko egin ditugu urte hauetan guztietan. Gainera, uste dut auzoak asko galduko duela horrelako jatetxe bat barik.

ISAZELAIA: [Hunkituta hasi da] Gustatuko litzaidake herriko gazteei zuzendutako hitz batzuk esatea ere, oso ongi portatzen baitira jatetxera datozen bakoitzean. Asko kriminalizatu zituzten pandemia garaian, baina hemen primeran portatu izan dira beti; orduan ere bai.

Eta zer esan dizue jendeak ixtera zoaztela jakin dutenean?

ELORZA: Jendeak jatetxea ez ixteko eskatzen digu. Beste asko ahal duten guztietan etorriko dira jatetxea itxi aurretik.

ISAZELAIA: Jende asko itzuli da itxi behar dugula jakin duenean.

Jende ospetsua pasatu da zuen jatetxetik.

ELORZA: Pozgarria da Baskoniako jokalariak etorri izana, adibidez. Garai batean, igande eguerdietan jokatzen zutenean, bazkaltzera etortzen ziren ondoren; txuleta jaten zuten guztiek. Velimir Perasovicek Baskonian jokatzen zuen garaian izan zen hori. Juan Alberto Espil jokalari ohiaren ilobetako baten lehen jaunartzea ere egin zuten hemen. Horrez gain, ireki eta gutxira, politikari ezagun batzuk etorri ziren bazkaltzera eta negoziatzera.

Zerk bereizten zaituzte beste jatetxeetatik?

ISAZELAIA: Jende nagusia zein gaztea etortzen da gurera. Esaterako, badago ia igandero etortzen den Bergarako [Gipuzkoa] bikote bat. Esan ohi dute primeran egoten direla. Nik uste dut terrazak asko ematen diola negozioari.

ELORZA: Halere, ez da horregatik bakarrik: kalitatezko produktuak erabiltzen ditugu, eta hori da garrantzitsuena.

Zein da Dukienako plater izarra?

ISAZELAIA: Txuleta.

ELORZA: Duda barik.

ISAZELAIA: Sanjakoboa eta gazta tarta ere probatu egin behar dira. Hasi ginenetik ez dut gazta tartaren errezeta aldatu; bezeroek ez didate uzten [txantxetan].

Eta bezeroek hasierako plater bat, lehena, bigarrena eta postrea erabakitzeko eskatzen badizuete, zein izango litzateke zuen gomendioa?

ISAZELAIA: Frijituak, etxeko txorizoa, legatz arrautzeztatua eta txuleta. Egia da plater konbinatuak eskatzen dituztela askok; sanjakoboa da plater konbinatu onena.

Oroitzen duzue jatetxean gertatu den anekdota berezirik?

ELORZA: Berezia izan zen sukaldeak su hartu zuenekoa [barrezka].

ISAZELAIA: Aste barruan izan zen, eta biok bakarrik geunden. Patata batzuk frijitzen hasi ginen, eta ahaztu egin zitzaigun frijitzen zeudela. Hilabete itxita eduki genuen jatetxea.

Besteren bat ere izango duzue.

ELORZA: Espainiako erregearen arreba hemen egon da.

ISAZELAIA: Gogoan dut kuadrilla handi baten izenean erreserbatu zutela. Ondoren esan ziguten hamar pertsonako beste mahai bat erreserbatu nahi zutela. Hasieran, umeak izango zirela pentsatu genuen, baina bizkartzainak ziren. Jendetza etorri zen: Kristina eta Elena Borboikoak, Iñaki Urdangarin...

ELORZA: A ze kuadrilla. Aurretik ez genekien nortzuk zetozen, eta atetik sartu zirenean jakin genuen Espainiako errege familiakoak zirela.

Pentsatu duzue agur berezirik?

ISAZELAIA: Beti bezala jarraituko dugu. Gustatuko litzaiguke jatetxea beste norbaitek hartzea. Erraztasunak emango genizkioke.

ELORZA: Gurea egin dugu. Inguruko guztioi, eskerrik asko bihotzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.