Beste irismenak, mahai gainean

Zupiriak agerian utzi du hedabideei buruzko irizpide kualitatiboak aintzat hartzeko borondatea

Bingen Zupiria sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Aurrerantzean ere irismena izango da lehentasuna euskarazko hedabideentzako diru laguntzak zehazteko orduan. Ordea, irizpide horren nondik norakoak adosteko asmoa azaldu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Hots, irismen kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere kontuan hartzeko aukera aztertzeko prest dago, baita hori neurtzeko modua aztertzeko ere. Horrek, hein batean, eragileek egindako eskariei erantzungo lieke.

Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean mintzatu zen atzo, EH Bilduk eskatuta. Euskarazko hedabideentzako laguntzen deialdietan irismenak duen garrantzia goratu zuen Zupiriak. Oroitarazi zuen irismena bide onena dela jakiteko «administrazioaren ahalegina» norengana iristen den. «Gero eztabaida dezakegu irismen horrek kuantitatiboa izan behar duen, edo kualitatiboa; era batera neurtu behar den, edo bestera». Eta adierazpen horrek badu garrantzia. Izan ere, irismenaren garrantzia handitu egin du Jaurlaritzak azken urteetako hedabideentzako laguntzen deialdietan. Adibidez, 2016-2018 urte bitarteko deialdian puntu guztien %75 erabaki ditu. Ordea, irismena kuantitatiboki baloratu du: hedabide bakoitzak zenbat irakurle dituen dagokion eragin eremuan. Hekimen euskal hedabideen elkarteak irizpidea aldatzeko proposamena du eginda: kontsumitzaile kopurua ez ezik, maiztasuna ere aintzat hartzeko eskatu du, alegia hedabideak zenbatean behin ailegatzen diren hartzaileengana; bestetik, irismena aldagai homogeneoekin neurtzea eta puntuatzea nahi du.

Hiztuneko hedabide asko

Zupiriak euskarazko hedabideei buruzko zenbait datu eman zituen legebiltzarrean. Orotara, 137 hedabidek jo zuten 2016ko laguntzen deialdira. «Gure inguruan baino hedabide gehiago dago; bere alde onak ditu, baina alde zailak ere eragin ditzake». Oro har, euskarazko hedabideen gaia «konplexutasun handikoa» dela hausnartu zuen, eta ondo kudeatzeko irtenbideak hitzartzearen aldeko jarrera berretsi zuen. Zupiriak ez zuen zehaztu zer ildotan bidera daitekeen negoziazioa. Areago, ez zuen argitu 2016-2018 urte arteko laguntza deialdiak eragindako egoera kudeatzeko beste erabakirik hartuko ote duen. Edonola ere, horren guztiaren gainean euskarazko hedabideekin hitz egiteko asmoa berretsi zuen, eta itun bat hitzartzekoa.

Aurreko neurriak ezbaian

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta mintzatu zen Zupiria. Uberaren iritziz, azken urteetan hedabideek ez dute jaso Eusko Jaurlaritzaren aitortzarik; areago, horiei bideratutako inbertsioa 2012tik «izoztuta» dagoela oroitarazi zuen. «Ematen du Jaurlaritzak euskarazko hedabideen lehia bilatu duela, gaian duen erantzukizuna lausotzeko». Aldiz, Zupiriaren iritziz, gobernuak «arduraz» jokatu du gai horretan. Areago, inbertsioa mantendu izana positibotzat jo zuen, «hedabideen sektorearen egoera eta krisi ekonomikoa aintzat hartuta».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere kritikatu zuen Jaurlaritzaren jokabidea. Irismena lehenetsita irizpide ekonomikoen alde egiten duela hausnartu zuen, eta euskarazko hedabideak merkatuaren arauen menpe utzi dituela. «Irismena bada irizpide bakarra, at geratzen dira ekonomikoak ez diren adierazleak: kulturalak, sozialak, sinbolikoak... ».

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen iritziz, «euskarazko hedabide pribatuei bideratutako diruaren egokitasuna» zehaztu beharko litzateke. «Egoeraren analisia egin behar dugu. Hedabideak ondo lagunduta daude? Bai, diru saila ezin da neurrigabea izan». Zupiriak ihardetsi zion euskal hiztunen eskubideak daudela eztabaidaren atzean, eta, eskubideak auzitan daudenean, ez dagoela gehiegikeriarik, «ez administrazioan, ez hedabideetan, ez gizartearen beste arloetan». Ubera pozik agertu zen sailburuaren hitzekin, baina oroitarazi zuen euskaldunen eskubideak ez direla bermatzen. «Sail honek erabaki beharko du euskarazko hedabideek rol bat jokatu behar duten guztioi dagozkigun eskubideak bermatuak izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.