Jose Maria Setien

Ez zen izan mezu deserosoen beldur

ETAren jardunaren urterik latzenetan izan zen Donostiako apezpiku Setien; gatazkaren inguruan plazaratu zituen adierazpenek sarri askotan artega jarri zituzten Espainiako nazionalistak: asaldatuta. Itzal hura uxatu gabe zendu da.

GARI GARAIALDE / FOKU.
arantxa iraola
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Jose Maria Setien Donostiako apezpiku ohiaren pasadizoak eta adierazpenak gogoratzeko eguna izan zen atzokoa, jakin baitzen zendu berria zela; goizaldean eman zuen azken hatsa, ordu batzuk lehenago iktus bat izan eta gero. Anekdota horien artean, oraino gotzain kargua hartu aurreko bat atera zen plazara; 1975ean Jazinto Argaia apezpikuaren laguntzailea zen Setien, eta Donostian, Artzain Onaren katedralean, Franco diktadorearen aldeko hileta elizkizuna eman zuen; haren aldeko gorazarrerik ez zuen adierazi, ordea: heriotzaren inguruan solastatu zen, modu orokor batean. Kritika ozenak eragin zituen horrek, eta polemika piztu zuen. Geriza horren pean jarraitu zuen behin 1979an Donostiako apezpikutza hartuta ere. ETAren jardunaren urte ilunak ziren, eta Espainiako nazionalista askok eta erakunde armatuaren biktima hainbatek maiz salatu zuten gotzainak haiekiko behar adinako begirunerik gabe ziharduela; «terroristekiko», berriz, ulerbera. «Politika» egitea ere egotzi zioten usu. Itzal horiek uxatu gabe hil da. Hara, adibiderako, haren heriotzaren berri emateko atzo idatzi ziren hainbat goiburu, itzulita: Jose Maria Setien hil da, ETAren biktimak babesik gabe utzi zituen gotzaina (ABC egunkaria); Jose Maria Setien hil da, politika egin zuen apezpikua (El Correo egunkaria).

Gipuzkoarra zen sortzez Setien; Hernanin jaio zen, 1928an. Fede katolikoak Euskal Herrian aparteko itzala zuen garai hartan, eta gaztetan erabaki zuen abade izateko ikasketak hastea; 1951n apaiztu zen. 1979ko urtarrilean izendatu zuten Donostiako apezpiku, eta 2000. urtera arte jardun zuen. Teologian oso ondo jantzitako gizona zela nabarmendu dute sarri askotan haren jarraitzaileek, eta ikasketa horiek oinarri hartuta eman nahi izan zituela Euskal Herriko gatazka politikoa ulertzeko eta konpontzeko gakoak. Zenbait sektoretan ulertzen eta onartzen zailak ziren mezuak ematen zituen ahalegin horretan: deserosoak, artegatasun motibo.

Halakoz josita daude hemerotekak. «Eskubiderik gabeko bakea ez da benetako bakea», adierazi zuen, esaterako, 2007an, bere bizipenekin osatu zuen Setién, un obispo vasco ante ETA (Setien, euskal gotzain bat ETAren aurrean) liburua aurkeztean. Areago ere egin zuen: «Herriari zer nahi duen galdetzea berezko eskubidea da, hau da, prozesu politiko beharrezkoa da». Pulpituan ere mezu horri atxikita jarraitu zuen. Hara 2005eko San Sebastian eguneko homiliako pasarte hau: «Denok egin behar dugu egiaren alde eta egiarekin lan, bakea lortzeko ardura bakar baten esku utzi gabe». Etika ipini nahi izan zuen gatazkaren konponbiderako muinean, eta ñabardurei leku egin nahi izan zien; aldiz, gatazka zuri eta beltzen demara mugatu nahi zuten eremuetan zabarki hartu zituzten sarri haren hitzak. Hauspotu egin ziren ETAren biktimei ustez egin zizkien arbuio keinuak, eta haren izena zikintze aldera albiste asko idatzi ziren.

Laudorioak

Apezpiku ohiaren jarduna goratzeko hitzak nagusitu ziren atzo, hala ere. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, esaterako, «eskuzabal» jokatu zuela nabarmendu zuen: «Pertsona on bat zen. Eredu izan da Elizarentzat eta gure herriarentzat». Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok «erreferente» bat joan dela esan zuen: «Arrasto sakona utzi du Euskal Herrian». Gipuzkoako Diputazioak adierazia zion esker ona Setieni; hain justu, 2003an Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen, eta, besteak beste, hark «giza eskubideen alde» egindako lana goraipatu nahi izan zuten keinu horrekin. EH Bilduren izenean, Maddalen Iriartek hartu zuen atzo apezpiku ohia hizpide: beti «elkarrizketaren» alde aritu zela nabarmendu zuen. Sektore abertzaleetatik aparte, uzkurragoak izan ziren adierazpenak: mingostasuna erakutsi zuten.

Eliza barrutik, Gizarte Pastoraltzako bikario Xabier Andonegik egin nahi izan zuen gotzain ohiaren aldeko gorazarrea. Politika hitzarekin Setienen figura errazegi lotu dela arbuiatu zuen: «Zerbait ez bazen, zera zen: politikoa». Aldiz, giza eskubideak ororen erdian ipini nahi izan zituela adierazi zuen, eta horren arabera jokatzea erabaki zuela: «Orotan egon behar zutela uste zuen: politikan, ekonomian, gizartean». Hainbat argitalpen utzi dituela nabarmendu zuen —dozena bat liburutik gora—, eta «izugarria» dela horietatik atera daitekeen irakaspena. Onartu zuen izaera «hotza» egotzi zitzaiola sarri Setieni, baina bestelakoa zela.

Gotzain ohiaren hil kapera Artzain Onaren katedralean jarri zuten atzo. Izan zen jende ezaguna; Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxe eta Pedro Miguel Etxenike zientzialaria tartean. Gaur eguerdian izango da hileta elizkizuna, eta han hobiratuko dute. Meza zuzenduko du Jose Ignacio Munilla egungo Donostiako apezpikuak. Oso bestelako soslaia du horrek; abertzaletasunetik apartekoa, Setien gaitzesten zutenen partetik politiko adjektiboa jasotzeko arriskurik ez du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.