«Ez dugu Jon Darponen dimisioa eskatuko: Iñigo Urkulluk izendatu zuen Osasun sailburu, eta lehendakariak berak kargugabetzea nahi dugu, auzian daukan erantzukizuna onartuz». ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik salatu du Darpon sailburuak ez duela «behar bezala» jokatu Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketa batzuetan salatutako filtrazioen auzian. Ez du itxaropen handirik justiziarengan, baina espero du fiskaltzak Osakidetzak baino hobeto ikertuko duela gertatutakoa. «Estatistikak egitera mugatu da Osakidetza. Fiskaltzak hori baino sakonago ikertuko du». ELAk elkarretaratzea egin zuen atzo, Bilbon, Osasun Sailaren egoitza atarian.
Igeregiren esanetan, Osakidetzan lobby bat dago, zerbitzuburuz osatua. «Haiek erabakitzen dute nork lan egingo duen euren zerbitzuetan, bai behin-behineko langileak aukeratzean, bai oposizioetan». Igeregik esan du ez dutela froga zehatzik, «halako lobbyek beldurrari esker» irauten baitute. «Elkarrizketak iritsi zaizkigu, komentarioak». Eta adibide bat ipini du: Urdulizko Alfredo Espinosa (Bizkaia) ospitalea ireki aurretik zerrenda bat eskuratu zutela, ardura postuetan nortzuk egongo ziren azaltzen zuena. «Oraindik kargu horietarako hautatze prozesua martxan jarri gabe zegoen».
ELA sindikatuko ordezkariak «behin baino gehiagotan» bildu dira Darpon sailburuarekin eta Giza Baliabideetako hainbat zuzendarirekin, ustezko lobby horren berri emateko. «Osakidetzak bazekien zer gertatzen ari zen lan eskaintza publikoko azterketako irregulartasunen aurretik, baina ez dute ezer egin. Osakidetzak ezin die errua azterketetako epaimahaiei leporatu, Osakidetzak berak izendatu dituelako kideak. Hark bermatu behar zuen azterketen funtzionamendu egokia, baina ez du halakorik egin». Igeregiren esanetan, Iñaki Azkuna zena Osasun sailburu izan zenetik ari dira ELAko ordezkariak jokabide irregularrak salatzen.
Elkarretaratzearen ostean, ELAk 4.000 sinadura aurkeztu zituen Osasun Sailean, guztia salatzeko. Lan eskaintzako irregulartasunak ez ezik, beharginen lan baldintzak ere auzitan ipini dituzte. «Gaixo egoteagatik zigortzen dira langileak. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala %25ekoa da. Lan kargak etengabe handitzen dira. Zerbitzuak pribatizatzen dira», gogoratu du sindikatuko Osakidetzako arduradun Esther Saavedrak.
Darpon kargutik kentzeko eskatu dio ELAk Urkulluri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu