Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Elkarbizitzarako tresnak

Publizitatea

Gizartea

Elkarbizitzarako tresnak

Ekologistak Martxan-ek 'Otsoekin elkarbizitzan' izeneko proiektua osatu du. Abeltzainek otsoen erasoei aurre egiteko hartu beharreko prebentzio neurriak eta administrazioaren eginbeharrak jaso dituzte. Berriz eskatu dute sartzeko otsoa galtzeko arriskuan dauden espezien zerrendan.
Otso bat, Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) Robledo parkean, artxiboko irudi batean.
Argazkia: J. J. GUILLEN / EFE

2017-11-15 / Ibai Maruri Bilbao

Errealitateak frogatu duelako eta legeak agintzen duelako». Otsoen eta abeltzaintzaren edo artzaintzaren arteko bizikidetza posible da, Euskadiko Otso Taldeko Jorge Etxegarairen ustetan. Eta hori lortzeko proiektu bat aurkeztu du Espainiako Ecologistas en Accion elkarteak; Ekologistak Martxan-ek egokitu du Euskal Herrira. Otsoekin elkarbizitzan du izena. «Predatzaile handi guztiak bezala, otsoa funtsezkoa da ekosistemen funtzionamendurako eta bertako prozesu ekologikorako», ohartarazi du Isabel Diezek, Ecologistas en Accioneko kide eta programaren arduradunak.

Iberiar penintsulan dago Europako otso kopuru handiena. 2012 eta 2014. urteen artean egin zen azken zenbaketa. Gehienak Portugal iparraldean, Galizian, eta Espainiako Asturias, Kantabria eta Gaztela eta Leon autonomia erkidegoetan bizi ziren. 360 talde ugaltzaile inguru aurkitu zituzten. Bakarra dago Euskal Herrian, Araba, Bizkaia eta Burgos arteko (Espainia) mugan. «Hiruzpalau ere eduki ditugu gurean», ekarri du gogora Andres Illanak, Ekologistak Martxan eta Euskadiko Otso Taldea elkarteetako kideak.

Diezek nabarmendu du «asko» direla otsoekin bizitzeko hautua egin duten abeltzainak. «Batzuek betidanik egin dute, modu naturalean. Ikusi dute gurasoek ere hala egiten zutela». Baina Euskal Herriko kasua ezberdina da. Urte luzez desagertuta egon da otsoa. Duela 20 urtetik mendebaldetik itzultzeko ahalegina egin du. Harrezkero, muturtuta daude bi aldeak, abeltzainak eta otsoak. Ganaduzainek uste dute euren ustiategia arriskuan jartzen dutela otsoek. Baina Illanak ukatu egin du. Batetik, otsoek, oro har, ahul, gaixo edo zaurituta dauden animaliak jaten dituztela esan du. Eta, bestetik, otso gehiago dauden lekuetan, eraso gutxiago egon direla azaldu du, prebentzio neurriak hartu direlako. «Otsoarentzat orkatzak edo basurdeak harrapatzea behi edo ardiak harrapatzea baino errazagoa izatea lortu behar da».

Eta horretarako neurriak proposatzen dituzte programan. Besteak beste, otsoekiko errespetuzko jarrera sustatzen duten abeltzainei diru laguntzak emateko eskatu dute. Baita abereen zaintzarako erabiltzen diren txakurrak lanerako animaliatzat onartzeko ere. Otsoen erasoengatik ematen diren kalte-ordainak aurretik ea saihesteko neurririk hartu den kontuan hartuta onartzea ere nahi dute; hala, prebentziorik egin ez duenak ez luke jasoko ordainik. Gizartea sentsibilizatzeko kanpainak ere eskatu dituzte.

Txostena egin aurretik ganaduzainekin bildu ziren, betidanik otsoekin bizi izan direnek zer egiten zuten bertatik bertara ezagutzeko. Diezek aitortu du Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) izan zela bilkura, eta distantziagatik ez zela euskal abeltzainik gerturatu. Gerora parte hartu dute, proposamenen eztabaidan.

Otsoak harrapakari apikalak dira. Hau da, ahoarekin ehizatzen dute. Eta mota horretako harrapakari guztiek «autokontrola» dutela azpimarratu du Etxegaraik; alegia, ez dute behar kanpotik haien populazioa kontrolatzerik, «beti taldeak bizirik irauteko neurrian» egongo direlako. Animalia sozialak dira: taldean bizi dira. Multzoen %25 ugaldu egiten dira urtero. Talde bakoitzean, bada, har eta eme ugaltzaileak bizi dira, eta aurreko ernaldietako otso gazteagoren bat edo beste. Hala, batez beste, lau eta bost otso izaten dira taldean. Neguan erditzen dira, eta emeak lauzpabost kume izaten ditu.

Lehenik, heziketa

Euskal Herrian Karrantza inguruan (Bizkaia) salatu dira eraso gehien. Eta talde bakarra dabil inguruan. Horregatik, neurri horiek jartzea ezinbestekoa dela ohartarazi du Illanak. Eta beste ezer baino lehen, informazio eta prestakuntza fase baten beharra dagoela uste du. «Ganaduzainei azaldu behar zaie zein neurri dauden otsoei aurre egiteko. Era berean, etxalde edo ustiategiak bisitatu behar dira, aditu eta teknikariek lagunduta, kasu bakoitza aztertu eta zein neurri har ditzaketen adostu». Egin beharreko aldaketak administrazioak diruz lagundu beharko lituzke.

Illanak salatu du oraingoz Eusko Jaurlaritzak uko egin diola otsoa sartzeari desagertzeko arriskuan dauden espezieen katalogoan. Legez behartuta dagoela ohartarazi dio. Katalogoan ez sartzeko hiru salbuespen egoera daude: orkatz, orein eta basurde gutxi egotea, eskualdeko ustiategi gehienek txerriak haztea, eta inguruak ingurumen balio eskasa izatea. «Bizkai eta Araba mendebaldean ez da bakar bat ere betetzen: orkatz eta basurde populazio handiak daude, behi, ardi eta zaldi taldeek bazkatzen dute, eta Ordunte [Bizkaia] eta Valderejo [Araba] babestutako guneak daude». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari sare sozialetan irakurri diote otsoa babesteko «adostasuna» nahi duela. «Adostasuna? Igaraba edo bisoia babesteko zer adostasun egon da ba? Zergatik eskatzen diote otsoari adostasuna eta besteei ez?».

Era berean, Bizkaiko eta Arabako diputazioek baimenduta uxaldiak egin direla salatu du. Iaz lau otso hil zirela aitortu zuen Bizkaiko Diputazioak, eta Ekologistak Martxan-ek bosgarren baten berri izan du. Etxegaraik dio halakoek kontrakoa lortzen dutela: «Otsoak, eraso eginda sentitzen denean, kideak hil eta taldea desegiten zaionean, gehiago erasotzen du».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak