Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia

«Gizarte zibilak protagonismoa hartzeko garaia heldu da»

Bihar aurkeztuko duten mugimendu berriaren azken helburua «geldikeria aurrerapauso» bilakatzea izango dela dio. Herriz herri«lan dinamikoa» egingo du.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2014ko ekainak 14
Azken hiru hilabeteotako prozesuan jasotako ideiak bilduta, eremu guztietan giza eskubideen eta konponbidearen aldeko jarduna pizteko «zumeak» ezarrita daudela dio Joseba Azkarragak. Lortutako aniztasun ideologikoaren balioa nabarmendu du, beste ezeren gainetik: «Jendeak ulertu du giza eskubideen errespetua siglen gainetik dagoela».

San Telmoko Adierazpena aurkeztu zenutenetik hiru hilabete igaro dira. Zein aldaketa ekarri zuen adierazpen horrek?

Aurrerapauso inportantea izan zen, presoen eta iheslarien giza eskubideen defentsan esparru eta ideologia askotariko pertsonak ados jartzea lortu zelako. Zume horien gainean eraikiko da bihar aurkeztuko dugun organismo berria, ideologia aniztasun hori oinarri duela. San Telmoko Adierazpena ezagutarazi zenetik hiru hilabete igaro dira, eta bihar toki berean ezagutaraziko dugu organismo berriaren izena eta azken hiru hilabete hauetatik ateratako ondorioak. Herritarrek jositako sarea izango da eta herriz herri funtzionatuko du, giza eskubideen urraketen aurka herritarren inplikazioa lortzeko.

Apirilaren 12an herri topaketak egin zenituzten Eskoriatzan, eta ados jarri zineten lau puntutan. Ardatz horien gainean lan egingo duzue aurrerantzean?

Bai, ondorio horiek izango dira hemendik aurrera lan egiteko erabiliko ditugun ardatzak. Orotara, lau dira ardatzak. Lehenengoa, orokorra da, gatazkaren konponbidearekin zerikusia duena, eta gainerako hirurak hari lotuta daude. Batetik, sakabanaketa politikaren amaiera, presoei ez ezik, haien senideei ere eragiten dielako. Bestetik, larriki gaixorik dauden presoak aske uztea, eta azkenik, salbuespen legeak bertan behera uztea, haien atzean presoen kolektiboari bizi osoko kartzela zigorrak ezartzea ezkutatzen delako. Horien gainean lan egingo du.

Presoen eskubideen defentsa erdigunean jarrita, gatazkaren konponbidean lan egin nahi duzue?

Bai, sakabanaketa politika amaitzea, preso gaixoen askatasuna eta salbuespeneko legedia bertan behera uzteko eskariak oinarrizkoak dira, giza eskubideen urraketa garbiak direlako. Sakabanaketa politika, adibidez, erabaki politiko bat izan zen, eta beste erabaki politiko batekin eman behar zaio amaiera; aurrerapauso oso garrantzitsua izango litzateke gatazkaren konponbiderako. Ez du zentzurik ETAk armak uztea erabaki zuenetik hainbeste gauza aldatu direnean Espainiako Gobernuak urrats positibo bat bera ere egin ez izanak. Urrats guztiak negatiboak izan dira, legeak bihurrituta eta espetxe politika mendekuan oinarrituta. Horren guztiaren aurka jaioko da organismo berria, badelako garaia sufrimenduari atea behin betiko ixteko eta itxaropenari irekitzeko.

Azken hilabeteotan sarea eratzeko prozesuan herriz herri ibili zarete. Zer-nolako erantzuna jaso duzue?

Kopuru aldetik erantzun garrantzitsua izan dugu, baina are garrantzitsuagoa izan da aniztasun ideologikoaren ikuspuntu batetik begiratuta. Kopuru aldetik, 3.000 lagun inguruk parte hartu dute, eskualdez eskualde. Baina esan bezala, are garrantzitsuagoa da pertsona horien aniztasun ideologikoa, askotariko jendeak parte hartu duelako. Hau da, eztabaida hau ez da abertzaleena bakarrik, giza eskubideen defentsaren inguruko eztabaida demokratikoa da. Jende askok ulertu du giza eskubideen errespetua siglen eta ideologien gainetik dagoela.

Aurreiritzi asko dago presoen auziaren inguruan? Zaila izan zaizue aniztasun hori lortzea?

Apur bat bai, oraindik badirelako iraganeko zenbait tik presoen eskubideen aldeko aldarriak ideologia jakin batekin lotzeko. Eskema hori apurtzea eta beste jende mota bat erakartzeko denbora behar da, baina lortuz joan gara.

Nolakoa izango da jaioko den organismo berria?

Tokian tokiko dinamikari garrantzi handia emango diogu. Modu horretan, bihar aurkeztuko ditugun ondorioak biltzen dituen dokumentuaren atxikimenduak biltzen joango gara herriz herri. Ez du ohiko egitura bat izango, ez du alderdi edo sindikatu baten egitura izango, antolaketa askoz ere zabalagoa izango du, baina ez modu asanbleario batean. Herritarren sarea izango da, herritarren parte hartzea sustatuko duena, eta sare horrek zehaztuko ditu garatuko diren irizpideak. Mugimendu berri honen eragile garrantzitsuenak parte hartu eta inplikatu nahi duten herritarrak izango dira, nor bere esparrutik, eguneroko lana eginez. Uste dugu gizarte zibilak protagonismoa hartzeko garaia heldu da.

Ez duzuela inoren lana ordezkatzeko asmorik esan duzue.

Gure asmoa ez da alderdi politikoen eta erakundeen egitekoa ordezkatzea; gure helburua da gizarte zibila mobilizatzea, alderdien eta erakundeen lanaren osagarri izan gaitezkeelako. Presoen eskubideen alde lan egiten duten beste taldeekin modu koordinatuan lan egin nahi dugu, inor ez dagoelako sobera.

Hemendik aurrera zein izango da mugimendu berriaren lan agenda?

Lan aktiboa egingo dugu bereziki. Azken hiru hilabetetako lana zabaldu beharko dugu Euskal Herriko txoko guztietara, eta orain arte iritsi ez garen tokietara. Sare hau hedatu beharko dugu herriz herri. Oso lan dinamikoa izango da. Eguneroko lana izango da, giza eskubideen inguruko lana egunerokoa delako. Organismo hau geldikeriaren aurka eta presoen eskubideen urraketekin jarraitu nahi dutenen aurka jaioko da. Geldikeria aurrerapauso bilakatzeko sortuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna