martxelo otamendi
ANALISIA

Ez da inauteria izango

2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aste erabakitzailetzat jo dute askok egunotan atzo hasitakoa, eta aste horren barruan, asteazkena 6 letra beltzarekin idatziko omen da Kataluniako historia garaikidean. Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartuko du, Junts Pel Si eta CUPen botoekin. Espainiako Gobernuak aurreratu du lege hori, prozesuari babes legala emateko egingo diren guztiak bezala, inpugnatu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango duela.

Baliteke sinadura lasterketa bat ikustea asteazkenean, batzuk parlamentuan eta besteak Moncloan; oso litekeena delako Kataluniako Gobernuko kide guztiek legea sinatzea, parlamentuan bertan, onartu eta berehala. Independentziazaleek ez diote Espainiako Gobernuari aukerarik eman nahi lege hori Auzitegi Konstituzionalera eramateko Generalitateko kideek sinatu baino lehen. Hartara, ez liokete denborarik emango Auzitegi Konstituzionalari Kataluniako Gobernua ilegalitateaz ohartarazi eta sinatzea debekatzeko, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekua urratzea saihestuko luke Puigdemonten gobernuak.

Baliteke Espainiako Gobernua bera ere guardiako bileran egotea asteazkenean Moncloan, parlamentuak legea onartu, Kataluniako Gobernuak sinatu eta parlamentuaren webgunean argitaratu bezain pronto, Auzitegi Konstituzionalera eraman beharreko helegitea sinatzeko. Ñabardura txikia da legelariak ez garenontzat, baina esanguratsua legeez dakitenentzat. Ez dezagun ahantz prozesuaren lege aholkulari nagusia Carles Viver Pi-Sunyer dela, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariorde ohia.

«Egingo al dute erreferenduma katalanek?», hori da azken hilabeteotan prozesuari buruz hitz egiterakoan gehien entzuten den galdera. Kataluniako independentziazale askok ez daukate batere dudarik: «Egin egingo da». «Ez da egingo», erantzuten dio horri egunero Espainiako presidente Rajoyk. Hiru jokaleku desberdin daude:

a) Independentziazaleek atzera egitea eta erreferenduma bertan behera uztea, inhabilitazioen eta norbanakoen ondasunen galeren beldur.

b) Espainiako Gobernuak indar fisikoz galaraztea. Alegia, kolore guztietako milaka polizia bidaltzea bozkalekuak indarrez ixtera.

c) Erreferenduma egiten «uztea».

Aurreneko aukeran frustrazio handia sortuko litzateke azken hamarkadan egunaren erdia prozesua irudika litezkeen modu guztietara bultzatzen ari izan diren milaka eta milaka independentziazaleen artean.

Bigarren aukera oso txarra da Espainiako Gobernuarentzat partida hau benetan jokatuko den zelaian aurkezteko orduan: nazioarteko kantzileria indartsuenen kluba. Gaur egun, Eskoziakoa gertatu berritan, oso zaila da Europako gobernu batentzat indarraren erabilpena zuritzea, zer eta bozketa bat galarazteko. Nazioarteko prentsarik eraginkorrenaren kronikak prozesuaren aldekoak izan dira gehienak.

A-9ko erreferenduma baino bi egun lehenago, 2014ko azaroaren 9an izan zen, Espainiako Gobernuko kideek esan zuten ez zela egingo, eta egin zuten: 2 milioik baino gehiagok hartu zuten parte. Azkenean egiten bada —herritarrak, hautetsontziak, botopaperak eta zerrendak baino ez dira behar—, Espainiako Gobernuak esango du galdeketa horren balioa gure inauterietako konpartsa baten parekoa dela.

Erreferenduma egitea garaipena da independentziazaleentzat, eta porrota Espainiako Gobernuarentzat eta mahai gainean kolpe sendoa emateko garaia heldu dela diotenentzat; PPren barrukoak horietako asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.