Datu onek hauspotuta

BERRIA Taldeak galerarik gabe amaitu zuen 2014a, irakurle datu gero eta hobeekin; Jaurlaritzaren jarrera, hala ere, kezka iturri da.Akziodunen batzarrak babestu du

Iban Arregi eta Beatriz Zabalondo, atzo, argibideak ematen akziodunen aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Andoain
2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Iaz batzarra amaitu genuenean, argi-izpi batekin etorri ginen: diru laguntzen dinamika aldatzeko eta finkatzeko bidea irekiko zelakoan. Aurten, iazko itxaropena itzalita etorri gara». Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakariak ez zuen ezkutatu, atzo, akziodunen batzarrean, Eusko Jaurlaritzak iaz euskarazko hedabideei diru laguntzak emateko orduan egindako irizpide aldaketek eragindako arrangura. Izan ere, horrek ekarri zuen BERRIAk %14ko murrizketa izatea laguntzan: 210.000 euro gutxiago jasotzea. «Oso kaltegarria izan da BERRIArentzat». Hausporik ez da falta, hala ere: Iban Arregi administrazio kontseiluko kontseilari ordezkariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak datu on ugariko balantze bat aurkeztu zuten akziodunen aurrean, zailtasunei aurre eginda egiten ari diren lanaren erakusgarri.

«2014a galerarik gabe bukatzea lortu genuen. Egindako ahaleginak merezi izan du, eta, krisiaren erdian, emaitza oso ona dela uste dugu». Arregik azaldu zuen «joera goranzkoa» atzeman zutela produktuen eta zerbitzuen salmentan, publizitatean eta BERRIAlagunen ekarpena jasotzeko urratsetan. «Publizitatean aspaldiko urterik onena izan zen 2014a, ez zelako jaitsierarik izan», nabarmendu zuen. Zerbitzuak —kanpora begira egiten diren lanak batzen dituzte— indartzeko ahaleginek ere fruitua eman zuten. «2014an, lan interesgarriak lortu ziren; lehiaketa batzuk ere irabazi ziren, eta horrek aurrera egiteko motibazioa handitzen du». Egunkarien salmentan jaitsiera txiki bat izan zen —%3,6koa—, baina aurrez egindako kalkuluetan baino apalagoa. Beraz, pozik daude emaitzekin. Izan ere, 2013a ere galerarik gabe amaitzea lortu zuten, eta 2014an joerari eustea lortu dela ikustea seinale ona dela uste dute.

Urtean zehar BERRIA Taldean egindako lanen berri Otamendik eman zuen akziodunen aurrean. Orain urtebete, hain justu, BERRIA eraberritzeko prozesua abiatu zela oroitarazi zuen, eta diseinu berria landu zela webgunean ere. Kazetaritza lan oparoak laga ditu lan martxa berriak, eta bai Argia eta bai Rikardo Arregi sarietan, esate baterako, presente izan ziren kazetako profesional eta kolaboratzaileak. Otamendik gogorarazi zuen, baita ere, berrikuntza nabarmena egin zela Badok.info atarian. «Biltegi» soil izateari utzi, eta «aldizkari digital» baten funtzionamendua du orain. «Erreferentzialtasun» apartekoa eman dio horrek euskal kulturaren barruan.

Aurten, bost lan ardatz oinarri hartuta ari da BERRIA Taldea: publizitatea eta marketina sustatu; Berria komunitatea trinkotu; hedabideen berrikuntzan lanean jarraitu; zerbitzuen salmentan beste urrats bat aurrera egin; eta diru laguntzen politiketan eragiten ahalegindu. Azken asmo horri lotuta, Jaurlaritzarekin hainbat bilera izaten ari direla esan zuen Arregik —Hekimen euskal hedabideen elkartearen eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren artean mahai iraunkor bat martxan da—, eta datozen hiletan egoera argitzea espero dutela. Emaitza gisara, diru laguntzen inguruko akordio iraunkor bat erdietsi nahi lukete. Iragan urteotako inertziaz harago egitea da asmoa: «Ez baita jauzi kualitatibo eta kuantitatiborik egitea lortzen». Halaber, arras egitasmo garrantzitsua deritzote sektorearen gaineko ikerketak eta gogoetak sustatzeko hedabideak, unibertsitate arloko adituak eta erakundeak eratzen ari diren behatokiari.

Esker oneko hitzak

Laguntzetan izandako murrizketaz gain, hizpide izan zuten konpondu nahi luketen beste arazo bat: langile eta kolaboratzaileen lan baldintzak. Ordaintzen diren kopuruak igoerarik gabe daude 2008tik, eta egoera gogoan dute. Irakurleei ere mintzatu zitzaien Zabalondo, esker oneko: «Aldats gorari eusteko eta lanari gogoz ekiteko behar dugun indarra irakurleek ematen digute, harpidedunek eta BERRIAlagun guztiek. Guztion artean osatzen dugun komunitateak». Oroitarazi zuen kazetak kulturari dakarkion ekarpena handia dela: «kuantifikatu ezin diren» balioz josia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.