Forcadell: «Zuen elkartasunak askeago, duinago, egiten gaitu»

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak erabaki zuen, herenegun gauean, Carme Forcadell espetxeratzea, 150.000 euroko bermea ordaintzeko baldintzarekin. Baina defentsak atzo goizean ordaindu zuen diru kopuru hori, eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentea Alcala Mecoko kartzelatik atera zen, 14:00 pasatxo zirela.

ANC Biltzar Nazional Katalanaren erresistentzia kutxako dirua erabiliz ordaindu zuen defentsak bermea, eta Forcadellek esker ona adierazi zien Twitter bidez: «Zuen estimuak eta elkartasunak indartsuago, askeago eta duinago egiten gaitu. Nire erabateko esker ona. Hitzik gabe».

Ordaindu du 150.000 euroko bermea, baina epaileak neurri batzuk jarri dizkio: Kataluniako Auzitegi Nagusira joan beharko du astero; pasaportea kendu diote, eta ezingo da Espainiako Estatutik atera; eta deitzen duten bakoitzean agertu beharko du Gorenera.

Matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera desegokia egotzita deklaratu zuen mahaiko beste bost kideekin batera —Nuet aske utzi zuen epaileak, bermerik gabe, eta Gino, Corominas, Simo eta Barrufet ere kalean daude, baina 25.000 euroko bermea ordaindu beharko dute osteguna baino lehen—, eta, iturri judizialen arabera, adierazi zuten alde bakarreko independentzia deklarazioa «sinbolikoa» izan zela. Hori dela eta, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan zuen, atzo, «ordena konstituzionalaren berrezarpena» bide onetik doala. Bestalde, Forcadellen defentsak eskatu dio Gorenari asumitu dezala gobernuaren kontrako kausa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.