Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Hondakinen artean bizitza

Publizitatea

Mundua

Hondakinen artean bizitza

Urtarrilean hiru urte beteko dira Siriako Kurdistango Kobane hirian EI Estatu Islamikoa garaitu zutenetik. Egoera orain «ziur samarra» dela azaldu du Ibrahim Haj Khalilek, baina berreraikitze lanetarako behar handiak dituzte.
Gerrak hondatutako Kobaneko eraikin batzuk.
Argazkia: STRINGER / EFE

2017-09-13 / Orsola Casagrande

Kobaneko bataila 2014ko irailaren 15etik 2015eko urtarrilaren 27ra gertatu zen. Siriako Kurdistango hiri hori, hain zuzen, herri kurduak EI Estatu Islamikoaren kontra duen borrokaren ikur bihurtu zen. Kobane hiriak 400.000 biztanle zituen, eta gerraren noranzkoa aldatu zuen. «Kobane, orain, ziur samarra da, Siriako gainerako eskualde batzuekin alderatuz gero; izan ere, aspaldian ez da izan erasorik probintzian», esan du Ibrahim Haj Khalilek (Kobane, 1982); eta erantsi %40 ari direla berreraikitzen. «Orain eta hemen, lehentasunen hurrenkeran, honako hauek behar dira: argindarra, ura, hondakin urak biltzeko hodi sistema, errepideak, eraikuntzarako materiala, makineria, ezagutza teknikoa, eta laguntza material eta ekonomikoa».

Kobanetik eta haren aldameneko herrixketatik 300.000 pertsonak baino gehiagok alde egin zuten —biztanleen %90ek—, autodefentsako indarrek hala eskaturik, eta Turkiako lurraldean aterpetuta daude. Pixkanaka ari dira itzultzen. Ikuspegia, ordea, tristea da. Hiriaren %80ari erasan zioten borrokek. Bakarrik 630 eraikin ez ziren hondatu, 4.284 erabat suntsitu ziren, eta beste 5.864k kalteak jasan zituzten.

Rohin Mohammed Alik (Kobane, 1992) eta Khalilek erdibana dihardute Kobane udalerriko alkatetzan; izan ere, Rojava eskualdean ezarria duten autogobernu sistema demokratikoaren arabera, bi pertsona aukeratu behar dituzte zuzendaritzarako: gizon bat eta emakume bat. Borrokaldiko egun luze eta zalantzazkoek iraun zuten bitartean, hirian geratu ziren biak.

Herritar lekualdatuen %70 baino gehiago hirira itzuli dira, eta hura berreraikitzen hasi. Diotenez, orain arte egin ahal izan dutenetik asko, hain zuzen, herritarren parte hartzeari esker egin ahal izan da, beren egin baitute autogobernu sistema, eta hiriaren eta hiriko erakundeen zerbitzura jarri baitira. «Herritarrek komunitateko bileretan jorratzen dituzte arazoak eta horien konponbideak. Bilera horietan hartzen dituzte erabakiak», azaldu du Khalilek.

Hezkuntza eta osasuna

Asanblea sistema hori da Siriako Kurdistan osoan lantzen ari diren esperientziaren ezaugarri berezietako bat, eta beste bat da, ezbairik gabe, emakumeek protagonista rol nabarmena dutela. «Emakumeak dira gure gizarteko biztanleen erdiak, eta hein horretan dira ordezkari autogobernu demokratikoaren erakundeetan», Alik dioenez.

Batailaren aurretik, 46 eraikin erabiltzen zituzten zerbitzu publikoetarako, eta horietatik 16 erabat suntsitu ziren. Beste 30ak behin-behinean leheneratu dituzte, edo konpontzeko bidean daude. Hezkuntza eraikinek izan dituzte kalterik handienak: higiezinek, esaterako, %20-70 bitarteko kalteak. Ekialdeko herritarren osasuna artatzeko eraikinik gehienak ere suntsitu egin dituzte, edo larriki hondatu.

Kezkarik handiena sortzen dute osasun eta hezkuntza alorrek. «Hezkuntza instalazioak izan zituzten itu nagusi Estatu Islamikoko erasotzaileek, eta horiek leheneratzeko ahalegin bizia egin da, behin-behinean bada ere. Autogobernua gogotik ari da lanean, nor bere ama hizkuntzan hezi ahal izateko», nabarmendu du Khalilek.

Instalazio horietan irakasten dituzten edukiek hizkuntza aniztasuna eta komunitateen kultura joritasuna dituzte helduleku. «Gure eskoletan, curriculum berria darabilgu. Autogobernuak idatzi zuen, eta hiru oinarri ditu: kultura, hizkuntzak eta zientzia. Ikasleak hasiak dira erregularki joaten eskolara», dio Alik. «Baina oraindik ere gauza asko falta dira. Hain zuzen ere, haurtzaindegiak eta eskola berriak behar ditugu, ikasle gehiegi pilatzen baitira ikasgeletan. Eta, besteak beste, testuliburuak, eta instrumentu eta ekipamendu zientifiko modernoak behar ditugu; gauzarik oinarrizkoenak, hala nola inprimagailuak, ordenagailuak. Eta unibertsitate hezkuntza ere osatu beharrean gara».

Osasun alorrean ere premia asko sortu dizkie gerrak herritarrei. «Probintzian ez dago ia ezer», esan du Khalilek. «Ez dago medikamenturik eta ekipamendurik, ez dago ez medikurik, ez mediku laguntzailerik; baina, batik bat, ospitaleak falta dira. Jardunean diharduten zentro gehienak anbulatorioak dira».

Tokiko ekonomia, eskualde osokoa, suspertzea dute helburu nagusi gaur egun, eta, hori lortzeko, ekonomia komunitarioaren kultura bat sustatu eta irakatsi nahi dute, kooperatiba eredu iraunkor bat antolatuz. Hiriaren inguruko labore lur emankorrak ez dira jorratu duela hiru urte, eta, horiek egoki ustiatzeko, ureztatze sistema bat ezarri beharra dago —Eufrates ibaitik erakarrita, hiritik 17 kilometrora—, EIkoek hondatu edo lapurturiko makineria konpondu, eta agronomian espezializaturiko langileak prestatu. Danimarkako erakunde batek egin berri duen ikerlan baten arabera, lursail horiek egokiak dira kotoia, olibak, granadak, pistatxoak eta erremolatxa landatzeko.

Argindarrarekin arazoak

Batailaren ostean, Kobane eta haren ingurumariak bihurtu dira gerrako beste eremu batzuetatik ihesi datozenentzako babesleku. Errefuxiatuak landa eremuetan bizitzen ari dira, eta, erakundeek eginahalak eginagatik, benetan latzak dira bizi baldintzak. «Ahalegindu gara errefuxiatuei toki eroso bat eskaintzen, eta haien premiarik oinarrizkoenak betetzen. Baina ez dugu baliabide nahikorik, eta kokaleku guztietara ezin iritsita gabiltza», dio Alik.

Argindarra 2012az geroztik dute moztua Rojava eskualde autonomo osoan, orduan hartu baitzuten Al-Nusra Fronteko islamistek Tixrin presa estrategikoa —horrek hornitzen du argindarrez Siria iparralde osoa—, eta gero EIk kendu zien. Rojavako defentsa miliziek presa hori hartu bazuten ere, ia eskualde osoan erabili behar dituzte nahitaez erregaien sorgailu astun, garesti eta kutsagarriak, eta argindar hornidura oraindik ere ez da nahikoa.

Nazioarteko laguntzaz, berriz, atsekabez mintzo dira bi arduradunak: «Kobanek Estatu Islamikoaren kontra izandako erresistentzia heroikoaren aldian, eta haren ostean ere, herri kurduaren mundu osoko lagunek babes moral eta mediatiko handia eman ziguten; esan behar dugu, ordea, nazioarteak ez duela bete hitza, gure hiria berreraikitz dute, edota oso urri iristen zaie.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak