Albistea entzun

Otzaurteko bira

Aizkorri-Aratz parke naturalaren handitasuna miresteko ibilbide lasai bat da hau. Haren sarrera nagusietako batetik abiatuko gara.
Urdalur urtegiaren ikuspegia. Geldialdi txiki bat egin eta argazki batzuk egiteko toki aproposa da.
Urdalur urtegiaren ikuspegia. Geldialdi txiki bat egin eta argazki batzuk egiteko toki aproposa da. IVAN RUIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Ruiz -

2023ko urtarrilak 24

Gipuzkoa eta Araba arteko mugaren inguruak biltzen ditu Aizkorri-Aratz parke naturalak. Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik altuenak daude bertan, baita gure lurraldeko toki ezagunenetako asko ere: San Adrian, Urbia, Aratz eta Aizkorri mendiak... Parke horren sarrera garrantzitsuenetako bat Otzaurte dela esan genezake, asteburuero ehunka mendizale biltzen dituen tokia, eta gure ibilbidearen abiapuntua. Parkean, Altzaniako mendiak daude, eta horiek inguratuko ditu ibilbide honetan, pagadi ederrak zeharkatuz pista lasaietan pedalka eginez.

Aisialekuaren aurrean aurkituko dugu aparkatzeko tokia (675 metro), Otzaurteko Andre Mariaren baselizaren ondoan. Handik, hego-mendebalderantz gora egiten duen pistatik jarraituko dugu. Aldapa ez da makala, baina pagadiaren edertasunak sufrimendu guztiak ahatzaraziko dizkigu Beundarako bidean. Lepora iritsitakoan (832 metro), harritzar batek emango digu ongi etorria, Altzaniako mendirik altuenen panoramika eder batekin batera.

Ezkerrera biratuz, aterpea alde batera lagako dugu, eta, bide zabalean aurrera eginez, Unamendi inguratuko dugu, Ultzamako lepora iristeko. Hemen, Txurruko Punta gailur biluzi eta polita miretsi ahal izango dugu aurrean, Urdalur urtegiaren zaindaria. Baina gure ibilbideak, mendi horretara igo beharrean, inguratu egiten du, erlojuen orratzen norantzan.

Laster, Garagartzako haitz deigarriak agertuko dira gure aurrean; Zabalaitz eta Naparaitz haien artean, mendian lasai ordu luzeak emateko toki aproposa. Urdalur gure gurpilen azpian 200 metro beherago dugula, mendiari bira ematen jarraituko dugu, Ultzamako lepora bueltatzeko. Behin Beundan gaudela, pistatik zuzen jarraitu, eta Añabaso mendiaren hego hegalean zehar bizkor egingo dugu aurrera, Aranarri erreka bidelagun dugula. San Adriango ermita famatuaren inguruan jaiotzen da, eta haren urek Urdalurko urtegia beteko dute geroago.

Momentu oro pista nagusiari jarraituz, bideak ez du galbiderik. Hala, aldapa gogortuz joango da San Adriandik hurbilen dagoen bihurgune itxira iristerakoan. Ia 180 gradu biratuko ditu hemen bideak, hego-ekialderako norantza hartuta, pago berde altuen artean metroak irabazten joango garen bitartean. Orain, Altzaniako gailur garrantzitsuenak alde batera uzten joango gara pixkanaka; lehenengo, Elur zuloak; gero, Aratz, Imeleku, Allaitz, Allaitz Txiki; eta, azkenik, Umandia. Mendi horretatik iparralderantz luzatzen den kordan gaudela (952 metro), ezkerrean Iramendira doan bidea alderatu, eta bide nagusitik jarraituko dugu, eskuinera biratzen dena eguneko jaitsiera luzeena hasten den momentuan.

Pistak sakanean behera egiten du, Urdalur urtegiaren buztanera iritsi arte. Han, beste pistara batuko gara, eta presarako bidea hartuko dugu. Leku berezi horretan argazkiren bat egin eta gero, pistan behera egin, eta, Altzania ibaia alde batean dugula, aurrera egingo dugu. Pista ipar-mendebaldera biratzen joango da, NA-1001 errepidearekin bat egiteko.

Azkeneko kilometroak asfaltoan lasai pedalka emango ditugu, irribarre luze bat belarritik belarrira. Hurbil dago Otzaurte, eta hurbil gure helmuga, baina lan garrantzitsuena egina dugu jada: bideaz gozatzea, alegia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Williams baloiarekin, denboraldi honetan San Mamesen Atletico Madrilen aurka jokatutako partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hutsune handia utzi du Williamsek

Haritz Gallastegi

Iñaki Williamsek marka ezarri du ligan: 251 partida jokatu ditu. Zelaian ari denean kritikatu egiten dute; ez dagoenean, aldiz, sumatu egiten da haren falta.

Eibarrek eta Alavesek lehen itzulian Ipuruan jokatutako derbiaren jokaldi bat. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Biak gora begira daude

Iñigo Lasa Fresneda

Alavesek eta Eibarrek sasoi onean jokatuko dute derbia larunbatean, Mendizorrotzan; bi taldeak goiko postuetan daude. Txema Añibarrok argi du: «Intentsitate eta parekotasun handiko partida izango da».

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko»

Beñat Mujika Telleria

Maria Españak urte asko daramatza Espainiako ligarik onenetan aritzen, eta kirol heldutasun betean dago. Bikain ari da denboraldi honetan. Kantxan erakusten duen lidergo bera erakusten du handik kanpo ere.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.