Albistea entzun

Ibilbidea

Artikutzako baso babestuan barna

Burdinolen eta plano inklinatuen aztarnei jarraituz, ibilbide ederra egin daiteke bizikletaz, Artikutza inguruak ezagutzeko.
Txirrindulari bat Artikutza inguruko ibilbidean.
Txirrindulari bat Artikutza inguruko ibilbidean. IVAN RUIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Ruiz -

2021eko azaroak 30

Nafarroako lurretan egon arren, 1919. urteaz geroztik Donostiako Udalaren esku dago Artikutza. Enobietako urtegia eraikitzeko asmoarekin erosi zuten lursaila, duela gutxi hustua izan dena, eta hesitu egin zuten inguru guztia, babesteko. Horri esker, basoa ezin hobeto mantendu da urteetan, eta«naturaren uharte» bihurtu da, bai ibiltarientzat, bai bizikletazaleentzat.

Ibilbidea Munerreko aparkalekuan hasten da, Oielekutik hurbil. Pedalka egingo dugu Bianditz gainerako noranzkoan, handik GR-121ari jarraituz Arritxulangaña mairu baratzeraino. Bianditz mendira igo (844 m), eta, Gaztik bordaren parean, Artikutzako lursailean sartuko gara, hesia zeharkatuta.

Pagolletako bidean jarraitu behar da ondoren (PR-NA 125), Pagolletako Zelaia mairu baratzera iritsi arte. Eskumara maldan behera, xendra eder batek sigi-saga zeharkatzen du izen bereko pagadia. Urtegia inguratzen zuen pistara heltzerakoan, ezkerrera jo, eta Izurako igoera hartuko dugu; laster, eskumara eginez, ur andel batera iritsiko gara. Han, ubide txiki baten ondotik aurrera doan bidezidorrari jarraituko diogu, Urdallueko burdinolaren aztarnetara iritsi arte (427 m).

Egurrezko zubi zaharra zeharkatuta, Otaran mendirako noranzkoan egingo dugu gora berriz, sinistu ezineko baso ederrak inguratzen gaituela. Lepora iritsita (528 m), Elama ibaiak sortutako sakanera jaisten den bidean jarraituko dugu. Ondoren, Beltzuntzarako noranzkoan ibaian gora eginez, gure eskuman Goizarin burdinolaren (XV. mendea) aztarnak lagako ditugu, zubiaren kontrako isurialdean.

San Agustin baseliza

Bidean gora eginez, Arriurdinetako lepora iritsiko gara (564 m), non SL-NA 310 bidetik jarraituko dugun, pagadian sartuta beste behin. Orain joango garen mendi bizkarrean Arriurdinetako nekropolia dago. Uzkueko gaina, Meatxarreta eta Altueta mendiak eki isurialdetik inguratu ondoren, xendrak behera egiten du nabarmen, Añarbe ibaira iritsi arte. Zubia zeharkatuta, ezkerrera biratuz, Artikutzara iritsiko gara, ezbairik gabe aho zabalik utziko gaituen historiaz betetako toki batera. Toki horretaz mintzo diren lehenengo idatziak XIII. mendekoak dira, izan ere. San Agustinen baseliza topatuko dugu kalearen amaieran; hango erromeria abuztuaren 28an ospatzen da.

Bidean atzera eginez, isurialdez aldatu baino lehen, eskuinera joko dugu, ubideari jarraituz. Urtegia eraikitzen lan egin zuten langileak bizi izan ziren barrakoien parean gaudenean, eskuinean dugun bidexkatik jarraituko dugu, mendian gora sigi-saga. Artikutzara daraman errepidea zeharkatuko dugu xendran jarraitu ahal izateko, eta, ondoren, PR-NA 124 bidearekin bat egin. Hurrengo bidegurutzean, Planoburu plano inklinatua bisitatzeko aukera izango dugu, non gurdiak urez betetzen zituzten kontrapisu moduan erabiltzeko, haiekin zama igo ahal izateko. Ingeniaritza lan aparta, zalantzarik gabe.

Bidegurutzera bueltatuz, frantsesen tren edo karramarro esaten zitzaionaren bidetik jarraitu beharko da, Erroiarriko behatoki ondotik igarota. Exkax inguruan errepidea beste behin zeharkatuta, PR-GI 1007 bideak Biandizko tunelera eramango gaitu, hori ere zeharkatu beharrekoa, Gogorregiko plano inklinatura iristeko. Handik, metro batzuk larrean gora oinez egitea besterik ez zaigu faltako errepidera iritsi eta ibilbidearen abiapuntura itzultzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erori, zutitu, eta jauzi egin

Beñat Mujika Telleria

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.

<b>Realeko jokalariak igandean sartutako goletako bat ospatzen.</b> ©LA LIGA

Balio handiko partida

Ainara Arratibel Gascon

Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...