Valderejo malkartsua

Ibilbidea Lalastra (Valderejo, Araba) herrian hasiko dugu, herrigunean sartu baino lehen dagoen aparkalekuan. Iturriko plazatik igaro, eta natur parkeko harrera etxearen parean helduko gatzaizkio Puron ibaiko haitzartera doan bideari. Hortaz, Lahoz eta Villamardones herrixketara doan bide zabala laga, eta ezkerraldetik doan zidorrari men egingo diogu. Besteak beste, GR-282 Artzaintza Zidor ezagunari dagozkion kolore zuri-gorriak bidelagun izango ditugu lehen kilometroetan, Ribera herri hustura iritsi arte.
Barrera igaro eta Portillako atakara doan zidorra bazter utzita, zehar-zehar jarraituko dugu hegala korritzen. Astigarrak, erkametzak, urkiak, hurritzak eta gorostiak aldamenean daramatzagula, behatoki moduko gune batera helduko gara berehala. Valderejoko egitura geologiko bereziaz ohartzeko aukera bikaina izango dugu handik. Izan ere, erraz egingo zaigu antzematea Valderejo haran zabala bezain ederra dela. Akaso, harrituko gaituen fenomenoa tapiz berdearen gainean latxarazitako kareharrizko hormatzarraren presentzia bera izango bide da. Alde bietan antzemango ditugu gandor malkartsuak. Atentzioz begiratuta, ordea, forma geometriko perfektua irudituko zaigu, simetria apetatsu baten antzo landua. Geologoek diotenez, Valderejo harana itsaso zabal batek hartu zuen orain dela 200 milioi urte. Begirada, beraz, oso atzera bota beharra dago prozesu geologikoa ulertzeko. Lurraren indarrek ganga moldeko goragune bat sortu zuten orduan, itsas plataformaren baitan. Bestela esanda, antiklinal eder bat da Valderejokoa. Onenetakoa, adituen ustetan. Eta, nola ez, magiaz beteriko mendigunea.
Riberako ondasuna
Muinoa zeharkatzen jarraituko dugu. Gure pausoak pinudiak eta artadiak osatzen duten basorantz bideratuko ditugu. Bidebanatzean, ezkerreko bideari muzin egin eta, behera hainbat metro egin ostean, eskuinetik abiatzen den zidorra hartuko dugu. Hari segika, goratasuna galtzen hasiko gara. Maldan behera eta paisaia sorginduak erabat bilduta. Ler gorrien artetik ibilita ere, pago kromatikoak basoan barrena sakabanatuta ikusiko ditugu. Opari galanta, zinez, larrazkenaz gozatzeko.
Polledo errekarekin bat egingo dugu basabidearekin bat egindakoan. Eskuinera joko dugu orduan, eta haren ondoan jarraituko. Laster, ordea, gugandik ihes egingo balu bezala, alde batera utziko dugu. Harrizko galtzadari begia kendu gabe jarraituta, Ribera herri hustura iritsiko gara. Puron ibaia zeharkatuko dugu han, zubitik. San Esteban elizako (XIII) altxorrak ezagutzeko aukera ezin hobea izango dugu ondoko bidebanatzera iritsita. Besteak beste, 80ko hamarkadan azaleratutako horma pinturen sorta.
Puron, ibai dantzaria
Bisita egin ostean, behera egin eta Riberako atsedenlekura iritsiko gara. Hegoalderantz abiatuko gara gero, betiere larre zabalaren erditik doan zidorrari jaramon eginez. Santa Ana mendi piramidalak Puron ibaiko haizpitartera iristen lagunduko digu. Bidexka bihurgunetsuaren eskutik goxo-goxo ibiliko gara ibaiaren paraleloan. Han, ia-ia ezkutuan, Puron ibaiak sorraraziko lehen ur-jauzia ikusiko dugu. Ez da bakarra izango, haitzarteko paraje karstikoan hainbat turrusta irtengo baitira barrunbeetatik.
Zubira iritsita, paraje ezagunaren aurrean izango gara. Arabari dagokion zatirik ederrenean gaude. Derrigorrezko argazkiak egiteko eta paisaiaz soseguz gozatzeko unea da. Haitzartea atzean utzita, arte eta pinuen artean jarraituko dugu, Obarenes-San Zadornik (Burgos) natur parkeari lotu arte. Makal batzuk hazten diren lekutik hurbil, San Felices eta San Roque ermitak ikusteko gonbita egingo digu bide seinaleak. Aztarnategitik jaitsi eta bide behinenari segika, Herran herrira helduko gara.
Lalastrara bueltatzeko aukera batzuk direlarik ere (San Lorenzotik, Santa Anatik...) ibilbide beretik itzultzea aholkatzen zaie bertaratzen direnei.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.