Arte ekintzailearen materia

Itziar Okariz artistak 'I Never Said Umbrella' erakusketa ireki du Donostiako Tabakaleran. Bi ekoizpen berrirekin eta aurreko lanak ere hartuta, hamabost performance eta ekintzaren instalazioak bildu ditu

Okariz, Herraez eta bisitariak Las estatuas instalazioaren aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Performanceak eta ekintzak ardazten dute Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistaren lana. Gorputzarekin eta ahotsarekin egiten du lan. Testutik, iruditik eta ahotsetik abiatuta, espazioaren ekoizpenaz, gorputza irudikatzeko politikez, hirigintzaz.... egiten du gogoeta. «Denboran egiten dut lan, eta gauzak etengabe doaz esanahia berrituz. Performance bakoitza modu ezberdinean existitu behar da. Aldiro zerbait berria gertatu behar da, esanahia moldatu», dio. Hala, aurrez egindako lanak eta bi berri bildu ditu I Never Said Umbrella erakusketan; hamabost, denera. Kunsthaus Basseland (Basilea, Suitza) eta CA2M (Madril) zentroetan izan ostean, zikloaren azken atala da Donostiakoa, eta ekainaren 3ra bitarte egongo da, Tabakaleran.

1990eko hamarkadan egindako lanetatik gaur egunera arte Okarizek garatu duen «diskurtsoa» ulertzen laguntzen du erakusketak, Beatriz Herraez komisarioaren ustez. «Garrantzitsua da erakusketa ikustean kontuan izatea bide hori marrazten dela; pieza berriak ere harremanetan daude aurreko lanekin».

Erakusketaren abiapuntuan komisarioarentzat Okarizen lanik «ikonikoena» dena jarri dute: Red Light, 1995ekoa. Bideo dokumental bat da, eta pertsona baten alkandora loredun baten mugimendua baino ez da ikusten pantailan, baina bide urratzailea izan zela ekarri du gogora Herraezek: «Artista batek kamera aurrean ekintzaren ideia eta performatibitatea lantzen zuen lehen aldietakoa izan zen».

Estatuekin elkarrizketan

Erakusketaren erdigunean dago bi lan berrietako bat: Las estatuas. New Yorkeko Metropolitan Museum eta Guggenheim museoaren parean Okarizek eskulturekin izandako elkarrizketen bideo instalazioa da, eta artistak behin baino gehiagotan landu duen espazio publikoaren esku hartzeari erreparatzen dio. Okariz: «Emakume bat eskultura baten aurrean jartzen bada hari hitz eginez museo batean, dena ordenan egoteko betetzen diren arau batzuk aldatzen ari dira. Arau horiek nahasten edo aldatzen badituzu, indarkeria baliatzen ari zara nolabait. Eta hori ez da bigarren mailako kontua, landu beharreko zerbait baizik».

Pieza zaharragoen artean, Aplauso (2004 eta 2015) lanetan, bi performanceren soinu grabazioa binilora eraman dute. «Orduan erabili nuen lehenengo aldiz performance hitza, lehenengo aldiz nuelako publiko konbokatua. Horrek zehazten du aldea [ekintzarekiko], publikoaren materialtasunarekin lan egiteak».

Egindako performanceen berri emango zuen dokumentaziorik ia ez zuela konturatu zen Okariz, soinuaren materialtasunarena, tartean, eta hori jasotzen duten instalazioak jarri ditu erakusketan, bozgorailuen bidez.

Oro har, interpretazioen azalpenak neurtuta eman ditu artistak: «Kontu ideologikoa da: piezen interpretazioa sobera zuzentzearen kontra nago. Arte garaikidearen sisteman horretarako oso ohitura txarra dagoela uste dut, eta jendeak aski gaitasun duela komunikazio prozesu hori ulertzeko». Erakusgai jarritako lan ugarik, hain justu, horretaz dihardutela dio, Las estatuas berak, esaterako. «Elkarrizketa bat da objektu bizigabe batekin, zeinetan alde batera utzi dudan soinua, alde batekoa zein bestekoa. Gertatzen ari denaren hondar apur batzuk baino ez daude».

Ujjayi da erakusketan jarritako bigarren lan berria. Udan Tabakaleran emandako lantegi batean du jatorria instalazioak. «Ujjayi-ekin hastean konturatu nintzen arnasketan dagoela subjektibotasunaren adierazpen minimoa. Yoga klaseak ematen ditut, eta denak arnasten entzuteak itsasoa dirudi. Hor, arnasketak irudi figuratiboa sortzen du. Abstrakzioaren materialtasunaren eta zuk hemendik ulertzen duzun figuraren artean, arrakala horretan esanahiaren eremu bat dago».

Lan guztiak aurrez egindako lanei kateatuta daude, Okarizen iritziz. Hala, bere ibilbidean sonarik handiena lortu duten lanen instalazioak ere ikusgai jarri dituzte; Espazio publiko eta pribatuetan txiza egitea seriea (2000-2004) eta Irrintzi instalazioaren bertsio berri bat (2007), besteak beste.

Era berean, leku handia hartzen dute aurrez egindako performanceen tranksripzioek eta testuek; Si yo soy yo y tú eres tú (2010), Uno, uno, dos, uno (2010) eta Capítulo 2, V. W. (2012) lanak. Testu bat hartu, bere egin, birformulatu, kendu, jarri, erritmoak markatu, partitura bihurtu eta beste leku berri batera eramaten ditu artistak. Eskultorea dela dio, hargatik, Herraezek: «Okarizen lanaz hitz egiten dugunean, eskulturaz hitz egiten dugu. Baina materiala soinua, hizkera, idazketa... da». 2016tik bere ametsen eguneroko bat transkribatzen dihardu, eta hori ere jarri du ikusgai egunez eguneko ilara batean.

Bere lanen interpretazio okerrek ez dutela arduratzen dio arte ekintzaileak. Hori jaso du, hein batean, erakusketaren izenburuan; David Bowieren New Killer Star kantuaren errepikaren interpretazio oker bat da I Never Said Umbrella, Okarizek urteetan oker hala abestu izan duena. «Etengabe gertatzen da, eta interpretazioaren aukeren isla da, izan onerako zein txarrerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.