Ribabellosako ingurubira

Ribabellosako (Erriberabeitia, Araba) elizaren aurreko plazan jarriko gara abian. Tenpluaren atzetik doan kalea hartu, eta, hilerri parean gaudela, Donejakue bidearekin bat egingo dugu berehala. Eskuinera egin, eta, nekazari bide zabalak lagunduta, hiribildutik irtengo gara. Altarribas muinoa eskuinean ikusiko dugu, gainalde osoa pinudi trinko batek hartuta duelarik. Anartean, galsoroak lagun, sosegu handiz ibiliko gara ordokian barrena. Autobidearen azpiko tuneletik irten bezain laster, eskuinera egin eta ehunka metro aurrerago ezkerrera joko dugu; bigarren bidebanatzean, hain justu ere. Hala, Donejakue bideko gezi horiei men eginez, goratasuna hartzen hasiko gara astiro-astiro. Llano deritzan bideak lagunduko digu Armiñon eta Ribabellosa lotzen dituen aspaldiko harbidearekin bat egiten.
Horiek horrela, Somo izeneko lepora iritsita, herriko ur biltegia ikusiko dugu bide ondoan, baita galtzada zaharrari buruzko jakingarriak ere. Lepotik behera egingo dugu segidan. Sei elizak deritzan naturbidea Armiñongo ur-biltegian batuko zaigu aurrerago. Bide seinale horiek izango dira, hain zuzen, Erriberabeitiko ingurubira egiten lagunduko dutenak. Trenaren azpiko tunela aurrez aurre dugula eta Armiñon herrian sartu gabe, ezkerrera hartu eta burdinbidearen paraleloan jarraituko dugu. Hala, igoera xumearen ostean, bazter egingo dugu GR 1 zidor historikoa. Horren ordez, aurrerapausoak ematen jarraituko dugu Zadorra ibai emaritsuari begirik kendu gabe. Manzanos herriko Geltokiko auzoa bistan dugula, sestra kurbari men egingo diogu. Hala, sigi-saga, magala zeharkatuz joango gara, astiro-astiro. Vallemonteko ibarrarekin bat egindakoan, bihurgune zabala egingo du bideak eskuin aldera, eta Manzanos herriraino lagunduko digu.
Quintanilla eta Melledes
Eliza aurreko plazan, Donibane kalea hartu eta Melledes eta Quintanilla Erriberabeiti aldera doan errepidean gora abiatuko gara. Asfaltoak ezkerrera jo baino pitin bat lehenago, eskuinetik doan nekazari bideari ekingo diogu. Hasieran, errepidearen paraleloan ibiliko gara. Osilla iturri inguruan, hots, bideak eskuinera egin eta metro gutxira, erne ibiliko gara mendian gora egiten duen bidexka bati ondo heldu gakizkion. Txilarra, ezkaia, ipurua, erkametzak eta ler gorriak gogaide, sigi-saga arituko gara magaletik barrena. Lasa-lasai ibiliko gara, goratasuna hartu ahala bidea pitin bat zabaldu egingo da eta. Leporaino jarraituko gaitu. Toloño, Umion eta Arcenako mendiguneak, besteak beste, izango dira talaia horretatik bistaratuko ditugun mendigune nagusiak.
Ondoren, ezkerrera egin eta Sobresanjuan muinoa inguratzen hasiko gara. Hego-mendebaldera eginez, beraz, goratasuna galduz joango gara apurka-apurka. Basoak sorrarazten duen galeriaz bapo gozatuta, Melledes herrira helduko gara. Gero, asfaltoan behera jarraituta, Quintanilla herrian izango gara. Pikota ondoan hartuko dugu elizara doan kale nagusia. Tenpluaren eskuinetik igaroko gara artadiak bete-betean hartu gaitzan. Aurrerago, baina, bideak eskuinera egingo du. Herriaren gaineko talaia eder batean kokatuko gara ziztu batean. GR 1 zidorrak eta Donejakue Bideak lagunduta, Sobrevilla deritzan parajetik jarraituko dugu. La Sernako errepidera irten aurretik, ezkerrera egingo dugu bidebanatze batean. Horiek horrela, 50 metro inguru egin ondoren, basabide hura lagako dugu, eta eskuinetik irteten den GR 1 zidorrari men egingo diogu. Xenda ederra bezain liluragarria da, hots, Quintanilla eta Igai herriak behiala lotzen zituen harbide maiztua.
Galsoroak eta basoa tartekatzen ikusiko dugu bizkor. Uste baino arinago, Igai herrira doan errepidera irtengo gara. Metro batzuk behera eginda, herrigunean sartuko gara. Elizaren aurreko parketik igaro bazin agudo, ezkerrera hartuko dugu Baia ibaira jaisten den zidorrari oratze aldera. Herritik 400 metrora, Igaiko zubira iritsiko gara. Ibaia gurutzatu gabe, ezkerrera okertu eta ur emariaren ondoan jarraituko dugu, errepide estutik. Igaiko errepidera irten eta berehala, asfaltoa atzean utziko dugu. Hortaz, eskuinetik ikusiko dugun tunel azpitik igaroko gara. Tuneletik irtenda, eskuinera egin, eta, ehunka metro egin ostean, burdinbidea zeharkatzeko aprobetxatuko dugu. Segidan, ezkerrera egin, eta trenbidearen paraleloan jarraituko dugu. Desbideratzerik hartu gabe, Ribabellosara iritsiko gara berriz ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.