Albistea entzun

Azkua, talaia paregabea

Azkuako tontorrak ikuspegi ederra eskaintzen du Bortziriak, Bidasoa, Bertiz, eta Malerrekako mendiak, basoak eta herriak behatzeko.
Mendizale bat Azkua mendiaren tontorrean, inguruei begira.
Mendizale bat Azkua mendiaren tontorrean, inguruei begira. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2023ko martxoak 14

Bortzirietako Etxalar herria, Nafarroan, oso ezaguna da arrazoi askorengatik, baina, batik bat, udazkeneko hilabeteetan egiten den sare bidezko ehiza tradizionalagatik. Azkuako tontorra, Aizkolegiko mendigunea osatzen duten mendietako bat, talaia paregabea da Bortziriak, Bidasoa, Bertiz eta Malerrekako lurretan goititzen diren mendiak eta horien magalak estaltzen dituzten baso eder eta trinkoak behatzeko. Ibilbide klasiko hau zirkularra da. Gure esku geratzen da igotzeko eta jaisteko aukera.

Tximista erreka zubitik igaro eta berehala, eskuinaldean dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Aparkalekutik abiatu eta herrian sartu bezain laster, eskuineko karrikatik hilerri aldera joango gara. Hori atzean utzita, lehen bidegurutzera helduko gara, eta, bertan, Azkuako seinalea ikusiko dugu. PR-NA12aren bide seinale zuri eta horiek ere lagunduko digute ia ibilbide osoan. Asfaltozko bidean zehar Larrapil-Sarriku auzoa zeharkatu eta Iturraldeko bordara iristean, iturri ederraren ondotik pasa, eta aurrerago karobi bat ikusiko dugu. Lurrezko pista zabaletik igotzen hasiko gara, eta harizti zahar batean kokatuta dagoen Marimigeleneko bizkarrera igoko gara. Izen bereko borda ezkerrean utzi, eta aurrera jarraituko dugu bidegurutze batekin topo egin arte. Etxalarrera doan bide zabala utzi, eta eskuinetik marrazten den xendan barrena abiatuko gara. Puntu honetan, bi norabideak ikusiko ditugu egurrezko hesola batean idatzita.

Bidezidorretik segi, eta Mendixorrotx muinoa edo tontor txikia inguratuko dugu, altuera erraz irabaziz. Mendiaren bizkarretik igotzen jarraituko dugu, bide seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidea gure ezkerrera utziz. Malda biziari aurre egin, eta berehala iritsiko gara Kokori mendiaren tontorrera, eta aurrez aurre ikusiko dugu Azkuako tontorra. Punturik gorenera heldu baino lehen, Soralarreko lepora jaitsiko gara, eta bat egingo dugu PR-NA12aren bide balizatuarekin. Segidan, azken malda pikoari aurre egin, eta ekialdeko magaletik Azkuako tontorrera igoko gara. Aurrez adierazi bezala, behatoki aparta da, eta merezi du bertan dagoen erpin geodesikoaren ondotik 360 graduko panoramikaz gozatzeko denbora apur bat hartzea.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, mendiaren iparraldeko bizkarretik egingo dugu, amildegia gure eskuinera utzita. Bidearen zati honetan, PR-NA 12aren markekin batera, GR-11 eta GR-12aren bide seinale zuri-gorriak izango ditugu bidelagun. Mendi larreetan marrazten den xendan barrena, azkar jaitsiko gara pista zabal batekin topo egin arte, eta, bertatik, Artzameneko bizkarrera helduko gara. Puntu honetan, bi aukera izango ditugu: lehena, mendiaren bizkarretik malda bizian jaisten jarraitu (GR-11 eta 12), eta bigarrena, eskuinetik pistan barrena jarraitu (PR-NA 12); bigarrena luzeagoa da.

Herrira heldu aurretik, bi bideak berriro elkartuko dira. Asfaltozko bideak herrigunera eramango gaitu, eta etxe ederren artean aurrera egingo dugu elizaren ondora iristeko. Mendi eta belazeen artean dagoen Bortzirietako herri honek oso arkitektura interesgarri eta zaindua du. Ondare aberatsa du, eta horren adibide dira herrigunean bertan altxatzen den Jasokundeko eliza eta disko formako hilarrien multzoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute
 ©JON URBE / FOKU

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Ainara Arratibel Gascon

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eraoso aritu da, eta nahi baina ezin Garitanorena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...