Jorneten itzalean berriz ere

Bandres-Karoloren ondotik, Altitoy-Ternua da Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen hurrengo proba. Grande Course zirkuituaren barruan dago berriro, eta mundu mailako eskiatzaileek parte hartuko dute, Kilian Jornet tartean, 2016an bezala berriz irabazteko asmoz.

Iazko Altitoyko probetako baten irteera. 133 bikotek bukatu zuten lasterketa luzea, eta 117k motza. EDURNE MARTIN.
Unai Ugartemendia.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Datorren asteburuan jokatuko da, beste urtebetez, mendiko eskiko Altitoy-Ternua lasterketa, Luz Saint Sauverren (Okzitania). Aurten ere, orain bi urte bezala, mendiko eskian murgilduta dauden gehienen ahotan zegoen haren izena, eta albistea baieztatu dute: Kilian Jornetek parte hartuko du. Urrian ebakuntza bikoitza egin zioten sorbaldetan, urteetako lesioak sendatzeko. Uztailean beso bat atera zitzaion, eta, hala ere, irabazi egin zuen Hardrock ultra, Ameriketako Estatu Batuetan. Norvegian aritu da indarberritzen. Orain osatua da, eta buelta egin da mendiko eskiko elitera. Gainerako kirolariengandik ezberdina dela erakutsi du beste behin kataluniarrak.

Mendiko eskiko Europako txapelketa jokatu da asteburuan Italian. Jornet hirugarren izan da banakako proban, Robert Antonioli eta Michel Boscacci italiarren atzetik; lasterketa bertikalean, ordea, urrea lortu zuen Jornetek. Emakumeetan, Axelle Mollaret frantziarrak irabazi du, Laetitia Roux frantziarra izan da bigarren, eta Emiliei Forsberg hirugarren. Nahia Quincoces zazpigarren izan zen lasterketa bertikalean.

Orain bi urte bezala, La Grande Course kopan izango da aurten ere Altitoy. Lehen lasterketak eginak dira, eta Jornetek erakutsi du ez zaiola ahaztu irabazten. Aurten Jacob Hermann austriarra izango du bikotekide, eta bigarrengoz irabazteko gai dela erakutsi nahi du. 2016an, Matheo Jacquemod izan zuen bidelagun azken garaipenean.

Baina ez dute lan erraza izango faboritoek, lehian izango baitira, besteak beste, Marc Pinsach-Oriol Cardona, Matteo Eydallin-Damiano Lenzi, Filippo Becari-Lars Erik Skjervheim, Louvre Thevi-Yoann Sert, Joan Reyne-Jordi Alis eta Wilfrid Jummere-Frank Asserquet bikoteak. Horiez gain, kontuan hartu beharko dira Europa guztitik joango diren selekzioak.

Emakumeen artean, munduko mendiko eskiatzaile onenek parte hartuko dute. Lehia estua eta gogorra espero da. Izena emandakoen zerrendan daude Axelle Mollaret eta Jennifer Fiechter frantziarrak, Alba De Silvestro eta Katia Tomatis italiarrak eta Mireia Miro eta Marta Garcia kataluniarrak. Euskaldunen artean, aipatzekoa da Nahia Quincoces. Marta Riba lagun kataluniarrarekin osatuko du bikotea, eta ez du ezer baztertzen sailkapen orokorrean.

Euskaldunak, prest

Euskaldunen artean izenik esanguratsuena Nahia Quincocesena izango da aurten ere. Baina ez da bakarra izango. Gizonezkoetan, aintzat hartu beharko dira Iñigo Martinez de Albornoz eta Pablo Oderiz, Juanjo Goikoetxea eta Mikel Navarro, Iñigo Lariz eta Igor Alzelai, Javi Dominguez eta Arkaitz Irureta, eta Aritz Egea eta Iban Letamendi bikoteak. Emakumeetan, han izango dira Lide Leibar eta Igone Campos euskal selekzioko kideak. Bandres-Karolon erakutsi zuten moduan, zer esana eman nahiko dute Luz-Saint-Sauverren.

1. Zein ibilbidetan hartuko duzu parte?

2. Zein izango da zure bikotekidea?

3. Zenbatgarren aldia duzu Altitoyn?

4. Zein lasterketa egin dituzu aurretik?

5. Zer helbururekin zoaz Altitoyra?

6. Zerekin konformatuko zinateke?

7. Zenbat denbora daramazu Altitoy prestatzen?

8. Altitoy egin eta gero, ba al duzu asmorik beste probaren bat egiteko?

MARIA ILLA CAMPS (Sant Cugat del Valles, Herrialde Katalanak, 1996)

1. A ibilbidean.

2. Erola Bisquert lagunarekin.

3. Aurtengoa bigarrena izango dut.

4. Nire ibilbidean asko egin ditut, Espainiako txapelketak, Kataluniakoak eta Europako Txapelketaren bat ere bai. Altitoy eta Pierra Menta ere eginak ditut.

5. Lehen helburua gozatzea da beti. Aurten ere ez dugu helburu berezirik sailkapen orokorrari begira.

6. Lasterketan zehar dena ematearekin, eta, ibilbidean zehar gozatu dugula sentituz gero, nahikoa litzateke. Askotan garrantzi handiegia ematen diogu sailkapenari, gozatzea kontuan hartu gabe. Pena izaten da.

7. Udaz geroztik, denboraldi osoa daramat entrenatzen, lasterketa guztietarako. Ez naiz bereziki Altitoyrako entrenatzen ari.

8. Oraintxe bertan ez dut ezer pentsatua, aurten jada asko egin baititut. Gorputzak eskatzen badit, besteren bat egingo dut.

XABIER LACALLE MERINO (Ibarra, Gipuzkoa, 1982)

1. B ibilbidean.

2 . lazki Zalakain tolosarra.

3. Aurtengoa nire bigarren aldia izango da.

4. Aurten, Altitoy izango da lehena: ez dut besterik egin orain arte.

5. Lehen helburua amaitzea izango da; gero, mendiko eskian esperientzia handiagoa hartzea.

6. Eguraldi ona izatearekin eta minik ez hartzearekin konformatuko nintzateke.

7. Azaroan hasi nintzen prestatzen. Mendiko lasterketak prestatzeko ondo etortzen zait.

8. Ez dut besterik egiteko asmorik. Altitoy amaitzean, mendiko lasterketetan murgilduko naiz.

LIDE LEIBAR ERASO (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993)

1. A ibilbidean.

2 . gone Campos.

3. Senior mailan, hirugarrena.

4. Causiat Extrem eta Bandres-Karolo memoriala.

5. Lasterketa amaitzeko helburuarekin noa, ibilbide oso luzeak jarri baitituzte.

6. Eguraldi onarekin, ibilbide polit batekin eta bikotekidearekin lasterketan daukagun guztia ematearekin konformatuko nintzateke.

7. Aurten, anemia baten ondorioz, neguaren hasieran geldirik egon behar izan dut; beraz, hilabete eta erdi bakarrik daramat hau prestatzen.

8. Bai, hurrengo asteburuan Andres Regil egiteko asmoa daukat. Hori ere Igonerekin.

LLUIS PLANAGUMA GRIFOL (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1969)

1. A ibilbidean.

2. Xavier Espinal.

3. Seigarren aldiz izango naiz bertan. Aurreko denak ere A ibilbidean egin ditut.

4. Aurten bakarra egin dut, Arinsaleko bertikala. Ez dira nire gustukoak, baina aurreko eguneko Font Blanca lasterketa bertan behera utzi zutenez...

5. Ikusteko dago... Asteburuan Andorran egin dugun lasterketatik nola indarberritzen garen ikusi behar dugu. Hala ere, ilusio handiarekin ekingo diogu, eta ahalik eta lasterketa onena egin nahiko nuke bikotekide berriarekin.

6. Egin aurretik balorazio bat gitea oso zaila da, asko aldatzen baita gauza lasterketa Grand Courseren barruan dagoenean. Garrantzitsuena ahal den guztia ematea da, eta emaitzak ikusiko ditugu. Gure mailan lehen hamabosten artean sartzea oso emaitza ona izango litzateke.

7. Hiru hilabete daramatzat. Neguan, elur denboraldia hasi genuenean, hori zen helburua; binakako lasterketetara ahalik eta sasoikoen iristea izaten da.

8. Altitoyren ostean, Tour de Rotur [Alpeak, Italia] eta CEC rallya [Herrialde Katalanak] egingo ditugu.

ION UBIDE IBARGUREN (Tolosa, Gipuzkoa, 1981)

1. B ibilbidean.

2. Igor Odriozola.

3. Hirugarren aldiz.

4. Mendiko eskian ez dut besterik egin.

5. Lagunekin asteburua igarotzeko asmoarekin goaz, ondo pasatzera.

6. Asteburua ongi pasatzearekin konformatuko ginateke, baina, eskatzen hasita, eguraldi ona eta ibilbide originalak eskatuko nituzke.

7. Denboraz larri ibiltzen gara beti, baina aurten mendian pare bat irteera egin ditut eskiekin. Pistetan ez nuen orain arte sekula fokeatu, baina aurten egin ditut bi edo hiru saio bertan.

8. Ez. Lasterketa asteburua lagunekin pasatzeko aukera ona da, data bat aurretik ezarrita dagoelako, baina ahal izanez gero nahiago mendira joan eskiekin.

JOSEBA ZUBELDIA (Usurbil, Gipuzkoa, 1979)

1. A ibilbidean.

2. Igor Guenetxea.

3. Laugarren aldia.

4. Aurten, Causiat Extreme eta Bandres-Karolo memoriala.

5. bilbideaz eta lagunarteaz gozatzea da helburua. Sufritzea ere tokatuko da, noski!

6. guraldi ona eginez gero, ibilbide osoa egitearekin.

7. Negu partean elurra egin duenean eskiatzen ibili naiz Oñati inguruko mendietan, eta Pirinioetara ere egin ditut pare bat irteera. Aurten, gainera, elur dezente egin du, eta sarritan igo naiz Aloña inguruko mendietara.

8. Aurtengo azken proba izango da niretzat, baina bi aste barru Pierra Mentara joango naiz beste lagun batzuekin batera, hor parte hartuko duten euskaldunei babesa eta animoak ematera: Aitor Otxoa, Gorka Galdos, Asier Alonso, Nahia Quincoces, Arkaitz Irureta, Javi Dominguez... Bide batez, lasterketa hori ezagutuko dugu, eta inguru haietan mendiko eskia eginez gozatuko dugu.

MARIJE ZUBIZARRETA (Oñati, Gipuzkoa, 1972)

1. B ibilbidean.

2. Lukene Igartua.

3. Laugarren aldia.

4. Altitoy bakarrik egin izan dut urte hauetan.

5. Gozatzeko asmoarekin noa. Lagun artean egoteko eta ondo pasatzeko gogoa daukat.

6. Hurrengo urtean ere Altitoyn parte hartzeko gai izatearekin konformatzen naiz.

7. Abendutik.

8. Agian, Andre Regil zeharkaldia egingo dut martxoaren 10ean eta 11n. Gero, mendiko lasterketetan hasiko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.