Urdazubitik Sarara oinez

Zugarramurdik, Urdazubik (Nafarroa), Sarak eta Ainhoak (Lapurdi) osatzen dute Xareta eskualdea. Bizkaiko golkotik hamar kilometrora dauden lau herri horietako biztanleak ederki moldatu dira mendeetan zehar. Elkarbizitza oparoa izan dela frogatzen duten hamaika testigantza daude: kontrabandoa, gerla karlistak, Donejakue bidea, akelarreak, leizeak eta abar; ingurune magikoez zipriztindutako paisaia liluragarriak. Lau herri horietako kaleetan zehar ibiliz gero, bisitatzea merezi duten leku ezagun eta ez hain ezagunak aurkituko ditugu.
Ibilaldi zirkularra da, eta nahieran egin daiteke, bai norabideari dagokionez eta baita egun kopuruari dagokionez ere. Hala ere, herri bakoitza lasai ezagutzeko, bizpahiru egunetan osatzea komeni da. Ibilbide honetan, Xaretako biztanleek mendez mende izan dituzten harreman estu horien bideetan barna ibiliko gara bi egunez.
Lehen etapari hasiera emateko, San Salbatore monasterioaren ondotik abiatuko gara. Jatorriaren data zehatzik jakin ezin bada ere, uste da agustindarren kongregazio txiki batek erromesentzako ospitale bat ezarri zuela IX. mendean. XII. eta XIII. mendeen artean, ospitalea premontretarren ordenak osatzen zuen. Ez da Erdi Aroko ezer kontserbatzen, eta XVI. eta XVIII. mendeen artean izan zuen garairik bikainena, egungo eraikuntzak ordukoak baitira.
Ugarana ibaia zeharkatu, eta Iribere auzora zuzentzen den bidea hartuko dugu; baserri batzuk, landetxe pare bat, hiru iturri eta ikuztegi bat ikusiko ditugu. Dantxarirenarekin lotzen duen errepidean egingo ditugu hurrengo urratsak, baina berehala utziko dugu ezker aldetik ateratzen den lurrezko pista hartzeko. Ugarana errekaren paraleloan hedatzen den bideak Baztango Done Jakueren bidearekin bat egiten du.
Dantxarineara heldu baino lehen, bidea utzi eta Landibar auzora bideratuko gaituzte bide seinaleek. Beherago ikusiko dugun bentetara jaitsiko gara lurrezko pistatik. Patxo Bentatik gertu dagoen zubitxo batek lagunduko digu Lapitxuloko erreka gainditzen, Urdazubi eta Ainhoako lurrek muga egiten duten toki berean.
Hemendik Ainhoaraino, bidea gorabeheratsua gertatuko zaigu. Lehendabizi, baso landatu berri bat zeharkatzen duen lurrezko bide pikotik igoko gara harrobira iritsi arte, eta, gero, asfaltatuko errepide zabaletik jaisten hasiko gara gure eskuinera hedatzen den pista zabalarekin topo egin arte. Landibarzubi izena du bide horrek, eta Ainhoara doan errepide nagusira gerturatuko gaitu. Baina eskuinera dagoen porlanezko bide batek maldan gora jarriko gaitu berriro. Beste harrobi txiki baten ondotik pasatu, eta Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama Birjina) kaperatik jaisten den bidearekin bat egingo dugu. Aldapan behera segitu, eta Ainhoara iritsiko gara.
Ainhoaren edertasuna
Ainhoa Ipar Euskal Herriko herri tipikoa dela esan daiteke, baina politenetakoa ere bada. Leku txikia da, funtsean kale bakar batez osatua. Baina etxeak bertako arkitekturaren adibide ezin hobea dira, izkinetan dagoen harria eta tonu gorri edo berde biziko egurrezko leihatilak ezaugarri dituztela. Donejakue bideak Ainhoa ere zeharkatzen du, eta, gainera, inguruetako mendi ibilaldi ugarietarako oinarrizko leku ona da. Euskal estilo etxe ederrez betetako kale nagusiko etxe gehienak Hogeita Hamar Urteko Gerran suntsituak izan ziren, eta, gaur egun ikusten ditugunak XVI. eta XVII. mendeetan berreraiki ziren.
Kale berean dago XVIII. mendean eraiki zen Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta hura inguratzen duen hilerria. Hilerri hori XVI. eta XVII. mendeetako hilarri tradizionalez beteta dago. Elizaren eta hilerriaren atzeko aldean, 1849an eraiki zen herriko frontoia dago. Kale nagusiaren bukaeran, Napoleon III.ak eta haren emazte Eugenia de Montijo enperatrizak 1858an bisitatu zuten Alaxurrutako garbitegia dago, garai batean herriko emakumeak arropa garbitzera biltzen ziren lekua.
Ibilbidearen azken zatia burutzeko, kale nagusia igaroko dugu, eta, herritik atera gabe, errepide asfaltatu bat hartuko dugu (Dantxarineako bide zaharra). Pare bat kilometro bertatik bete eta gero, hori utzi, eta GR-10aren trazadurarekin bat egiten duen bide balizatutik Urdazubi ibaiaren ondoraino jaitsiko gara. Horren paraleloan marrazten den bidetik aurrera egin, eta hori zeharkatzen duen zubia igaroko dugu. D4 errepidea gurutzatu, eta beste kilometro pare batez ibaiaren ondotik marrazten den pista zelaitik segituko dugu.
Erreka baten paraleloan doan lurrezko xendan barrena jarraitu, hura gainditzen duen zubia igaro, eta pista zabalean zehar altuera irabazten hasiko gara. Berriro muga egiten duten lurretara igoko gara, eta, bertatik, etxe, baserri eta bordaz zipriztindutako paraje berde eta argietara helduko gara. Borda Aldeak auzoa atzean utzi, eta altueran jaisten hasiko gara. Asfaltozko zatiak, lurrezko pista eta xendekin tartekatzen diren lur hauetan emango ditugu hurrengo minutuak, D306 errepide nagusiarekin bat egin arte.
Errepidea gurutzatu eta berehala, Sarako galtzadatik gorantz egingo dugu San Miguel otoizlekura iritsi arte. Puntu horretatik, aldapan behera egingo dugu San Isidro otoizlekuarekin bat egin arte. Handik herriraino geratzen zaigun tartea galtzada zaharrean barna beteko dugu.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.