Albistea entzun

Marinda, Kuartangoko itsasargia

Marinda gailurrik onena da Kuartangoko paisaia miresteko. Cervino itxura hartuta, mendi honek liluraz eta zirraraz beteko du bertara biltzen den ibiltari oro.
Tuparriak eta kareharri xaflatuak ikusiko ditugu Marinda mendian.
Tuparriak eta kareharri xaflatuak ikusiko ditugu Marinda mendian. J.G.G. Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2023ko apirilak 25

Animaliek eta landareek hitz egiten zuten garaian, atso bat bizi zen Arriano inguruan, Sendadiano herritik hurren. Adintsua izateaz gain, aski indartsua zen. Izan ere, atsokerietan ibili gabe, Arkamu mendiguneko Orao leiho karstikoa bat-batean egin omen zuen. Marinda tontorrera igoa zela entzun izan da inoiz edo behin. Nonbait, Marindako talaia lainoak jantzita egon ohi zenez, gaitza izaten zen gailurrera igo eta sosegu hartzea. Baina, gure protagonista bolada oneko egon zen. Tontorrean hara-hona ibilita, paisaiak erabat sorginduta geratu zen. Irudikatzekoa da, hortaz, atso zaharraren zirrara eta lilura.

Gu ere Marindako tontorra zapaltzeko asmoz jarriko gara abian. Sendadiano (Kuartango, Araba) izango da abiapuntua. Bazterrak ezagutzearen kariaz, ibilbidearen inguruko jakingarriak irakurtzeko parada izango dugu zoko batean. Hori guztia ibilian hasi aurretik. Gero, kale nagusiari men eginda, herriguneko bazter eta txokoak ezagutzeko abagune ederra izango dugu. Metalezko langa batera helduko gara ziztuan. Herriko ur biltegiaren ondoan.

1913ra arte Kuartangoko ibarreko hiriburua izandako herria atzean utzita, basabiderik behinenari jarraituko diogu, presarik gabe. Hortaz, astiro-astiro egingo ditugu urratsak, ibiltari behatzaile finak antzo. Erkametz eta ler gorriek inguratuta, udazken amiragarriak utzi ohi dituen opari kromatikoak miresteko aukera baliatuko dugu oraingoan ere goratasuna eztiki hartzeko. Marinda tontor piramidalera hurreratu ahala, ikuspegia zabalduz joango zaigu. Soa atzera itzulita, Badaiako goi ordokiaren mendebaldeko harresi gaindiezina antzemango dugu. Hantxe finkatuko dugu guk ere gure begirada, Kuartangoko ibarra korritzen duen Baia ibaiak mendigune aparta tinko-tinko mugatzen du eta.

Kruziagatik Marindara

Kruziagako lepoan izango gara berehalakoan. Ondoan, Sendadianoko gaina eta Gordobil muinoa. Eskuin-ezker egin gabe, aurrera jarraituko dugu, betiere Kuartangoko Cervino itxura hartzen duen ertz koskatua helburu hartuta. Lepotik metro batzuetara ikusiko dugun bidebanatzean, eskuinekoa utzi eta, sestra kurbari eutsita, ate berde bat ikusiko dugu aurrerago. Marindako Izkina deritzan tokian gaude. Jokano, Marinda eta Sendadiano herrietako natura esparruak bereizten dituen hesia gurutzatu eta, ertzari estuki lotuz, magalari gortea egingo diogu. Bidexkak, sigi-saga, hegalean gora bideratuko gaitu tuparriak eta kareharri xaflatu zabalak zapalduta. Uste baino arinago, Marindako tontorrean izango gara. Karkamu lerro aldapatsua bistaratuko dugu hegoaldean, Badillo ibarraren gainean zutituta. Atze-atzean, Errioxaldeko muga-mugan, Toloño mendilerroko silueta apartak ikusiko ditugu. Iparraldean, ordea, Gorbeiako mendiguneak hartuko dugu protagonismo osoa. Gertu baino gertuago, Gibilloko ordokiak eta baso trinkoak izango ditugu, Iartuko ibarraz beste aldean.

Takolo pagadia

Itzulera egiteko, gandorretik jarraitu eta, amildegia ezkerraldean daramagula, goratasuna galtzen hasiko gara. Tentu handiz ibiliko gara zorua ez baita sendoa. Pinudi-hariztian sartuko gara une batez. Enbor xumeak izurtzen arituko gara orduan, haien artetik doan bidexka apetatsuari begia kendu gabe. Basotik irtendakoan, behera egiteari utzi eta eskumatik irekiko zaigun igarobidea baliatuko dugu zeharkaldi laburra egiteko. Ehunka metro ibili ostean, Orramutako lepora iritsiko gara, hots, Haitzaren barrera izena hartzen duen lekura. Langa igaro eta Orramutako zelaira jo ordez, eskuinera hartu eta Traselpico bideari oratuko gatzaizkio. Marinda eta Iartu Komunitateak bereizten dituen bidean aurrera egingo dugu, betiere basook larrazkenetan hartu ohi dituzten kolore eta formaz gozatuta.

Lapurren iturriaren ondoan barrera bat ikusiko dugu. Marinda, Sendadiano eta Iartuko Komunitateak bat egingo dute han. Ostogozabaleko larrean aitzina eginda, bideak bihurgune zabala egingo du Takolo pagadia beherago utzirik.

Basabidetik irten gabe, Kruziagako lepoan izango gara berriz. Sendadianora berehala iritsiko gara.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean
Chima Moneke Baskoniako jokalaria eta Xavi Rabaseda Bilbo Basketekoa, lehian, Euskal Kopan. Bertan behera geratu zen partida, hezetasunagatik. ©SASKI BASKONIA

Zalantzak eta ziurtasunak

Mikel Reina

Baskoniak eta Bilbo Basketek bihar ekingo diote ACB ligari. Gasteiztarrek Lugon jokatuko dute, Breoganen aurka. Bilbotarrek, berriz, Andorra jasoko dute Miribillan.
Oihan Sancet, gola ospatzen. Athleticek Alavesi sartutako bigarrena izan da. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Zuri-gorrientzat izan da derbia

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.

 ©BERRIA

Zantzu onak indartu nahian

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek eta Athleticek sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen. Arabarrek etxeko hirugarren garaipena lotu nahi dute. Bizkaitarren asmoa emankor jarraitzea da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.