iZAD ala ez iZAD

Notre-Dame-des-Landesen egin asmo zuten aireportua gelditzea lortu dute baso eta landa okupatzaileek. Bretainiakoa ez da erresistentzia ekologistak eta antikapitalistak okupaturiko gune bakarra Europan, eta ZAD edo BBGaren arrakastak itxaropen haizea bidali die.

iZAD ala ez iZAD.
Edu Lartzanguren.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Azpiegitura erraldoienkontrako borrokan, edo naturguneen defentsan,ZAD izena dabil bolo-bolo: Zone à défendre. ZAD edo BBG babestu beharreko gune horietan, ekintzaileek baso, soro edo bestelako eremuak okupatzen dituzte, denbora luzez, lanak oztopatzeko.

Azken hilabeteotan, BBGetan ezagunena bihurtu da Notre-Dame-des-Landes; Bretainiako Naoned hiritik gertu dago. Alde batetik, arrakasta lortu duelako, Parisek han eraiki nahi zuen egitasmoa bertan behera utzi baitu. Bestetik, ekintzaileek okupatzen jarraitzen dutelako. Atzo izan zuten aurrez aurrekoa Poliziarekin.

Baina Europan badira besteBBGak, batzuk Bretainiakoa baino zaharragoak. Mota askotakoak dira: etengabeko okupazioak, tartekakoak, baso okupatuak, herri bateko biztanleek eginikoak... Hona defendatu beharreko gune horietako batzuk.

FASLANE

36 urte Eskoziako base nuklearra blokeatzen

Europako, eta beharbada munduko, protesta kanpalekurik zaharrenetako bat izango da Faslane Peace Camp delakoa. 1982ko ekainaren 12an sortu zuten, eta, beraz, datorren hilean 36 urte beteko ditu. Etengabe egon da okupaturik hamarkadotan, kanpamentu lekua hainbatetan aldatu badute ere. Eskoziako Earra-Ghaidheal eta Bod eskualdean dago, Erresuma Batuko armadak duen itsas basearen sarreran. Trident misil nuklearrekin hornituriko itsaspekoak ditu armadak Faslanen, besteak beste. 2013. eta 2014. urteen artean, 99 istripu jazo ziren erreaktore nuklearrekin, eta beste sei arma nuklearrak tartean zirela. Gerra Hotzaren kontra mugimendu bakezaleak sorturiko erresistentziaren ikur izan zen Faslaneko kanpamentua 1980ko hamarkadan, baina protesta ez dute eten. «Beste base nuklearretatik armak ekartzen dituztenean, basean sartzen oztopatzen ahalegintzen gara», esan du Andy Wallacek, kanpamentutik. Hilean behin egoten da halako mugimenduren bat, ekintzaileak esan duenez.

Hainbat belaunaldi pasatu dira dagoeneko Faslane Bake Kanpamentutik. «Umeak ere hazi dira hemen, eta helduak dira orain», adierazi du Wallacek. Egun, batez ere gazteak daude kanpamentuan, baina adineko «pare bat» ere badirela esan du ekintzaileak.

2006. urtean, base nuklearra urte osoan blokeatzeko kanpaina abiatu zuten. Urtebetez, bi egunetik behin —azterketa garaian izan ezik— errepidea okupatzen zuten dozenaka bakezalek, eta, Wallacek esan duenez, «sekulako auto ilarak sortzen ziren».

Gaur egun, talde txiki batek gordetzen du borrokaren sua piztuta. Baina, behar adina elkartzen direnean, blokeoa egiten dute. Poliziak kanporatzen dituenean, epaitegian sei hilabeteko auzibidea pairatzen du ekintzaile bakoitzak. «Horregatik blokeo gehiegitan oso segidan ez parte hartzeko gomendatzen diogu jendeari, kartzela saihesteko».

Baina zerk bultzatzen ditu ekintzaileak oraindik ere? Nolatan ez dira aspertu 36 urteren buruan base nuklearraren jarduera oztopatzeaz? Basea inoiz itxiko duten itxaropenik ba al dute? Wallace baikor da, eta itxaropena beste independentzia erreferendum batean du, Londresko Gobernuak «brexit-arekin sorturiko anabasaren ondoren». Izan ere, Eskoziako alderdi gehienak basea eraistearen alde daude. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak arma nuklearrak kanporatu nahi ditu, baina basea Eskoziako armada konbentzional batentzat gorde. «Arazoa da Ingalaterrak ez duela toki egokirik halako base nuklear bat jartzeko», esan du Wallacek. «Baina basea ez dago batere ongi ikusita Eskozian; eskoziar gehienek ez dute arma nuklearrik nahi. Parlamentuaren sostengua dugu, eta base nuklearretik libratzeko modurik onena Eskoziaren independentzia litzateke».

BURE

Zabortegi nuklearra herriaren azpian

Bure herrixka Frantziako Meuse departamenduan dago, eta, ehun bat biztanle dituen arren, hurrengo Notre-Dame-des-Landes izango dela iragarri dute azken urteotan. Izan ere, hondakin erradioaktiboen lur azpiko biltegi erraldoi bat eraiki asmo dute han. Frantziako industria nuklearrak sorturiko 83.000 metro kubo hondakin pilatu nahi dituzte han, tartean plutonioa, hau da, sor daitekeen hondakinik arriskutsuena. Herriaren azpian, 500 metroko sakoneran zulaturiko galeriatan gorde nahi dituzte hondakinak. Egitasmoak 25 miliardo euro kostatuko duela aurreikusi dute, eta 2025ean zabaldu nahi dute. 2004. urtean, etxalde bat erosi zuten han nuklearren kontrako hainbat ekintzailek: Zabortegi Nuklearraren Aurkako Bureko Etxea izena du gaur ere, eta okupazioaren bihotz gisa funtzionatzen du.

Zabortegiaren lanak 2007an abiatu zituzten, Bureko basoan. Autoritarismoaren eta kapitalismoaren aurkako kanpamentua eratu zuten 2015eko udan. Inguruko Lejuc basoan okupatu zuten ekintzaileek. Baina Poliziak kanporatu egin zituen otsailaren 22an. Bureko etxean babestu ziren. Azken egunotan, Frantziako Polizia errepideak eta bideak kontrolatzen saiatzen ari da beste Notre-Dame-des-Landes bihur ez dadin.

HAMBACHEKO BASOA

Rhineko urrea ikatz zikina den lekua

Koloniaren eta Akisgranen artean (Alemania) dago Hambacheko hariztia, eta gatazka gune da 2012. urtetik. Lignito edo ikatz arrea ateratzeko lur azaleko meategia dago han. 2016an, 40 milioi tona lignito atera zituzten handik. Argindarra sortzeko erretzen du RWE konpainiak. Oso sistema zikina da: Hambacheko lignitoa erretzen duen zentral termikoa Europako zikinenetan bigarrena da: 31 milioi tona CO2 aireratzen ditu urtero.

Hambacheko basoaren hiru laurden jan ditu dagoeneko meategiak. Hariztiak 12.000 urte dituela kalkulatu dute. Urritik otsailera mozten du basoa meategiak, baina, iaz eta aurten, operazioa hasi eta bi egunera eten behar izan zuen, epaitegiek aginduta. Okupatzaileek hogei bat etxola eraiki dituzte zuhaitzetan, eta barrikadak jartzen dituzte Poliziaren eta meategiarentzat lan egiten dutenen lana trabatzeko. Aurtengo urtarrilean bederatzi ekintzaile atxilotu zituzten.

BBGetako moduko ekintzaileen eta auzitegian borroka egiten dute erakunde ekologista tradizionalen arteko harremanak aztertzeko egokia da kasua. Dirk Jansen Alemaniako erakunde ekologistak biltzen dituen Bund elkarteko eleduna da. «Erakunde ekologista ofizialok ezin dugu legearen kontrako ekintzarik egin», azaldu du, «baina elkartasun osoa adierazten diegu Hambach salbatzeko ekintza baketsu guztiei». Beldur dira Bunden, edonola ere, okupatzaile batzuek Poliziarekin izaniko aurrez aurrekoek basoaren aldeko mugimendu osoa «kriminalizatzeko» erabiliko ote duten.

Orain lasai dago Hambacheko hariztia, baina, Jansenek adierazi duenez, RWE konpainiak baimena lortu du zuhaitzak botatzeko, eta urrian hasiko da. «Gure helegitea ez badute onartzen, argi dago negu beroa izango dela basoan».

ROSIA MONTANA

Urrezko amesgaiztoa Transilvanian

«Rosia Montanan herritarrek okupazioa euren etxetik egiten dute», esan du Stephanie Danielle Roth ekintzaile ekologista suitzarrak. Errumaniako Transilvanian dago Rosia Montana herria, eta aztarna arkeologikoz beterik dago, besteak beste, erromatarrek urrea ateratzen zutelako lur azpitik han. 1996. urtean, Kanadako Gabriel Resources enpresak kontratua sinatu zuen Errumaniako Gobernuarekin, meategia ustiatzeko. Herriaren azpian 330 tona urre eta 1.600 tona zilar daudela kalkulatu zuen konpainiak 2000. urtean, eta horiek leherketen bidez eta zianuroa erabilita ateratzeko plana egin zuen.

Rothek kazetari lana utzi zuen 2002an, eta Transilvaniara joan zen hainbat egitasmoren kontra borrokatzeko: lehenbizi, Sighisoarako baso zahar batean egin asmo zuten Drakularen inguruko parke tematiko baten aurka; eta, gero, Rosia Montanako meategiaren aurka. Egitasmo «eroa» da, Rothen arabera, «kontua ez delako han istripu bat gertatuko ote den, baizik eta noiz jazoko den».

Estrategia abiatu zuen orduan Rothek, herritarrekin batera.BBGen ezaugarri nagusietako bat hori da, fenomenoa ikertu duen Philippe Subra irakaslearen arabera: kanpoko ekintzaileek aliantza sendoak egiten dituzte bertako biztanleekin, nekazariekin, alkateekin... Estrategia horri jarraitu zion Rothek Rosia Montanan. «Elkarteak eta adituak bildu genituen Salvati Rosia Montana lelopean».

Baina manifestazioak, eskaerak eta mozioak ez ziren aski izan. Konpainia etxeak erosten hasi zen. «Ikusi nituen herritar batzuk gurasoen etxeak saltzen haiek jakin gabe; gauean ihes egiten, lotsaren lotsez, auzoek jakin ez zezaten etxeak saldu zituztela; eta baita batzuk euren buruaz beste egiten ere», esan du Rothek.

Goldman ingurumen saria eman zioten orduan Rothi 2005. urtean, eta horren dirua erabili zuen epaitegietan egitasmoa blokeatzeko. Urtero kanpamentu handi bat antolatzen dute herrian, eta kontzertu jaialdi bat. «Gazte multzo handi bat erakarri genuen horrela». Gobernuak egitasmoa interes nazionaleko izendatu zuen, epaitegietako blokeoa saihesteko, eta horrek «gizartearen matxinada» ekarri zuen, Rothen arabera. «Errumania modernoko protestarik handienak izan ziren».

Egitasmoa gelditurik dago orain. Konpainiak hamarnaka milioi eskatzen dizkio gobernuari kalte-ordain gisa, eta Unescok uda honetan aztertu asmo du Rosia Montanari gizateriaren ondare izendapena ematea.

Rothek oharra egin du, ordea: «Afera ez da amaitu, ez dugulako KOrik lortu». Horregatik ekintzaileak iragarri du Notre-Dame-des-Landes gisako BBG bat antolatuko dutela Rosia Montanan. «Nik argi dut: antolatzen dutenean, kanpatzera joango naiz.BBGak erakusten du desobedientzia bertute bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.