Iruñeko taldeko sexu erasoa. Epaia

«Abusu» mailara jaitsi dute Iruñeko erasoa, eta bederatzi urteko espetxe zigorrak jarri

Sexu-eraso delitutik absolbitu dituzte bost auzipetuak. Magistratu batek boto partikularra eman du, eta absoluzioa eskatu. Protesta handia eragin du epaiak

Ion Orzaiz -

2018ko apirilak 27
Bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra immobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu, emakumea lurrean botata utzi eta haren sakelakoa ebatsi, laguntza eskatzerik izan ez dezan. Hori gertatu zen Iruñean, 2016ko uztailaren 7ko goizaldean, sanferminetan. Nafarroako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du sekuentzia osoa. Hala ere, epaileen arabera, eginikoa ez zen sexu erasoa izan, eta eskatu baino zigor txikiagoak jarri dituzte.

«Abantailakeriazko sexu abusu jarraitua». Hori da epaimahaia osatzen duten hiru magistratuek Sevillako (Espainia) bost akusatuei leporatu dieten delitua. Hau da: onartzen dute sexu harremanak ez zirela «adostuak» izan, emakumea «behartu» egin zutela, eta, gainera, euren «nagusitasun fisikoaz» baliatu zirela biktima mendean hartzeko. Hala ere, epaimahaikideek ez dute frogatutzat jo auzipetuek «indarkeria fisikoa, mehatxuak edota larderia» erabili zutenik; hortaz, akusatuak absolbitu egin dituzte gainontzeko karguetatik: sexu erasotik, intimitatearen aurkako delitutik eta lapurretatik.

Ondorioz, fiskalak nahiz akusazioak eskatzen zutena baino zigor dezente arinagoa ezarri diete erasoaren egileei: bederatzina urteko espetxe zigorra, bosna urteko zaintzapeko askatasuna, eta hamabost urtez biktimarengandik urruntzeko eta harekin harremanik ez izateko agindua. Fiskaltzak 22na urteko espetxealdia eskatzen zuen; akusazio partikularrak, 24na urtekoa; eta herri akusazioek, 25 urtetik gorakoa.

Bestalde, behin-behineko espetxealdian eman duten denbora deskontatuko diete auzipetuei —bi urte eginen dituzte heldu den uztailean—; hortaz, datorren urtean beteko litzateke zigorraren herena, eta baimenak eskatzeko aukera izanen lukete.

Zigor ekonomikoari dagokionez, bost auzipetuek 50.000 euroko kalte-ordain «bateratu eta solidarioa» pagatu beharko diote biktimari, eta 1.531 euro emanen dizkiote Osasunbideari, emakumezkoak jaso zuen tratamendua ordaintzeko. Magistratuek akusatuen gain utzi dute epaiketaren kostuen heren bat ere. Horiez gain, A.M.G. guardia zibilari ebasketa delitu arin bat ere leporatu diote, emakumeari sakelako telefonoa kentzeagatik. 900 euroko isuna ordaindu beharko du.

Ricardo Gonzalez magistratuak, bestalde, boto partikularra eman du, akusatu guztien absoluzioa eskatuz. 2016ko sanferminetan gertatutakoa abusua izan zenik ere ez du uste; kontrara, taldeko eraso hura «sexu harreman» gisa definitu du, eta ez du egoki ikusten froga gisa erabiltzea «bere burua biktima gisa aurkezten duenaren testigantza».

Beste bi magistratuek —Francisco Cobo aretoko presidenteak eta Raquel Fernandino epaileak— ontzat jo dute biktimaren kontakizuna: «sinesgarritasun subjektibo nahiz objektiboa» eta «koherentzia» aitortzen diote.

Epaiketan deklaratu zuten lekukoek eta foruzainek ere berretsi egin zuten emakumezkoaren testigantza, eta adierazi zuten biktima «etsipen, ezinegon eta antsietate egoeran» aurkitu zutela. Froga horietan oinarrituta, epaimahaiak dio ezin uka daitekeela salatzaileak «leku itxi eta ezezagun batean ikusi zuela bere burua, ihesbiderik gabe eta bera baino helduagoak eta indartsuagoak ziren bost gizonezkok inguratuta»; eta ez zuela izan auzipetuen nahiei men egin beste aukerarik.

Tentsioa auzitegiko atarian

Haserrea eragin zuen epaimahaiaren erabakiak Nafarroako Auzitegiaren kanpoaldean. Epaia entzun eta berehala, txistuka eta oihuka hasi zen auzitegiaren aurreko plazan bilduta zegoen jendetza. Herriak ez du barkatuko eta Ez da abusua, bortxaketa da leloak argi eta garbi aditu zitezkeen areto barrutik.

Tentsio uneak izan ziren. Oihuka hartu zituzten epaitegi barrutik irten zirenak, eta defentsako abokatuek isilka atera behar izan zuten, eraikinaren atzeko atetik. Manifestarietako batzuk auzitegira sartzen ere ahalegindu ziren, Foruzaingoak jarritako hesiak botata, eta poliziak oldartu zitzaizkien.

Epaiak «etsipena» eta «amorrua» eragin du aldeen artean ere. Biktimaren abokatuak, Miguel Angel Moranek, «dezepzioak jota» hartu zuen berria, eta atzo bertan iragarri zuen helegitea aurkeztuko dutela: «Hau ez zen espero genuen sententzia».

Herri akusazio gisa aurkeztu ziren Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala. Biek iragarri dute helegitea jartzeko asmoa. Gobernuko bozeramaile Maria Solanaren esanetan, epaimahaiaren erabakiak «nabarmen beheratu du» auzipetuek eginiko delitua. Iruñeko Udalak ere ez du ontzat eman sententzia, eta «etsipena» agertu du. «Tipo penala ez da epaian frogatuta gelditu diren gertakariei dagokiena», adierazi zuen atzo Joseba Asiron alkateak. Defentsaren abokatuek ere helegitea jarriko diote sententziari, absoluzioa eskatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna