Migrazio politika EBn. 'Aquarius' ontzia

Itxaropenaren eta ikuskizunaren artean

'Aquarius' itsasontzia gaur eta bihar artean da iristekoa Valentziara. Hiria jada prest dago. Kaian mila profesional egongo dira laguntza ematen, tartean medikuak, erizainak, psikologoak eta itzultzaileak.

Aquarius ontzian dauden bi iheslari, bazkaltzen, bizkarrean. Errefuxiatuak larunbatean erreskatatu zituzten. EFE / KARPOV.
Valentzia
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Mediterraneoan itsasoa harro egon da aste honetan, bai zentzu hertsian eta baita zentzu metaforikoan ere. SOS Mediterraneek eta MSFk 629 iheslari zeramatzan ontzi bat erreskatatu zuten gaur astebete. Libiako kostaldetik itsasoratu ziren hainbat herrialdetako lagunak zeramatzan Aquarius-ek. Europara iristea zuten amets, eta, ondo bidean, gaur edo bihar lehorreratuko dira kontinente zaharrean. Gauez egindako erreskatea lazgarria izan zen, ezen bi lagun ito ziren jada hobi komun bat den itsasoan. Erreskatatutakoen artean 123 adingabe zeuden, horietako 60 heldurik gabe, eta zazpi emakume haurdun. Immigranteak hiru ontzitan banatu zituzten, itsas zeharkaldia duintasunez eta segurtasunez egin ahal izateko, itsaso zakarra baitzen, olatu altuekin eta haize handiarekin; hiru itsasontziak datozen orduetan iritsiko dira Valentziara (Herrialde Katalanak).

Hiria prest dago jada. Gurutze Gorria ari da operazioa koordinatzen. Harrera egiteaz arduratuko da bi eta hiru ordu arteko tarteetan, txandaka iritsiko baitira hiru ontziak, eta, ondoren, errefuxiatuak artatuko dituzte, lehen arreta emanez. Mila profesional egongo dira laguntzeko, tartean, medikuak, erizainak, psikologoak eta itzultzaileak.

Valentziako Gobernuak arreta berezia jarriko du emakumeengan. Horien artean sexu erasoen edo emakume trafikoaren biktimak ote dauden identifikatzen saiatuko da, eta, egotekotan, zerbitzu berezietara bideratuko dituzte: Emakumeen 24 orduko Zentrora. Guardiako epaitegiak ere zabalduko dira.

Elkartasun olatua

Generalitateak elkartasun olatu bat jaso du. Laguntza eta prestasuna eskaintzen zuten dozenaka herritar eta enpresa pribaturen deiak eta mezuak jaso ditu egunotan, horretarako espresuki zabaldutako telefonoaren eta helbide elektronikoaren bidez. Gaur-gaurkoz, dena ase dute.

Gurutze Gorriak logistika zabal bat hedatu du kaian. Alinghi Suitzako bela taldeko 1.700 metro koadroko egoitza zaharrean, hain zuzen. Francisco Camps Generalitateko presidente ohiak sustatutako America Copako ikonoa da egoitza. Monica Oltra Valentziako presidenteordeak garai bateko sinbolo hori baliatu du egun boterean daudenen eta iraganean egon direnen arteko aldea nabarmentzeko: «PPk valentziarrei lapurtzen zieten kai berean kairatuko dira itsasontziak». Camps Alderdi Popularreko politikariak epailearen aurrean deklaratu zuen atzo bertan, inputatu gisa.

PPrekin auzi hau nola kudeatuko zen da orain galdera. Italiaren jarrerari zer erantzun emango ote zion. Aquarius ontzia hiru egun egon zen ez aurrera ez atzera Italiako kostaldean. Lega Nordeko Matteo Salvini Barne ministroak itsasontziak lehorreratzeko debekua ezarriz eman zion ongietorria kargu berriari. Ordu amaigabeak izan ziren ontzian, non lehorreratuko ziren jakin gabe, janaria eta ura amaitzen zen bitartean.

Espainiako Gobernuak, estreinatu berria hori ere, erantzun azkarra eman zuen, errefuxiatuak hartzeko eskaintza eginez, eta, bide batez, tanto politiko bat irabaziz.

Valentzia eta Bartzelona egon ziren hasiera batean ontziaren helmuga posibleen artean, baina aurreneko hiriaren alde egin zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. PSOEren asmoen artean ez zegoen independentzia prozesua sustatu duen Kataluniari opari bat egitea, eta bai, ordea, Valentziak urteotan izan duen ospe txarra iraultzea, besteak beste, presidente sozialista bat duelako.

Eta aurrerantzean zer?

Galdera orain da zer gertatuko den aurrerantzean, errefuxiatuak lurra zapaltzen duten momentutik aurrera. Aurreneko egunotan, aterpeetan egongo dira. Gero, erkidego ezberdinetan banatuko dituzte, nahiz eta ez den zabaldu nola egingo den banaketa. Kezka ere badago, bereziki giza eskubideen erakundeen artean, susmoa baitago CIE Atzerritarrentzako Zentro Itxietara eramango dituztela. Horietan giza eskubideak urratzen direla eta kartzela modukoak direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Alerta Feminista, Ongi Etorri Errefuxiatuak, CIES NO eta beste 30 bat elkartek manifestu bat sinatu dute gobernuari eskatzeko «migrazio politikak» alda ditzala, eta CIEak itxi ditzala.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, baina, babestu egin dute asilo baldintzak betetzen ez dituzten migranteak CIEetara eramatea. Gatazka armaturik ez duten herrialdeetako iheslarien patua litzateke, hala nola euren bizitza arriskuan dagoela frogatu ezin dutenena. Marokoko eta Aljeriako iheslariak deportatuak izango lirateke.

Valentziako presidenteordeak beste diskurtso bat helarazi du. Oltraren hitzetan, ontzian daudenak «erabaki politiko batengatik» iritsiko dira penintsulara, eta «ez bere kabuz hartutako erabaki batengatik»; beraz, haren ustezasilo estatusa eman behar zaie.

Manuel Lino Silva Valentziako Angolarren Elkarteko presidente eta abokatuak hausnarketa bat egin du: «Ezin dugu ahaztu gaur bertan akaso beste ontzi bat iritsiko dela. Aquarius-eko immigranteei emango diegun harrera bera emango al diegu horiei? Eta aurretik etorri direnei? Nolako harrera egin diegu?». Uste du albistegietan ateratzen ez diren immigranteak ezin direla ezberdin tratatu: «Eta Mediterraneoan egunero hiltzen direnak, zer?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.