Etxeratzean behar den Harrera

Harrera elkarteak bi urte darama preso ohiak eta erbesteratu ohiak laguntzeko lanean murgilduta. Hasierako tramiteak egiten laguntzen die itzuli berriei, osasun arloko laguntza ematen, bizilekua zein lana bilatzen eta diru premiak asetzen. Babes ekonomikoa eskatzen dute lanean segitzeko.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bost, zazpi, hamar, hogeita bi, hogeita sei, hogeita hamar urteren ondoren, etxean berriz. Nor bere herrian, pozik, hunkituta, amestutako eguna bizitzen. Baina, lehen egunetan jendetzak emandako besarkaden mozkorraldiaren ondoren, bizitza berria hasten da, egunerokoa, bizi beharra. Eta ez da erraza izaten sarritan. Horrenbeste urtean «mundu paralelo» horietako batean bizi izan denak soilik ezagutzen du preso ohiek eta iheslari ohiek etxera itzultzean dituzten gabezien sakontasuna. «Hainbeste urteren ondoren ateratzen zarenean, galduta zaude. Nik ez nuen neure burua inon kokatzen. Balantzaka bezala nengoen, kalean ibiltzen ere ez nekiela». 23 urteko espetxealdiaren ondoren irten zen espetxetik Inma Patxo.

Inoiz preso egon denak ezagutzen du babes behar hori. Komunak dira premia asko, eta preso ohiek aipatzen dituztenak errepikatu egiten dira. Zigorra kitatuta zein erbestetik itzulita herriratu denak «paper mordoa» egin behar izaten du, eta horixe da iritsi berrientzat lehen oztopoa. Mundu burokratikoan «galduta» daudela diote bai Inma Patxok, bai espetxean ia 30 urte egin dituen Juan Manuel Pirizek, bai kartzelan ia hamar urte egon den Maite Juarrosek. Laguntza ezinbestekoa izan dute hirurek.

Harreraren babesean egin dute hiruretako bik. «Izaten da kideren bat Harreran dagoena eta lekuetara joaten laguntzen dizuna: NA eta Osakidetzako txartela egitera, gidabaimena berritzera, Lanbidera eta INEMera...».

Juarrosi Harrerak eman zion bere bizileku ondoan bizi den beste preso ohi baten berri. Harekin harremanetan jarri, eta hark lagundu dio tramite guztiak egiten. «Epeak neurtzen ere bai, zorrotzak baitira eta atera berritan burua airean baituzu oraindik». Patxori lagun batek lagundu zion lehen zeregin horietan. «Eskerrak», dio. «Haren atzetik joaten nintzen, eta hark esaten zidan hau egin orain eta hau bete orain; nik ez nuke asmatuko».

Burokrazia nahasiak behar bezala gainditzen laguntzeko lana du, hain zuzen, zereginetako bat Harrera taldeak. 13 pertsonari lagundu die nortasun agiria egiten, eta 27ri gidabaimena berritzen. Diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ahal izateko kudeaketa lanetan 13 laguni lagundu die.

Ez du lan bakarra, ezta zailena ere. Preso eta iheslari ohiek dituzten beharrak modu praktikoan asetzen laguntzeko duela bi urte sortu zen elkartea ur sakonagoetan ere murgiltzen da.

Preso eta iheslari ohiei osasun laguntza bermatzea du beste eginbeharretako bat. Lehenengo, osasun txartela egin eta osasun publikoa baliatzeko gomendatzen diete herrira iritsi berriei. Urte askotako laguntza gabeziaren ondoren, asko itzultzen dira osasun arazoekin.

Osasun publikoak bermatzen ez dituen beharrei dagokienez, askok izaten dute premia haginlariarengana edota psikologoarengana joateko, besteak beste. Konfiantzazko sare bat sortzen ari da Harrera. Laguntza emateko prest dauden profesionalekin tratua egiten du, gaixo dagoen preso edo iheslari ohiaren egoera kontuan hartuta. Laguntza hori ordaindu ezin dutenen kasuetan, Harrerak berak ordaintzen ditu kostuak, ahal duen neurrian; zati bat zenbaitetan, osoa besteetan. Bi urteotan 53 pertsona bideratu ditu odontologoarengana, eta 22 oftalmologoarengana, esaterako.

Bizilekua eskuratzea izaten da preso zein iheslari ohi askoren arazo nagusietako bat. Gurasoak bizirik dituzten askok haien etxera itzuli behar izaten dute, edo beste senide edo lagunen baten etxera. Eta, gehienetan, ez da hori izaten psikologikoki aukerarik onena. Beste batzuek ez dute horretarako aukerarik ere.

Etxebizitza, lana eta dirua

Etxebizitza eskuratzeko ezintasuna gainditzeko ahaleginetan ari da, beraz, Harrera, elkartasunerako deia eginda. Saioa ari da fruitua ematen: bada hutsik zuen etxea Harreraren esku utzi duenik. Elkarteak itzuli berriengana bideratu du bizilekua kasu horietan. Alokairu merkeko etxebizitzak ere lortu ditu, eta, dagoen premia ikusita, gehiagoren bila ari da. «Niri etxea eskuratu zidan Harrerak, eta aldikako lantxo bat bilatu zidan bertako lagun batek. Izugarri lagundu dit», dio Juarrosek, «esker oneko hitzak» besterik ezin duela esan nabarmenduta. «Lan handia eta oso beharrezkoa egiten du, zeren badirudi kalera irtetean amaitzen direla arazoak, baina ez da horrela».

Edonola ere, denak bat datoz etxera ezer gabe itzuli direnen premia handiena dirua dela; gutxieneko diru sarrera bat eta lana beharrezko dituztela «bizimodu duina» izateko.

Lanpostua bilatzea ez da zeregin erraza. Are gutxiago urteak kartzelan edo erbestean emanda, apenas prestakuntzarik dutenentzat. Enpresariekin hartu-emanetan dabil horregatik laguntzarako taldea, eta eskaintza batzuk lortu ditu, baita herrietan Harrerak dituen kideei esker ere. «Sare moduko bat osatzen dugu, eta kide bakoitza adi ibiltzen da bere inguruan sor daitezkeen lan eskaintzak topatzeko». Bi urteotan, 62 pertsona bideratu dira lan mundura Harreraren bidez. Gehienak aldi baterako lan txikiak izan dira, baina dozena erdi batek lanpostua lortu du.

Askoz gehiago dira, ordea, lan premia dutenak, eta ez diru beharragatik soilik. «Hainbeste urte besteen menpe egon ondoren, ateratzean zure bizitza antolatzeko premia duzu; zure kasa aurrera egiteko gai ikusi behar duzu zeure burua, inoren menpe egon gabe», dio Patxok. Lanpostu bat izateak asko laguntzen du.

Patxok ez du oraingoz lanik aurkitu. Gainera, nabarmendu du itzuli berritan burua ez dagoela horretarako prestatuta, lehenengo kokatu beharra dagoela; «mundu berrira» egokitu beharra. Baina Espainiako Gobernuak, euskal presoei espetxetik atera ondorengo diru laguntza ukatu dienetik, irteerarik gabeko egoeran utzi ditu asko: inolako diru iturririk izateko aukerarik gabe.

Premia bizia duten 23 pertsonari 500 euroko laguntza ematen die Harrerak; horien artean, gaixotasun larriak izanagatik etxean preso dauden hainbati.

Euren esperientzia BERRIAri kontatu dioten hiru preso ohiek argi dute: beharrezkoa da Harreraren lana, ezinbestekoa. Are, Pirizen ustez, «instituzioek egin behar luketen lana egiten ari da».Ipar Irlandako egoera jarri du adibide: «Han gobernuek eta Europak jarri zituzten preso ohiek bizimodu duina izateko behar diren baliabideak. Euskal Herrian prozesua alde bakarrekoa da oraindik, eta ez da halakorik ikusten, oraingoz». Baina gobernuek pertsona guztien bizimodu duina bermatu behar dutela ohartarazi du, eta hemen ere lan horiek instituzioen gain egon beharko luketela. Harreraren ustez, gainera, berebiziko garrantzia du preso ohi eta iheslari ohiak gizartean «duintasunez» murgiltzeak. «Prozesuaren eta gizarte osoaren onurarako izango da; normaltasunerako urratsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.