HABANAKO LEKUKOA

Historia da jadanik

inaki petxarroman
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Egin dizkiote ohore guztiak, omenaldi masibo eta sentituak eta Santiagoko Santa Ifigenian utzi dituzte Fidel Castroren errautsak. Bukatu da dolua, bukatu dira festak egiteko eta alkohola kontsumitzeko mugak eta normaltasunak hartu ditu Santiago eta gainerako hirietako kaleak. Fidel Castrok ez zuen maite bere buruari gurtza egitea, eta azken geltokiraino eraman du erabaki hori. Kubako Santiagon larunbat iluntzean egin zioten omenaldi jendetsuan Raul anaiak iragarri zuen parlamentuaren hurrengo bilkuretan lege bihurtuko dutela Fidel Castroren borondate hori, hots, plaza, parke, etorbide, kale edo gainerako gune publikoei buruzagi iraultzailearen izena ematea galaraziko dute. Aldi berean, ezin izango dira eraiki bere omenezko monumentuak, estatuak edo bestelako oroigarriak. «Munduaren ohore guztia arto ale batean sar daitekeela dioen etika martiarrari leial jokatu du azken unera arte», iragarri zuen Raulek, erabakiaren berri emateko diskurtsoan.

Ulertzen hain erraza ere ez da, Fidel Castrok, bizi zen bitartean, orkestraren instrumento guztiak jotzea maite zuelako, hemengo analista batek egunotan zioen bezala. Eta, horrez gain, Kuban ohikoak dira Jose Marti, Antonio Maceo, Mariana Grajales independentziaren gerrako beste pertsonaia nagusien oroigarriak; eta, baita ere 'bizardunen gerrillan' castrotarrekin esku esku borrokan ibili ziren Che Guevara, Camilo Cienfuegos eta beste buruzagi ezagunen aldekoak. Castroren erabaki horrek memoria historikoan eragin dezakeen kalteak ere kezkatu ditu kubatar batzuk. Baina, oro har, ontzat hartu dute komandante sozialistaren azken borondate hori. Hala, aurrerantzean, leku publikoetan haren arrastorik topatzea ezinezkoa izango bada ere, herritarren memorian eta historia liburuetan geratuko dira Kubako iraultzaren buruzagi nagusiaren ideiak eta ekintzak. Gaur Habanan puro saltzaile batek zioen bezala, «Fidel historia da jadanik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.