Iazkoa baino argindar merkeagoak %0,5eko tasara apaldu du inflazioa

Prezioen hazkundeek jaisten jarraitzen dute Hego Euskal Herrian. Abendutik %1,1 jaitsi dira prezioak, batez ere merkealdiaren ondorioz

Iazkoa baino argindar merkeagoak %0,5eko tasara apaldu du inflazioa.
Irune Lasa.
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ekonomiaren hazkundeak sendo jarraitzen badu ere, ez da gauza bera gertatzen ari kontsumorako gaien prezioekin. 2017. urtea prezio igoera esanguratsuekin abiatu zen, baina, hilabeteak pasatu ahala, hazkundeak apalduz joan ziren, eta joera hori izan da berriz ere: hilabete bakarraren tartean, hots, joan den abendutik,%1,1jaitsi da kontsumo prezioen indizea.

Argi dago jaitsiera ikusgarri horretan merkealdiarena izan dela eraginik handiena. Herrialde guztietan %15 inguru murriztu dira jantzi eta oinetakoen prezioak. Aisialdiko eta kulturako salneurriek ere behera egin dute abendutik urtarrilera, baina gutxiago, %1, 5 inguru. Joan den hilabetean prezio igoera handiena izan duen sektorea garraioarena izan da —%1eko inguruko hazkundea—, eta garestitze horren eragile nagusia erregaien azken asteetako garestitzea izan da batez ere.

Kontsumo prezioen indizeak urte batean izan duen bilakaerari begira, hazkunde oso apaletan dabiltza prezioak Hego Euskal Herrian: %0,5 da hazkunde tasa. Gogoratu behar da Europako Banku Zentralaren arabera %2 dela inflazio tasa egokia.

Etxebizitzaren epigrafeak izan du iazko urtarrilarekiko jaitsiera handiena, %2 ingurukoa, eta horren azalpena oso argia da: argindarraren prezioa ez da merkea izan urtarrilean, baina bai orain dela urtebete baino askoz merkeagoa bai. Espainian lehortea zela eta ez zela, eta hotzaldia zela eta ez zela, joan den urteko urtarrilean hamarkadako salneurririk handiena iritsi zuen argindarrak. Zenbait kalkuluren arabera, orduz geroztik argindarraren prezioak %30 egin du behera Espainian.

Urtebeteko bilakaeran, etxebizitzako gastuen sektorekoez gain, etxebizitzako gauzen salneurriek ere behera egin dute, %1 inguru; baita aisialdi eta kulturako prezioek ere. Prezioen igoerak garraioan eta hotel eta jatetxeen prezioetan izan dira.

Urte arteko inflazio tasaren joera oso antzekoa izan da herrialde desberdinetan. Gipuzkoan garestitu dira gehien kontsumo gaiak, baina soilik %0,6 tasaraino. Araban eta Bizkaian, tasa %0,4an gelditu da, eta Nafarroan izan dute prezioek hazkunde apalena joan den urtarriletik, %0,3.

Espainian inflazioa %0,6ko tasara apaldu da, eta erosketa saskiko gairik aldakorrenak —energia eta elikagaiak— baztertzen dituen azpiko inflazioa %0,8an mantendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.