M5Sk eta Legak Giuseppe Conte proposatu dute lehen ministro kargurako

Italiako presidenteak gaur emango die bere oniritzia bi indar politikoei. Kargu horretara bozetatik igaro gabe iritsitako bosgarrena litzateke

Giuseppe Conte M5Sren ekitaldi batean, martxoan. ALESSANDRO DI MEO / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Zazpi urte dira italiarrek ez dutela lehen ministroa hauteskundeen bidez hautatzen. Mario Monti, Enrico Letta, Matteo Renzi eta Paolo Gentilloni herritarren zuzeneko babesa lortu gabe iritsi ziren kargu horretara, eta egoera horretaz jakitun, joera aldatzeko konpromisoa hartu zuten aurtengo hauteskundeetan M5S5 Izar Mugimenduak eta Lega Nord eskuin muturreko alderdiak. 78 egun iraun duten negoziazioen ostean, M5Sk eta Legak hitzemate hori hautsi dute, eta Giuseppe Conte proposatu dute lehen ministro kargurako, politikan esperientziarik ez duen teknokrata bat; M5Sren lehen ministrogaia Luigi Di Maio izan zen, ziurrenik Garapen Ekonomikorako ministro bilakatuko dena, eta Legarena Matteo Salvini izan zen, Barne ministro bilakatuko dena. Unibertsitateko irakaslea eta legelaria ofizioz, Conte ezezaguna da italiarren gehiengoarentzat.

Lehen ministrogaiak bi zeregin nagusi izango ditu: bi indarrek osatzen duten «aldaketaren gobernua» zuzentzea, eta M5Sren eta Legaren arteko orekari eustea, auzi askotan jarrera antagonikoak baitituzte. Conte M5Sk proposatutakoa da, eta antikasta indarraren ideiekin bat egin du azkenaldian, baina ikusteko dago bere iritzia inposatzeko nahikoa tarte izango ote duen; izan ere, Di Maiok eta Salvinik izaera indartsua dute, eta ez daude bigarren mailako rola izateko prest.

Sergio Mattarella Italiako presidenteak gaur jakinaraziko die bi indar politikoei lehen ministrogaia onartzen ote duen; hala egingo balu, Conteri gobernua osatzeko zeregina emango lioke, eta aste honetan Italiako Parlamentuko 630 diputatuek bozkatuko lukete hautagaitzaren inguruan. M5Sk 222 ordezkari ditu ganberan, eta Legak 124, beraz, ez legoke arazorik atzo proposaturiko hautagaia lehen ministro izendatzeko. «Une historiko baten aurrean gaude», laburbildu zuen atzo Di Maiok Mattarellarekin batzartu ostean.

Ibilbide akademiko luzea

Contek legelari langela bat du, eta Florentziako Unibertsitateko eta Erromako Unibertsitateko irakaslea da. Ibilbide luzea eta arrakastatsua egin du munduko unibertsitate ezagunenetan, besteak best, Yalen (AEBak), Sorbonan (Frantzia) eta Cambridgen (Erresuma Batua). «Meritokraziaren» aldekoa da, eta burokraziaren aurkakoa; hain justu, 600 bat lege indargabetzea proposatu zuen hauteskunde kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.