Ostadar koloreak, ilunduta

Obamak dio ez dagoela froga garbirik Orlandoko erasoa EIrekin lotzeko, talde jihadistak bere gain hartu arren. Erasotzaile batek 49 lagun hil ditu tiroz, LGTB komunitatea elkartzen den lokal batean

LGTB komunitatea babesten duten herritarrak, Orlandoko biktimen omenez Etxe Zurian atzo egindako elkarretaratzean. JIM LO SCALZO / EFE.
2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Mundu zabaletik iritsi zaizkio Orlandoko hiriari (AEB) atsekabe eta dolu mezuak. Gaitzespen hitzak jaso ditu, aldiz, erasoak: «Gorroto erasoa izan da», salatu zuen Barack Obama AEBetako presidenteak. Gay harrotasunaren hilabetea ari dira ospatzen AEBetan, eta erasoak bete-betean kolpatu du LGTBen komunitatea: erasotzaile batek 49 lagun hil eta dozenaka zauritu zituen tiroz joan den asteburuan Orlandoko Pulse lokalean. LGTB komunitatekoak biltzen diren lokala da Pulse, eta igande goizaldea izaki ehunka lagun zeuden bertan. Tiroz hil zuen poliziak erasotzailea, lokalaren albo batean zulo bat egin eta bahituak askatzen zeudela. Omar Mateen izenez identifikatu dute.

Zauriak oraindik zabalik jarraitzen duen bitartean, AEBetako inteligentzia zerbitzuek hari muturrei tiraka jarraitzen dute, 2001eko irailaren 11z geroztik herrialdean inoiz egin duten eraso bortitzena ikertzeko. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, baina, FBIk dio ez dagoela zantzu garbirik, Mateen erasotzailea talde jihadistarekin lotzeko. «Kaliferriak Ameriketan zeukan soldadua zen», adierazi zuen EIk Al-Bayan irratitik igorritako mezuaren bidez, eta EIren Amaq berri agentziak ere igandean bertan aldarrikatu zuen erasoa. Mateenek afganiarrak ditu gurasoak, eta espekulazioak hazi egin dira. Frogarik ez dago, ordea. «EIri lotutako webgune batek erasoa txalotzeak ez du ezer esan nahi», adierazi dio Reuters agentziari ikerketa sekretupean zuzentzen ari den arduradunetako batek.

Obama presidenteak ere zuhurtzia eskatu du. «Ezin da oraindik jakin erradikalek zuzendu duten ala ez, ez eta plan terrorista bat izan den», nabarmendu zuen atzo Etxe Zuritik, segurtasun nazionaleko taldearekin bildu ostean. Erasoa «lurralde barneko estremismoa» dela esan zuen Obamak, eta San Bernardino eta Kaliforniako kasuekin lotu zuen. «Momentuz, ezin dezakegu esan kanpotik zuzendu dutenik erasoa. Aukera guztiak aztertzen ari gara». Halere, aitortu zuen «posible dela» erasotzailea EIrengan inspiratu izana. Gainera, Obamaren ustez, adierazgarria da erasoa LGTB komunitatea elkartzen den lokal batean gertatu izana, eta adierazi du EIk eta al-Qaedak gay eta lesbianak dituztela jomugan, beren «ideologia hondagarriagatik eta homosexualitatearen inguruko sinesmen erlijiosoengatik».

AEBetako inteligentzia zerbitzuek uste dute Mateen otso bakartia zela; hau da, bere kabuz antolatu zuela Orlandoko erasoa, inoren aginduei jarraitu gabe. Halere, asko espekulatu da eragileez; Pulse lokalera sartu baino lehenago erasotzaileak larrialdietara deitu eta leialtasuna agertu zion EIri, azaldu du Poliziak. Dei horretan, gainera, Tsarnaev anaiekin erkatu zen, 2013ko Bostongo maratoiko helmugan zartatu zuten lehergailuagatik.

«Erasoak ez du zerikusirik islamarekin. Ez du eragin erlijioak», zioen Mir Seddiquek, Mateenen aitak, eta ukatu egin du semeak Estatu Islamikoarekin inolako loturarik izatea. Seddique ospetsua da bere jaioterrian, AEBetan telebista programa bat zuzentzen baitu Afganistango gaien inguruan. Aitortu du bere semeak gorroto zituela homosexualak, baina harritu egin du haien aurka eraso egin izana: «Jainkoaren eskutan dago homosexualak zigortu ala ez», zioen sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. Eraso homofoboak gelditzeko deia egin zuten lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen komunitateetako defendatzaileek, eta neurri «argiak» eta «sendoak» hartzeko exijitu diete AEE Amerikako Estatuen Erakundeko estatuei. «Gure bihotzak hautsita daude, Orlandoko LGTB komunitatearen aurkako eraso beldurgarri honek eragin dituen biktimengatik», azaldu zuen agiri batean Glaadek, homosexualen alde AEBetan eragin handienetarikoa duen erakundeak.

Egun hauetan izan da LGTB komunitatea jomugan izan duen beste eraso saiakera bat ere. Herenegun Santa Monicako (Kalifornia) poliziak armaz eta lehergailuz betetako automobila gidatzen zihoan gizon bat atxilotu zuen. Gizonak Los Angelesko Gay Harrotasunaren Eguneko desfilean eraso egitea zuela xede adierazi zuen Los Angelesko alkate Eric Garcettik.

Armen auzia, gori-gori

FBIk gertutik jarraitzen zuen Mateenen arrastoa; 2013an ikerketa bat zabaldu zuten haren aurka, lankideen aurrean Estatu Islamikoa goratu zuelakoan. Dena den, hori ez du traba izan Mateenek hainbat arma eskuratzeko. Tartean, AR-15 errifle erdi-automatikoa, beste hainbat tiroketa handitan erabili izan dutena erasotzaileek. Kalkulatzen da halako 3,3 milioi errifle daudela AEBetan, eta, Floridan, esaterako, egunean bertan eros daiteke. Igandeko erasoak auzitan jarri du berriz ere AEBetan armak erosteko erraztasuna. Chicagon, asteburuan, zazpi lagun hildira, hirian izandako hainbat tiroketatan.

Obamak ere izan du mintzagai auzia, eta gogoratu du Orlandoko erasoek garbi erakusten dutela «zein erraza den arma bat norbaiten esku egotea eta tiroka hastea. Bai eskoletan, bai gurtzarako lekuetan, zinema aretoetan, bai dantzalekuetan». Obamak behin baino gehiagotan agertu du legeen bidez armak mugatzearen aldeko jarrera.

Kanpainan murgildutako politikariek ere hizpide izan dute erasoa. Donald Trump hautagai errepublikanoak inteligentzia zerbitzuak hobetzeko beharraz mintzatu zen, «gorrotoz gaixorik daudenak garaiz antzemateko».Trump AEBetan jaio eta «erradikalizatu» diren milaka musulmanen inguruko informazioa biltzearen alde agertu zen atzo. «Meskitetan begiratu behar dugu. Musulmanen komunitateak begiratu behar ditugu», azaldu zion ABC telebista kateari. Armen inguruan ere hitz egin: «Lokalean jendeak armak izan balitu, hildako gutxiago egongo ziren».

Demokraten hautagai Hillary Clintonek uste du «alderdikeria» ez dela erantzun ona, ez eta «erlijio oso bati» gerra deklaratzea ere. «Nik ez dut inor deabrutzat joko. Ez naiz demagogoa izango», erantzun dio Trumpi. Clinton eskuzko armen kontrola handitzeko neurriak hartzearen alde mintzatu zen. «FBI norbait ikertzen ari bada, pertsona horrek ez luke armarik erosteko aukerarik izan beharko». Atzo egindako adierazpenetan gogoan izan zuen LGTB komunitatea ere: «LGTB komunitateak jakin behar du milioika aliatu dituela gure herrialdean barrena. Ni horietako bat naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.