Justizia Ministerioarekin bilkura eginen dute bakegileek heldu den astean

Parisko mobilizazioa «lorpen» bat izan zela azpimarratu dute. Frantziako Gobernuaren urrats konkretuen esperoan, «baikor» agertu dira
Oiartzabal, Azkarraga, Funosas eta Berhokoirigoin, atzo, prentsaurrekoan.
Oiartzabal, Azkarraga, Funosas eta Berhokoirigoin, atzo, prentsaurrekoan. I.M.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko abenduak 23
Hilaren 9ko Parisko mobilizazioa «erreusitua» izan zen, Mixel Berhokoirigoin bakegilearen iritziz. Agerraldia egin zuen atzo, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentearekin, eta Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal Sareko arduradunekin batera, eta ondoko asterako bilkura iragarri zuen Frantziako Justizia Ministerioan. Orain arte emandako mezu bera errepikatu zuen: «Urratsak behar ditugu».

Bilkura abenduaren 27an izanen da, seguruenik, eta azpimarratu zuten Pariskoak utzitako argazkiarekin joanen direla bertara. Berhokoirigoinek argi erran zuen: ez dute «baikortasuna bortxatu nahi», baina azpimarratu zuen gaur egun ez dutela elementurik beren esperantza «dudan» ezartzeko. Funosasen hitzetan, abenduaren 9koak markatutako «tonuarekin eta edukiarekin» joanen dira Justizia Ministerioko bilkurara. Ohiko ordezkaritza izango da: Mixel Tubiana LDHko ohorezko presidentea, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Vincent Bru Martxan-eko diputatua, Funosas Bake Bideko presidentea eta Berhokoirigoin bakegilea.

Jendearen parte hartzea handia izan zen Parisen, eta mezu aldetik ere aniztasun handia izan zela nabarmendu zuen atzo Berhokoirigoinek. «Euskal Herria Parisen zen, eta Parisko eragileak ere bai», adierazi zuen. Funosasen iritziz, «salbuespen neurrien» kontrako dinamika da Parisen agertu zena, «zuzenbidea aplikatzearen aldekoa». Baikortzat jo zuten Aritz Arginzonizen eta Aitzol Iriondoren nazioarteko zigorren bateratzea onartzea auzitegiak. «Espainian, bederatzi lagunek preso segitzen dute eskubide hori ukatzen zaielako».

Kezka ere agertu zuten, Ion Kepa Parot baldintzapean askatzeko eskaeraren auzian prokuradoreak erakutsitako jarrerarekin. «Lotsagarritzat» jo zituen haren hitzak Funosasek. «Errespetu falta ikaragarria da Euskal Herrian egiten ari denarekiko; onartezina da». Adierazten duen perspektiba «iluna baino ilunagoa» delako, lehentasun gisa ezarri dute terrorismoaren aurkako ministerio publikoaren jarrera aldatzea.

Joseba Azkarragak bakegileen lana zoriondu zuen Sareren izenean, Hego Euskal Herrian ere aniztasun politiko bera batzeko lanean ari direla azalduta. Frantziako Gobernua hartzen ari den «jarrerek» nolazpaiteko «bakartasunean» utziko dute Espainako Gobernua, haren ustez.

Urtarrilaren 13an Bilboko karrikak betetzera deitu zuen, eta euskal presoen gaia konpontzeko urratsak eskatu: urruntze politika bukatzea, larriki eri diren presoak askatzea eta salbuespenezko neurriak bukatzea. Bakegileek ere dei egin dute mobilizazioan parte hartzeko.

Kinkea aurkeztu du Etxerat-ek

Elkartearen jarduera finantzatzeko kanpaina abiatu du Etxerat-ek: Kinkea. Zigor Merodio artistaren Erraldoia litografiaren 20.000 ale saldu nahi dituzte, urtarrilaren 1etik martxoaren 20ra, bakoitza 25 euroan. Gero, zozketa eginen dute erosle guzien artean: 100 eta 20.000 euro arteko sariak irabazteko aukera izanen du parte hartzaile bakoitzak. 2018. urtean, gisa horretako lau produktu promozio egin nahi lituzkete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna