ETB1ek azken sei urteetako datu onena lortu du abuztuan

Euskarazko kateak %2,8ko ikusle kuota bereganatu du EAEn. ETB2k %8,1eko kuota izan du, 2018. urtean lortutako txikiena

ETB1ek azken sei urteetako datu onena lortu du abuztuan.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
ETB1ek datu onak bereganatu ditu uztailean eta abuztuan: lehen hilean, %2,7ko ikusle kuota, eta bigarrenean, %2,8koa. Hain zuzen ere, abuztuko datu hori da hilabete batean euskarazko kateak lortu duen onena 2012ko apiriletik. Orduko hartan, %3,1eko kuota erdietsi zuen, baina kontuan izan behar da hilabete hartan Txapeldunen Ligako finalerdiak eman zituela ETBk.

Sei urte geroago, kirol emanaldiek jarraitzen dute ETB1 kateari datu onenak ematen. Abuztuan, Bastidako pilota torneoaren finala ikusi da katean gehien: %16,6ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %35,8—. Emaitza ona lortu zuen, halaber, Reala-Athletic futbol partidak: %15eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %21,9—. Baita egun berean, abuztuaren 4an, Donostiako Klasikoak ere: %12,1eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %17,6—.

Kirol emanaldiek ez ezik, datu oso txukunak izan dituzte gauetan Donostiako Aste Nagusiko eta Bilboko Aste Nagusiko emankizunek ere: Donostiakoek, batez beste, %5,2ko kuota lortu dute, eta Bilbokoek, %4,8koa. Albistegiei dagokienez, Gaur egun-ek hilabete osoan %4,1eko audientzia zatia izan du —euskaldunen artean, %10,4koa—, eta eguerdiko eguraldiak, %5,1ekoa —euskaldunen artean, %10,6koa—.

Uda ona izan da ETB1entzat, kontuan hartuta urte osoko batezbestekoa %2 dela. Iazko udarekin alderatuta ere bada aldea; aurtengo uztailean, iaz baino hiru hamarren gehiago bereganatu ditu kateak, etaabuztuan, zazpi hamarren gehiago.

ETB2 katearentzat, aldiz, 2018ko hilabeterik txarrena izan da orain arte abuztua: %8,1eko ikusle kuota izan du, uztailean baino hiru hamarren gutxiago. Iazko abuztuarekin alderatuta, ordea, hamarren bat irabazi du gaztelaniazko kateak.

ETB3k %0,3ko ikusle kuota lortu du abuztuan, eta ETB4k, %0,6koa.

Datu horiek guztiak telebista kontsumoa inoiz baino txikiagoa den sasoian izan dira; abuztuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak egunean 161 minutu pasatu ditu telebistaren aurrean —iazko abuztuan baino hamar minutu gutxiago—. Nafarroan, telebista kontsumoa 189 minutukoa izan da, iaz baino lau minutu gutxiago.

Irailean ere, kirola oso garrantzitsua izango da ETB1en; igandean, Kontxako Banderako emakumezkoen estropadak %13, 8ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %20,9koa—, eta gizonezkoenak %28,4koa —euskaldunen artean, %36,8koa—. 114.000 ikuslek egin zuten bat uneren batean ETBko zuzeneko emanaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.