'The Lord of the Rings' euskarara bikoiztuko dute

Amazon Prime Videok irailaren 2an estreinatuko du telesail hori. Bilboko Mixer estudioan egingo dute euskarazko bikoizketa

Amazonek telesailaren irudi ikusgarriak zabaldu ditu. AMAZON PRIME VIDEO.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Inoiz egin den telesailik garestiena eta Tolkienen unibertsoen berpiztea. Amazon Prime Video plataforma denen ahotan jarriko duena. J.R.R. Tolkienen liburuen eta Peter Jacksonen filmen zaleak pantailari begira-begira jarriko dituena. Hori eta gehiago izango da The Lord of the Rings: The Ring of the Power telesaila. Irailaren 2an estreinatuko du Amazonek fikzioa mundu osoan, eta aukerazko hizkuntzen artean euskara egongo da —azpidatziak egun berean egongo dira erabilgarri, eta bikoizketa egun batzuk geroago—. BERRIAk jakin duenez, katalanera ere bikoiztuko dute telesaila.

Bilboko Mixer estudioan bikoiztuko dituzte lehen denboraldiko atalak. Estudioko iturriek «talde lana» nabarmendu dute. Estudioko ordezkari batek azaldu du alde guztien «ahalegina» eta «gogoa» dagoela «dena ondo bideratzeko». Ez dute izenik eman nahi izan, eta, oraingoz, ez dute adierazpenik egingo.

Telesailaren lehen denboraldia ez dute osorik eta batera estreinatuko. Lehenbizi, atal bat edo bi izango dira, eta, ondotik, astean behin sareratuko ditu atalak Amazon Prime Videok. Hain justu, plataformak iragarri du harpidetzaren kostua garestitu egingo duela irailean.

The Lord of the Rings: The Ring of the Power-en istorioak J.R.R. Tolkienen liburuko eta Jacksonen filmetako garaia baino milaka urte batzuk lehenago gertatzen dira. Erdiko Lurraldearen bigarren aroan hasten da, hain zuzen ere. Boterearen eraztunak sortu ziren unea jasoko da, Sauron ilunaren sorrera, Numenor erreinuaren historia, eta elfoen eta gizakien arteko aliantza.

Bigarren denboraldia ere grabatu dute jada. Lehen zortzi atalak Zeelanda Berrian filmatu bazituzten ere, bigarren denboraldia Erresuma Batuan grabatu dute.

Patrick McKay telesaileko sortzaile eta ekoizle eragileak San Diegoko (AEB) Comic-Con jaialdian iragarri du Numenorreko erreinua «Firenze errenazentista» gisakoa izango dela, eta eraztunen forjatzea agertuko dela. Alegia, zazpi eraztun ipotxentzat, bederatzi gizaki hilkorrentzat, eta eraztun bat jaun ilunarentzat. Baina Numenorren gatazkak piztuko dira, eta taldeen arteko banaketak eta liskarrak egongo dira. Pertsonaien artean, hobbiten arbasoak azalduko dira: harfootak. Bestalde, Arondir ausarta orkoen antzeko izaki maltzur batzuek dute harrapatua, eta ihes egiten ahaleginduko da. Elrondeko mundu liluragarria ere azalduko da aurreneko denboraldian.

Telesailaren sortzaile nagusiak McKay bera eta J. D. Payne dira. Baina, haiekin batera, zinemagintzako eta telesailen munduko profesional ugari batu dira proiektura: tartean dira J. A. Bayona, Charlotte Brandstrom eta Wayne Che Yip. Aktoreen artean, berriz, Cynthia Addai-Robinson, Robert Aramayo, Owain Arthur eta Maxim Baldry daude.

Ez da nolanahiko ekoizpena Amazon Prime Videorena: lehen denboraldiak 388 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. HBOren Game of Thrones-en denboraldi bakoitza kostatzen zen halako lau izango da The Lord of the Rings-en kostua.

Animazioa Netflixen

Fantasiazko ekoizpen garestia izango da Amazonek euskarara bikoiztuta estreinatuko duen lehen telesaila —katalanera bikoiztuta estreinatu dute jada The Terminal list—. Katalogoan bost film daude euskarazko audioarekin.

Netflixek, berriz, abuztuaren 5ean estreinatuko du euskarara bikoiztutako animaziozko lehen telesaila: Super Giant Robot Brothers. Euskarara bikoiztuta jarri zuen lehen filma The Sea Beast izan zen. Dortoka ninjen film berria euskarara bikoiztuta estreinatuko du Netflixek datorren astean. Eta Guillermo del Tororen Pinotxo ere euskarara bikoiztuko du plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.