Mikel Orbañanos. Hondarribiko entrenatzailea

«Gogoa badu, neguko lana ez zaio gogorra egiten arraunlariari»

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hamabosgarren negua du Hondarribiko entrenatzaile gisa Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973).

Neguko lana zenbateraino da funtsezkoa udako?

Fisikoki ondo egon behar da arraunean, eta lan handia dago atzean, udan ondo egoteko. Erresistentzia du bereizgarri arraunak, eta orain lantzen da.

Nola banatzen duzue uda bitarteko lana?

Orain, bolumena lantzen dugu ergometroan eta uretan. Serie luzeak eta erritmo baxuan egiten ditugu. Pisua altxatzen ere ibiltzen gara orain. Gero, intentsitatea sartzen dugu: serie motzak eta erritmo bizikoak; udaberri aldera hasten gara horrela.

Lehengo aldean, zertan aldatu da neguko prestakuntza?

Korrika gutxiago egiten du orain arraunlariak, lehen ez zegoelako ergometrorik.

Uretan, neguan, lehen baino ordu gehiago pasatzen dituzue?

Bai. Urtarriletik aurrera, asteko egun batean uretara ateratzen gara, eta baita larunbat-igandeetan ere. Azaroan eta abenduan, larunbata soilik egiten dugu uretan.

Gustagarriago egingo zaio arraunlariari uretako lana, ezta?

Dudarik gabe. Bere kirola lantzen du uretan, eta hori nahi du.

Neguko lana hutsetik hasten da, ala aurreko denboraldian egindakoaren segida izan daiteke?

Segida da, bai.

Opor garaian pisua zaintzeko agintzen diezu arraunlariei?

Agindu ez, baina badakite zama handia dela pisu askorekin hastea. Atsedena behar du arraunlariak, baina hamar bat kilo baino gehiago hartzea atzerapausoa da.

Eguraldi epelarekin aritu izan zarete azaro eta abenduan. Aldarazi egin dizue prestaketa?

Ez. Guretzat gozamena izan da uretako lana giro epelarekin egin ahal izatea.

Zati hau da gogorrena arraunlariarentzat?

Gogoa eta ilusioa badauka, ez zaio gogorra egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.