Berako beterano gazteen urtea

2014ko diskoak aukeratu dituzte Julen Azpitartek, Inaxio Esnaola Aranzadik, Kepa Matxainek eta Andoni Tolosak.

Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunen diskoak hautatu dituzte haietako bik
Borrokan taldea, Hondarribiko Psilocybenean: Iñaki Iratzoki, Iñigo Telletxea, Joseba Lertxundi, Mikel Lertxundi eta Ibai Gogortza.
Borrokan taldea, Hondarribiko Psilocybenean: Iñaki Iratzoki, Iñigo Telletxea, Joseba Lertxundi, Mikel Lertxundi eta Ibai Gogortza. ASIER GOGORTZA

Mikel Lizarralde -

2015eko urtarrilak 3
Berak (Nafarroa) musika harrobi sendoa duela jakina zen aspaldi. Talde eta musikari ugari atera da Bortzirietako herritik, eta haietako askok aitorpena lortu dute denborarekin, Euskal Herrian ez ezik, baita kanpoan ere. Horren lekuko, iazko disko gustukoenez galdetuta, Berriako lau kritikariek han eta hemen aipatu dituzte Berako musikariak. Bik hautatu dituzte Joseba Irazoki eta Lagunen izen bereko lana eta Borrokan taldearen azkena (Zuak); beste batek Pettiren Astirtitan, eta Morau eta Beñardoren —azken hori Nafarroako herrikoa— Arrainentzako himnoak lana ere hautatuen artean dago.

Julen Azpitarte. Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

BAKELITE. 'Azeriak'

Hasierako singleetan sumatu nuen Bakelite bikoteak blues-aren erritmoekin erakusten zuen joera nabarmena. Iraupen luzeko estreinako lan honetan ere folk-blues eta western-surf instrumentalaren itzala luzea da, batez ere gitarraren soinuan; alabaina, bestelako sonoritateetan sartzeko ausardia ere agertu dute: Merkatura kantuan dub atmosferetan galdu dira. Naiararen ahots eta danborrak, gainera, leun-leun sartu eta ateratzen dira Sergioren sei harien artetik. Horretaz gainera, zuzenekoetan gero eta hobeto ari dira.

BORROKAN. 'Zuak'

Isilune luzeak izaten dituen talde bat da Berakoa, eta horrek nolabaiteko misterioa ere ekarri dio taldeari. Halere, disko honi esker, taldea jende gehiagorengana iritsi da, eta 2007an argitaratutako Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke. Oraintxe! lanari jarraipen bikaina eman dio. Ohiko garapen luze, erritmo aldaketa, gitarra jolas eta oinarri zehatzari bestelako giroak ere gehitu dizkiote; horren erakusgarri, kutsu arabiarreko Ezinaren garraiolariak doinua. 90eko urteetako ikur Anphetamine Reptile, Touch and Go eta Dischord etxeetan oroitzapenetan itsasten den lan bat da. Horretaz gainera, groove handikoa da; ohartu gabe, mugiarazten zaituzten horietakoa.

JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK. 'Joseba Irazoki eta Lagunak'

2009an argitaratutako Euria ari du lanaren zale amorratua naizen aldetik, irrikan nengoen lan hau entzuteko; alegia, orkestra gizonaren formatua alde batera utzita, Irazokiren kantuak banda batekin entzuteko amorruz nengoen. Emaitza ikaragarria da. Ohiko duen folk kutsu akustikoaz gain, askotariko giro eta pasarteak loratzen dira diskoan: elektronika uneak, jazz tankerako haizeak, ahots landuagoak, oldarraldi elektrikoak, erritmo errepikakorrak, bibrafonoa, ekoizpen sendoagoa… Horretan guztian zeresan handia izan dute nafarrak inguruan izan dituen lagunek, haien ekarpena erraldoia izan baita. Itzali ezin den sumendia da.

NAZIOARTEKOAK

SLEAFORD MODS. 'Divide and Exit Harbinger Sound'

2014an entzun dudan diskorik onena ez bada, harrigarriena bada. Nottingham hiriko gizonezko bikoteak hip hop minimalista eta punk-rockaren amorrua uztartzen ditu. Andrew Fearnek eta Jason Williamsonek osatzen dute bikotea. Lehenengoak baxu eta bateriarekin ondutako oinarri sinpleak tirokatzen ditu ordenagailutik; bigarrenaren etorria, berriz, amaiezina da. Emaitza sorpresa originala, erakargarria eta borrokazalea da. Wu-Tang Clan, The Fall, ESG eta harrotasun proletarioa garagardo bitsetan bustita.

TOTAL CONTROL. 'Typical System'

Straighjacket Nation, Eddy Current Suppression Ring eta UV Race taldeetako musikarien egitasmo paraleloa da Total Control, eta, aurten, bigarren lana argitaratu dute. Teklatuekin eta erritmo kutxen erritmoekin ondutako grabazio honek mendekotasuna eragiten du. Hala, Melbourne hiriko post-punk taldeak, batzuetan, punk ernegua erakusten du (Expensive Dog eta Systematic Dog); beste batzuetan, berriz, elektronika hotzean murgiltzen da (Glass eta Liberal Party). Uztarketaren bitartez, lan hipnotikoa gauzatu dute.

Inaxio Esnaola. Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

BERRI TXARRAK. 'Denbora da poligrafo bakarra'

Urteen joan-etorrian landu dituzten aldarteen bilduma da. Hiru disko batean, mezu gordinak eta hiru sentsazio: gogorra, melodikoa eta bizia. Gorka Urbizuk gidaturiko taldearen erronka berriak harrera beroa izan du, eta hori nabarituko da kontzertu birarekin hasten direnean. Euskal kulturak behar duen autokritikaren aurrean, salbuespenetako bat dira. Nola lortu dute belaunaldi berriak erakarri eta zaharrak mantentzea? Galdera ona.

COHEN. 'Rooms'

Urnietacore. Etiketaren jabe egin zenetik, biziberrituta dabil hirukoa. Post-hardcore musikaren unibertso zailean, gauzak errazten saiatu da. Ruben, Joseba eta Iñigok gogoa eta norabidea aurkitu dute. Ahots urratuak gutxitu direnean, pasarte tekniko eta nahasiagoak landu dituzte beren ibilbideko bigarren lan luzean. Madrilen txukun ekoiztutakoa hasiak dira zuzenean aurkezten. 

GABEZIA. 'Bilanx'

Estimatzekoa da beste zerbait eskaintzen duten talde hasiberriez gozatzea. Lasarte-Oriako bandaren estreinako lanak déjà vu ugari baditu ere, osagaiak beste era batera daude ordenatuta. Metal alternatiboak faltan duen freskotasunera hurbiltzeko ahalegin ona egin dute gipuzkoarrek. Itzalean dabilen arren, gurean jorratzen den metal musika zinez interesgarria da. 

NAZIOARTEKOAK

NIGHTINGALE. 'Retribution'

Dan Swano musikari suediarrak bere onena eman du, beste behin. Hard rock progresibo atsegina.

DIE ANTWOORD. 'Donker Mag'

Hegoafrikatik AEBetara iritsi dira, musika eta bizitza bera ulertzeko duten modu bereziarekin. Hip hopa, elektronika, sexua eta anabasa.

KEPA MATXAIN. Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK. 'Joseba Irazoki eta Lagunak'

Riff errepikakorren gainean osatutako inprobisazio sorta eldarniozkoa bildu dute Joseba Irazokik eta Lagunek disko berrian. Segundoz segundo haziz doazen kantuak, minimalistak oinarrian, amaitu aurretik oihartzun ugari eta askotarikoak izatera ailegatzen direnak. Kalitate bikaineko musikari kuadrilla bat batu zeneko soinu testigantza. 

MORAU TA BEÑARDO. 'Arrainentzako himnoak'

Kantua ona bada, apaingarririk gabe ere ona izango da. Halako zerbait adierazi izan dit Morauk bere ibilbide osoan, eta disko berrian are gehiago —kantuen sortze prozesu guztia sarean edonoren eskuragarri jarrita—. Beñardorekin elkarlanean, gitarra eta ahots soila nahikoa izan ditu, ironiaz ongi blaitutako hitzen laguntzaz, bizi garen garaion kronika jasotzen duten 16 kantu borobil osatzeko. 

BORROKAN. 'Zuak'

Aitor dut belarria pop koordenadetan —pop-aren adiera klasikoan— hezia dudala batez ere, eta sarri murriztaile zaidala hori, gainontzekoen aldean ildo horretako egitura eta harmoniak erreproduzitzen dituzten kantuak baliostera jo ohi dudalako inertziaz. Hortaz, desikaste eta digestio lan pixka bat eskatu zidaten Borrokan-en erritmo hautsiek, inoiz heltzen ez den eztanda handia iragartzen duten abisu sarriek. Hori bai, Zuak diskoak patxada eta arreta eskatuko ditu agian, baina horixe eskaintzea aski da entzunaldiz entzunaldi areago gozatzeko.

NAZIOARTEKOAK

REAL ESTATE. 'Atlas'

Pop kantu ezin borobilagoen bilduma. Malenkoniaz inguratutako alaitasun izpiak jaurtitzen ditu diskoaren hasieratik amaieraraino. Nahiz eta tartean behin eman lezakeen deus berririk ez dutela egiten, askotan erabilitako formula arrunt bat errepikatzen ari direla, oharkabean piezak elkarrekin batzen hasiko dira, eta kantuek imajina ezinezko dimentsio bat hartuko dute. Niretzat, urteko diskorik onena.

THE WAR OF DRUGS. 'Lost in the Dream'

Ordena burutsu bat antzematen da The War on Drugsen berrienean, atal bakoitza aurrez tentuz egituratu balitz bezala, behar duen tokira ailegatzeko. Soinu dotorea lortu dute, apurka dastatzekoa, bere fintasun kalkulatuan gozagarria. Kantu bakoitza bidaia kontrolatu antzeko zerbait da, urrunegi ailegatzean zerbaitek behera tirako balio bezala. Neurritasun horretan jotzen dute goia kantuek. 

Andoni Tolosa. Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

ARKAITZ MINER. 'Esan'

Bagenuen Errenteriako musikariaren gustu eta trebezia musikalaren berri. Disko honi esker, deskubritu dugu gustu berbera duela testuak aukeratu eta haiek kantu bihurtzeko. Herri musika eta egile kantuaren munduek bat egiten dute kanta sorta bikain honetan. Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, gainera kantari ere bikain moldatzen da; hori pagotxa!

SAIOA. 'Bi'

Disko honek biluztasuna du ardatz eta balio nagusia. Edergarririk, distrakziorik gabeko kantu sorta da, non oso nabarmen geratzen den bi kantarien ofizioa. Ez dira hasiberriak, eta nabaritzen da, baina nago diskoak haize fresko ugari ekarri diola euskal kantagintzari. Topikoek ez dute balio, konpromisoa eskatzen duen diskoa baita.

PETTI. 'Astirtitan'

Kantu luzeak laburregia gertatzen den diskorako, hori izan daiteke Pettiren azkenaren laburpena. Ez dugu deskubrituko orain Berakoaren gaitasun ikaragarria. Bost kantu hauek horren adibide garbia dira, baina diskoak... gogoarekin uzten zaitu. Iruditzen zait oraindik Pettiren lan definitiboaren zain jarraitu beharko dugula. 

NAZIOARTEKOAK

TOUMANI DIABATE & SIDIKI DIABATE. 'Toumani & Sidiki'

Afrika osoko kora jotzailerik entzutetsuenak leku egin dio bere semearen maisutasunari. Kritikari askok Ali Farka Tourerekin batera duela 14 urte burututako Toumani & Ali maisulanarekin alderatu du. Dena den, Diabatetarrek disko bat ateratzen dutenean ohikoa da horrelako zerrendetan topatzea. 2014a ezin salbuespena izan. 

MOUSSUT ET LEI JOVENTS. 'Operete'

Marseillako enbaxadore musikalen azken lanak, taldearen hasierako diskoen freskotasuna berreskuratu du. Horretarako, hiriko kabaretetako 20ko hamarkadako pieza historikoak berreskuratu eta bere diskurtso musikal lotsagabera ekarri dituzte. Alai eta freskagarria.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna