ETB1ek %1,9ko kuota izan du ekainean, datu txikiena urritik

Aurreko bi hilabeteekin alderatuta, euskarazko kateak zazpi hamarren egin du behera. ETB2 bi hamarren jaitsi da ekainean
<em>Ur handitan</em> saioak %5,5eko ikusle kuota lortu zuen joan den astean.
Ur handitan saioak %5,5eko ikusle kuota lortu zuen joan den astean. ETB

Urtzi Urkizu -

2018ko uztailak 3
ETB1ek apirilean eta maiatzean lortu zituen denboraldiko ikusle daturik onenak; %2,6ko batez besteko ikusle kuota bietan. Ekainean, aldiz, beherantz egin du nabarmen, eta, zazpi hamarren galduta, %1,9ko kuota erdietsi du. Azkeneko zortzi hilabeteetan izandako daturik txikiena da hori. Iaz ere, ekaina hilabete txarra izan zen euskarazko katearentzat —%1,6ko kuota—.

Pilota txapelketen finalerdiek eta finalek utzitako datu onen ajea pilatu du euskarazko kateak ekainean; apirilean, eskuz binakako finalak %16,2ko ikusle kuota izan zuen; maiatzean, buruz buruko finalak %23,7ko kuota. Maiatzaren 27an amaitu zen txapelketa hori, eta handik aurrera ETB1ek eman dituen pilota partidek emaitza apalagoak izan dituzte. 2017ko urte osoko batez besteko kuota %2koa izan zen. Horrenbestez, apirileko eta maiatzeko gorakada jo daiteke ezohikotzat —pilota txapelketen eraginez, bereziki—; ekaineko datu apala ohikoagoa da.

Denboraldiari errepasoa eginez gero, bestalde, nabarmentzekoa da Herri txiki, infernu handi saioak lortu dituen datuak: batez beste, %5,6ko kuota izan du, eta euskaldunen artean liderra izan da igandero, %14,3ko kuotarekin.

Ur handitan saioaren datuak apalagoak dira, baina hala ere erraz ibili da katearen batez bestekoa baino gorago: %2,8ko kuota denboraldi osoan, eta %7,8koa euskaldunen artean. Joan den astean, alkoholismoari buruzko erreportajeak %5,5eko kuota izan zuen. Gaur gauean, eraso sexisten inguruan ariko dira, eta bi aldiz bortxatu duten neska baten lekukotza jasoko dute. Gero, aurretik gai berdinaz estreinatutako erreportajea emango dute.

Go!azen telesailak batez beste %5,8ko ikusle kuota lortu du denboraldi honetan —4-12 urte artekoen artean, %43,2koa—.

Errusia-Espainia partida

ETB2 kateak, bestetik, %8,2ko ikusle kuota izan du ekainean, aurreko bi hilabeteetan baino bi hamarren gutxiago —iazko ekainean %7,4ko kuota izan zuen—. ETB3k %0,4ko kuota izan du, eta ETB4k %0,5ekoa.

Tele5 liderra da, eta alde handia ateratzen dio bigarren kateari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Uztailean, datu are handiagoak izango ditu Mediaseteko kateak, Munduko Kopako partidei esker. Igandean, Errusia-Espainia lehiako lehen 90 minutuek %60,5eko ikusle kuota bereganatu zuten hiru herrialdeetan; luzapen denborako 30 minutuek %65,6ko ikusle kuota izan zuten, eta penaltiek %72,7koa (504.000 ikus-entzule).

ETB1eko Hauxa2 saioaren estreinaldiak %1,7ko ikusle kuota izan zuen igande gauean (13.000 ikus-entzule).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna