Seriesland jaialdian 'Otsoen lurraldean' estreinatuko dute

Bizirik irauteari buruzko istorio bat kontatuko dute, pertsonaia mitologikoak erabiliz. Urriaren 24tik 28ra egingo dute websailen jaialdia, Bilbon. Trailerra albistearen bukaeran.

<em>Otsoen lurraldean</em> websailaren posterra.
Otsoen lurraldean websailaren posterra. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko uztailak 7

Gero eta gehiago dira ekoizten ari diren euskarazko telesail digitalak, eta websail berezi bat estreinatuko dute urrian Bilboko Seriesland jaialdian: Otsoen lurraldean. Istorioa etorkizun postapokaliptiko batean egongo da girotuta: hondamendi nuklear baten ostean, gazte asozial batek eta bere txakurrak gaizkile beldurgarri batzuei egin beharko diete aurre. Websailak hamar atal izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikako sailburuordetzaren laguntza izan du.

Rose of Dollsek sortu du websaila, eta hark jokatuko du rol protagonista. Websailaren ardatza zein izango den iragarri du: «Bizirik irauteari buruzko istorio bat kontatu nahi dugu. Aurrera jarraitzeko egin beharreko borrokaren istorio bat. Fikzioan, emakume ahaldundu eta buruaski gutxi egon ohi dira, baina Otsoen lurraldean-eko protagonista izaera gogorreko andre bat da, eta ez du inor behar aurrera egiteko».

Websailak Euskal Herriko hainbat pertsonaia mitologiko bilduko ditu. Izan ere, Rose of Dollsek iragarri du Tartalo izango dela istorioko gaiztoa: «Haren jarraitzaileak jentilak dira, eta istorioan azalduko dira Mari eta Basajaun ere. Euskal Herriko naturak pertsonaiekin harremana izango du, gainera. Ezezagunerantz doan bidaia bat egongo da».

Sortzaileak nabarmendu du estiloak lotura izango duela 1980ko hamarkadako estetikarekin: «Ikusleak pentsatu ahalko du VHS zinta zahar bat ikusten ari dela. Kolore distiratsuak izango dira, naturalismotik aldenduta, eta ukitu espresionista batekin». Sortzaileak iragarri du estilo esperimentala izango duela. «Akzio asko egongo da; odoltsua eta iluna izango da telesaila».

Euskarazko bakarra Bilbon

Rose of Dollsekin batera, Oliver Mendek eta Ane Lindanek jokatuko dituzte rol protagonistak Otsoen lurraldean websailean. Gifted Corporation websailarekin —ingelesezkoa— harrera ona izan zuten nazioartean, eta hainbat sari irabazi zituzten. Otsoen lurraldean Argentinara eta Hego Koreara eramateko asmoa dute, eta Rose of Dollsek uste du websailen jaialdietan harrera ona izan dezakeela. «Mundu osoko jaialdietara bidaliko dugu».

Seriesland jaialdian, euskarazko websail bakarra izango da aurten Otsoen lurraldean. Euskal Herriko ekoizpenen artean, lan berriak aurkeztuko dituzte Patxi Urkijok, Josebah Espesok, Alexander Diaz Gomezek, Gorka Saenz de Buruagak eta Asier Makazagak.

Bilboko jaialdian branded content-ari (markei lotutako edukiak) eskainitako egun bat antolatuko dute, monetizazio aukerak aztertze aldera. Halaber, Basque-European Forum izeneko topaketa egingo dute, telesail eta film labur digitalak lantzen dituzten Europako enpresak eta Euskal Herriko profesionalek bilerak egin ditzaten. Lifestyle generoko websailen atal berri bat egongo da —hogei herrialdetako lanak aurkeztu dira—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna