Juan Karlos Izagirre: «Donostia 2016 arrakastatsua izango da»

Bruselako Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ri buruz egin duen txostena hiriarentzat «albiste ona» dela adierazi du alkateak

Izagirre, Donostia 2016 fundazioaren bilera baterako bidean. JON URBE / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Txostena positiboa da», nabarmendu zuen atzo Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Donostia 2016 fundazioko lehendakariak, kazetarien aurrean, Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ren proiektuari buruz argitaraturako txostenaren balorazioa egitean. «Zoriondu egin dute Donostia 2016, eta baita hiria ere», argudiatu zuen. Iragan martxoan Donostia 2016ko ordezkariak Jarraipen Batzordeko kideekin bildu ziren Bruselan, eta orduko elkarrizketan agertutako iritzi berberak agertu dituzte orain, txostenean, batzordeko kideek, Izagirrek azaldu duenez.

«Beren gomendioak ematen dituzte berriro ere, ohikoa izaten den bezala», aitortu zuen Izagirrek, «batez ere bi gai nagusitan: finantzaketa, azpimarratuz Espainiako Kultura Ministerioak ez duela zehaztu oraindik zer ekarpen egingo duen; eta produkzio zuzendaritzarik ez izateak sor ditzakeen arazoak, edo lanean ari diren langileen kopurua murritzegia izatea». Izagirrek uste du, ordea, kontu horiek «zuzentzeko bidean» daudela, eta balorazio orokorrak positiboa izan behar duela. «Bruselako txostena albiste ona da hiriarentzat».

Ministerioaren ekarpenaz

Espainiako Kultura Ministerioak emandako diru laguntza ez da izango —Donostia 2016 fundazioaren patronatuak, ministerioaren beraren oniritzirik gabe, 2012an onartu zuen bezala— 11 milioi eurokoa, baina 4.200.000 eurokoa izatea espero dute Donostia 2016ren arduradunek, nahiz eta oraindik guztiz zehaztu eta ziurtatu gabe dagoen.

Laguntza pribatuen arloan, oraingoz behintzat, aurretik esperotako neurrira ez direla iritsi aitortu zuen Izagirrek. Laguntza pribatuetako asko guztiz erabaki eta ziurtatu gabe daude, «oraindik ere ez delako plan orokor bat osatu eta zehaztu». Baina arlo horretan ere lantaldearen ahaleginek emaitza onak izatea espero du alkateak. «Enpresa askok adierazia dute Donostia 2016rekiko beren konpromisoa eta parte hartzeko gogoa, baina oraindik ez dute guztiz zehaztu nolako laguntza emango duten».

Donostia 2016ri laguntza eman edo ez erabakitzeko, enpresa asko maiatzeko hauteskundeen emaitzen zain ote dagoen galdetu ziotenean, Izagirrek esan zuen Donostia 2016 «hiriarentzat» eta «denontzat» izango dela «mesedegarri», hauteskundeen emaitzak edozein izanik ere, eta ez lukeela zentzurik izango, enpresen aldetik, laguntzak ematea edo ez ematea hauteskundeen emaitzen arabera erabakitzeak.

Egun konpontzeko bidean dauden arazoak konponduko direla uste du Izagirrek, baina ziur dago horiek konpondu ez arren, are hipotesirik okerrenean ere, Donostia 2016 «arrakastatsua» izango dela. «Beharbada ez dira lortuko hasieran aurreikusitako laguntza guztiak, baina, besterik lortuko ez balitz ere, izango duen finantzaketa publikoarekin arrakasta ziurtatua dago».

Horretan lagungarri izango dira Melina Mercouri sariarekin batera jasoko diren 1,5 milioi euroak. Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ri sari hori emateko gomendatu dio Europako Batzordeari, eta, oker handirik ezean bederen, Europako Batzordeak irailean emango dio sari hori Donostiari, orain artean kultur hiriburu izan diren hiri guztiei eman dien bezalaxe.

Izagirreren ustez, ez da bidezkoa, «Bruselatik zorionak jaso ondoren eta Bruselatik lanean ondo ari garela esan digutela jakin ondoren», Donostia 2016ri buruzko irudi negatibo bat zabaltzea, horretarako aitzakiatzat hartuz Bruselako batzordeak azaleratutako kezkak eta emandako gomendioak. Kezka horiek azaleratzea eta gomendio horiek ematea batzordeko kideen «betebeharra» da, Izagirrek dioenez. «Akatsak eta puntu kezkagarriak zeintzuk diren aipatu behar dute, eta zertan eta nola hobetu daitekeen erakutsi, eta halaxe egin dute kultur hiriburu izan diren hiri guztiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.