Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Benetako txapelketa

2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Esango nuke bertsozale askori luze egin zaiela Tolosako saiotik asteburu honetara arteko tartea. Asteburu bakar bateko atsedenaldia baino izan ez bada ere, final-laurdenetako blokea orain dela sei hilabete jokatu zela dirudi! Baina, tira, hemen gara berriz, pilak kargatuta eta finalerdietako lehen itzuliak eman dezakeenaren esperoan. Asko eman beharko bailuke, ondo bidean. Amets Arzallus egungo txapeldunari salbu, orain lau urteko gainerako finalistei amaitu zaie babesean gordeta egoteko baimen berezi hori, eta euren arma guztiak gainean hartuta oholtzara igo eta borrokatzea beste erremediorik ez zaie geratuko gaurtik hasita. Benetako txapelketa hastera doa, eta ekuazioa erraza da: final-laurdenetako bertsolari onenak + orain lau urteko bertsolari onenak = saioen maila gora. Bertsolaritza ez da, ordea, matematika, eta ikusi egin behar.

Artean txapelketa honetan kantatu gabeko bertsolariren bati entzun diogu behin txapelketa martxan jarrita norberaren saioa iritsi arteko itxaronaldiak urduritasun puntu bat sorrarazi ohi diola, nahiz eta eskarmentu handia izan horrelako saltsetan. Entzuleek, izan ere, orain arte ikusi gabeko plus bat espero baitute kasu askotan aurreko finalistengandik, saio bakoitzean finalista ohi hori edo horiek sistematikoki beste bertsolarien gainetik egon beharko balira bezala ezinbestean... Presio puntu bat, funtsean. Edozein kasutan, saio bakoitzeko bertsolariak aztertzen hasita, seikote orekatuak eta maila handikoak tokatu dira lau saioetan, eta ziurtzat jo daiteke maila tekniko goreneko saioak izango direla denak ere, akatsik gabeak kasik eta une askotan goia joko dutenak.

Segurako saioa irabazita igoko da Jon Martin Bastidako oholtzara, eman dezakeen mailaz jakitun eta bere arrastoa uzteko asmoz. Agin Laburuk ez zuen, askoren iritziz, bere egunik distiratsuena izan Leitzako final-laurden goraipatu hartan, eta, hala ere, bigarren postua erdietsi zuen ordukoan; ez du goia jo oraindik txapelketa honetan. Jone Uriak bigarren egin zuen Zallan, bere bertsokera pausatu baina zorrotzaz kolpeak bata bestearen atzetik emanaz, gaur Bastidan egin dezakeenaren aurrekari gisa. Nahikari Gabilondok une distiratsuak eta itzaliagoak tartekatu zituen Zumaiako ekinaldian, eta hasieratik bukaerara bitarteko saio distiratsuaren bila kantatuko du. Igor Elortza eta Sustrai Colina izango dituzte aurreko laurek oholtzakide. Elortza eta Colina, lehenengo bertsotik dagoeneko martxan den trenera igotzen ahaleginduko dira, ohartzerako beranduegi izan ez dadin. Maila goreneko bertsolariak direla bistan da, bestela da puntuek zer dioten saioaren amaieran...

Bastida, Irun, Maule-Lextarre eta Durango. Euskal Herriko txoko batetik bestera mugitzen segiko dugu bertsozaleok, eta bertsoez ez ezik, txoko horietako bakoitzaren erakargarritasunaz gozatzen. Ba ote plan hoberik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.