Mendekoste jaiak Bergaran

Jaurtiketa gora, festa hasteko

Futboleko gizonezkoen lehen taldekoek botako dute Mendekoste jaiei hasiera emango dien suziria, gaur iluntzean. Udalak abian jarri ditu indarkeria matxistaren eta alkohol kontsumo neurrigabearen aurkako kanpainak, eta neurriak hartu ditu.

Iazko txupinazoa Atzegiko kideek bota zuten. BERRIA.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Azken orduko prestakuntza eta urduritasunak atzean utzi, eta Mendekoste jaietan murgilduko da, gaur, Bergara (Gipuzkoa). 20:00etan izango da, jaien hasiera iragarriko duen suziria lehertzean. Haur, gazte eta heldu; «guztiok gozatu ahal izango ditugun festak» prestatu dituzte, udalak zabaldutako oharraren arabera, eta saiatu dira egitarauan ere ahalegin hori islatzen.

Bergara Kirol Elkarteko futbolariek, gizonezkoen lehen taldekoek izango dute etxafuegoa botatzeko ardura. Ohorezko Erregional Mailara igotzea lortu zuten duela hilabete, eta erdietsitakoa goraipatu du udalak. Bergarako kirolarien ordezkari gisa jardungo dute. Kirolak sasoi ona bizi du, oro har, Bergaran, eta udalak «kirolaren presentzia hori txupinazora eraman» nahi izan duela azaldu du Edurne Korta kultur teknikariak. «Indartsu» ikusten du Kortak herriko kirola, bai aukera aldetik, bai kirolarien maila aldetik ere. Gainera, herriko zenbait kirolari azken urteotan maila oso altuan lehiatzen ari dira. Kortak adibidetzat jarri du Vanesa Gimber futbolaria, zeinak Athleticen lehen taldean jokatzen duen. Aldi berean, teknikariak adierazi du kirolean «emakumezkoen presentzia handitzen» ari dela.

Futbol taldekoak udaletxeko balkoira atera eta suziria lehertu ondoren, ohiko moduan, Bitorianatxoren agerpena etorriko da. Kondairak dioenez, emakume bakartia eta berezi xamarra zen Bitorianatxo, baina jakituna sendabelar kontuetan. Aldai Egia auzoko Mozolotegi baserrian bizi omen zen, eta baserri batetik bestera ibiltzen ei zen, sendabelarrak eskainiz. 1981etik, udaletxe parean dagoen apaizgaitegitik udaletxera jaitsi, eta alkateari kargua kentzen dio. Jaiek iraun bitartean, parrandaren legea ezartzen du, eta, asteartean, Mendekosteak amaitzearekin batera, apaizgaitegi atzean ezkutatzen da, hurrengo urtera arte.

Behin Bitorianatxo bere tronuan denean, San Martin plazan bildutakoak kalejiran abiatuko dira, Udal Musika Bandak lagunduta. Plazako ekitaldiei jarraipena emango diote, gaur bertan, beste hainbatek ere. 20:30ean, esaterako, apaizgaitegiko karpan parrillada egingo dute Oxirondo aisialdi guneko gurasoek, eta, ordu berean, txosnak irekiko dituzte. Hala ere, jaien hasiera ofizialari aurreratu egingo zaio txosnetako egitaraua. 15:00etan gazte bazkaria eginez hasiko dituzte jaiak, eta, jarraian, RkeR elektrotxaranga herriko kaleetan ibiliko da.

Gauean, berriz, musika eskaintza zabala egongo da. Ze Esatek taldeak dantzan jarriko du San Martin plaza, 22:00etan hasita. Ordubete geroago hasiko dira txosnetako kontzertuak. Omen, Los Zopilotes Txirriaus eta Koban taldeak ariko dira. Kontzertuak amaituta ere, dantzan jarraituko dute hara joandakoek, 04:00etan zumba saioa antolatu baitu Xaxau konpartsak. Dantzari finak nahiz ordu horretarako oreka mantentzen nahikoa lan dutenak, guztiak, elkarren ondoan gidarien pausoei jarraitzen saiatuko dira.

Gozamenean ere, neurriak

Gaurtik aurrera, festaz gozatzeko hainbat egun izango dituzte bergararrek nahiz inguruetatik joandakoek. Horiek guztiak «gozatzera animatu» ditu udalak ohar bidez, baina, betiere, «errespetuan, elkarbizitzan eta aniztasunean». Hori hala izan dadin, bi kanpaina abiatu ditu. Alde batetik, indarkeria matxistaren aurka agertu da. Ez menpeko, bai pareko ta danok hobeto! leloa izango du kanpaina horrek.

Bestetik, droga menpekotasunaren planaren barruan, garrantzi berezia eman dio udalak alkohol kontsumoari. Herritarrak «hausnartzera gonbidatu» nahi ditu, eta, bereziki, jo puntuan izan ditu gurasoak: «Haurrek ikusten dutena errepikatzen dute, eta, horregatik, ezinbestekoa da eredu ona ematea». Prebentzio neurri horrek berrikuntza nabarmen bat ere eraman du egitaraura; astelehenean egingo duten herri bazkarian ez da alkoholik zerbitzatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.