Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bhilar

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
David Sampedro Arabako Errioxako Elvillar herrikoa da. Guardiatik sei kilometro ingurura dago Elvillar herritxoa. Sampedrok bere proiektu pertsonalak beste batzuen upategietan egin zituen hainbat urtez.2012. urtean, ordea, mahastiak zituen lekutik oso gertu, lur batzuk erosi zituen, eta upategi propioa egiten hasi zen bertan. Hasieran DSG Vineyards zena Bodegas Bhilar bilakatu zen gero, baina lan egiteko moduari eta hasierako filosofia berberei eutsi zien. Upategi berrian eguzkiaren energia darabilte, eta zati bat lurpean dago, porlanezko biltegiekin tenperatura kontrolatzen laguntzeko eta egur frantziarrarekin egindako tina edo upel handiz osatua.

Elvillarren mahastiak paisaiaren ezinbesteko elementu dira aspaldiko mendeetan. Lurzorua kareharrizkoa da nagusiki, eta ia ezinezkoa da mahastiak ez diren beste landarerik lantzea. Eta esan daiteke kareharri horrek ardoari dotorezia, indarra eta freskotasuna ere ematen diola.

Davidek esaten duenez, «lurrak, mikroklimak eta gizakiaren lanak izaera bakana ematen diete gure ardoei»,

1999an, Sampedro biodinamikan interesatzen hasi zen, eta horrek erabat aldatu zion mahastiei begiratzeko eta haiek ulertzeko modua. Hasieran, nekazaritza ekologikora pasatu zen, eta, geroxeago, biodinamikaz ikasitakoa erabiltzen hasi zen, gizakiaren, lurraren, mahastiaren eta kosmosaren arteko harmonia berreskuratzeko.

Hiru multzotan sailka daitezke egiten dituen ardoak: herrikoak, parajekoak eta partzelakoak.

Herriko ardoak solik Elvillar herriko mahatsekin eginak dira, eta, Daviden esanetan, «ardo basatiak dira, jatorriaz harro daudenak». Bhilar zuria, Bhilar beltza eta Lagrimas de Graciano dira multzo honetan sartzen direnak.

Parajeko ardoetan, berriz, Phincas beltza eta Thousand Milks ardo bitxia eta bikaina, viura, garnatxa zuriz eta malvasiaz eginikoa.

Eta partzela ardoetan, Phinca Abejera eta Phinca Lali ditugu, biak beltzak.

Eta laster ardo berri bat aterako dute merkatura: Bhilar Berria beratze karboniko sistemaz egindakoa. Dastatzeko zortea izan dutenen ahotan, «kolore, fruta eta zapore erabat basatikoa» ditu.

Ardo desberdinak eta izaera handikoak, bakanak…

«Ardo probokatzaileak egitea dut helburu, elkarrizketa bat abiaraziko dutenak», esan du Sampedrok, eta esango nuke helburua lortzen duela ezbairik gabe.

Nafarroan, Galizian —Rias Baixasen— eta Salamancako mendilerroan (Espainia)ere egiten ditu ardoak Sampedrok, baina horiek, beharbada, beste batean ekarriko ditut hona.

Eta amaitzeko, haien hitz batzuk zuentzako uztea baino modu hoberik ez dut aurkitzen: «Gure helburua ardo arimadunak egitea da, betiere lurra abiapuntua izaki, energia positiboa duen jendearekin partekatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.