Tokikomen plataforma digital berria, sakelakoei begira

Euskarazko hamazazpi hedabideren atarien oinarria izango da. Webguneen trafikoaren %66,2 gailu eramangarrietatik iristen zaie
<em>Goiena.eus</em>-en azala. Goiena izan da lehena plataforma berria erabiltzen.
Goiena.eus-en azala. Goiena izan da lehena plataforma berria erabiltzen. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko urriak 30
Tokikomek bere plataforma digitalaren bertsio berria estreinatu du, eta, datozen asteetan, hamazazpi komunikabideren webguneen oinarria izango da. Tresnaren bertsio berriak gailu eramangarriak ditu helburu nagusi; edukiak gailu horietatik kontsumitzea zein sortzea erraztea du xede. Multimedia edukiaren karga eta bisualizazioa bizkortu egin dute, eta Interneteko publizitateko azken estandarrak txertatu dituzte diseinuan. Modu horretan, publizitatea hobeto segmentatu eta erakutsi, eta irakurlearentzat ere «erosoagoa» eta «esanguratsuagoa» izango dela azaldu du Joxe Rojasek, Tokikomeko Komunikazio eta IKT zuzendariak. «Plataforma berriarekin nahi duguna da sakelakoetan edukia bikain ikus dadila, eta pantaila handian ere txukun».

Plataformako bazkideen webguneetako trafikoaren %66,2 gailu eramangarrietatik iristen da. Ehuneko hori etengabe haziz joan da 2016. urtetik hona.

Hiru zutabeko diseinua zutabe bakarreko diseinu bihurtu da plataforma berriarekin. Codesyntax enpresako Asier Sarasua arduratu da plataforma eraberritzeaz, eta hala esan du: «Menuak orain atzamarraz erraz maneiatzeko moduko hanburgesa estiloko botoietan bildu ditugu». Irakurleei ez ezik, plataformak hobekuntzak emango dizkie komunikabideetako kazetariei ere, albisteak sakelakotik zuzenean argitaratzea erraztuko baitie.

Plataforma berria erabiltzen lehen komunikabidea Goiena taldea (Gipuzkoa) izan da. Datozen egunetan, Durangaldeko Anboto (Bizkaia), Zumaiako Baleike (Gipuzkoa) eta Iruñeko Euskalerria Irratia pasatuko dira sistema berria. Urtarrilaren bukaerarako, hamazazpi hedabide izango dira plataforma berrian ariko direnak.

Rojasek azaldu duenez, plataforma berria «lehen urratsa» da tokiko komunikabideentzako tresnak elkarrekin integratzeko estrategia batean. «Etorkizunean, Tokikomek ahaleginak egingo ditu Interneteko edizioak elkarrekin konektatu, eduki trukeak erraztu, artxibo komuna sortu eta antolatu, eta lan prozedurak estandarizatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Urtzi Urkizu

Informazio osagarria