Giroari esker, denboraldiko daturik onenak lortu ditu ETB1ek

Euskarazko kateak %2,4ko ikusle kuota izan du maiatzean. Apirileko batezbestekoarekin alderatuz gero, hiru hamarren irabazi ditu

Giroari esker, denboraldiko daturik onenak lortu ditu ETB1ek.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
ETB1 kateak 2018/2019 denboraldiko batezbestekorik onena lortu du maiatzean: %2,4ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, hiru hamarren igo da euskarazko katea. Eta datu hori, neurri handi batean, Italiako Giroaren emankizunei esker izan da; txirrindularitza probak %5,5eko ikusle kuota izan du—euskaldunen artean %8,9koa—. Courmayeurreko mendiko etapak bildu zituen ikusle gehien: %10,8ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %16,1ekoa—. 214.000 lagunek ikusi zuten uneren batean etapa hori. Bestalde, milioi erdi erabiltzailek baino gehiagok ikusi dute Italiako Giroa EITBren webgunean.

Kirol emanaldiez aparte,Ur handitan saioak denboraldiko daturik onena izan zuen joan den astean, Bi egun Arantzazun erreportajeari esker: %4,4ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %14,4koa—.

Hala eta guztiz ere, ETB1ek iazko maiatzean baino bi hamarren gutxiago bereganatu ditu; orduko hartan ere Italiako Giroak lagundu zion kateari batezbestekoa igotzen.

ETB2k %8,5eko ikusle kuota izan du maiatzean, aurreko hilabeteko datu bera. Iazko maiatzean baino hamarren bat gehiago bereganatu du. Iaz eta aurten, sasoiko produktu izarra El conquistador del Pacífico saioa izan da ETB2n. Denboraldi honetan, orain arte %22ko ikusle kuota lortu du Julian Iantzik aurkezten duen reality-ak. ETB3k %0,3ko ikusle kuota lortu du maiatzean, eta ETB4k, %0,5ekoa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5k jarraitzen du buru, alde handiarekin. Joan den hilean, kate pribatuak %17,3ko ikusle kuota lortu zuen, eta 7,4 puntu atera zizkion Antena3 kateari. La1k %8,3ko kuota izan zuen eta La Sextak, %8,1. Telebista kontsumoa egunean hiru ordu eta 43 minutukoa izan zen.

TV3 oso indartsu dabil

Katalunian, TV3 katalanezko kate publikoak %14,1eko ikusle kuota erdietsi du maiatzean. Bigarren tokian da Tele5, 2,8 puntura. Prime time ordutegian, TV3ek 3,9 puntu ateratzen dizkio Espainiako kate pribatuari. 3/24 informazio kateak inoizko maiatzik onena izan du: %2,4ko kuota. GFK-ren azterketaren arabera, TV3 da baloraziorik onena duen telebista katea.

Espainian, Neox kateak inoizko daturik onena lortu zuen maiatzaren 23an, The Big Bang Theory telesailaren azkeneko atalari esker. Hori izan da, gainera, LTDko gaikako kateetan inoiz gehien ikusi den saioa, kirol emankizunak albo batera utzita.

Galizian, TVGk %10,1eko ikusle kuota lortu du, aurreko hilean baino hiru hamarren gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.