'Oarso Bidasoko Hitza' formatu eta diseinu berriz jantzi dute

Astekariak aldizkari formatua hartu du. 32 orrialde ditu orain; lehen, 16 orrialde zituen. Edukia eta mamia ere aldatu ditu

Oarso Bidasoko Hitza-ren gaurko azala. HITZA.
urtzi urkizu
Errenteria
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aro berri bat hasi du gaur Oarso Bidasoko Hitza-k. Oiartzualdeko (Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzun) eta Bidasoko (Irun eta Hondarribia) tokiko informazioa eskaintzen du euskarazko hedabide horrek, eta hemendik aurrera modu erakargarriagoan egingo du. «Prozesu baten ondorio izan da aldaketa, hedabideak aspalditik egin asmo zuena. 2021ari ilusioz beteta ekin diogu papereko berria eskuan dugula», azaldu du Urko Etxebeste Oarso Bidasoko Hitza-ko zuzendariak. Itxuraz, 32 orrialdeko aldizkari formatuko astekaria izango da gaurtik aurrera —aurrekoak egunkari tamaina zuen, eta 16 orrialde zituen—. «Lehen begi kolpean itxurak, irudiak eta diseinuak garrantzi berezia izango duela atzeman daiteke».

Baina eduki aldetik ere baditu aldaketak astekariak, eta nabariak gainera. «Herriek, herritarrek eta bertan gertatzen direnek pisua hartuko dute, herriei eskainitako orrialdeen kopurua nabarmen handituko baita».

Iritzien atalei dagokienez, astero bi iritzi emaile izango ditu astekariak —astero txandakatuz joango dira zutabegileak—.

Sormenak ere tartea izango du egitasmo berrian: sei ilustratzailek eta sei argazkilarik euren sormena paperean jarriko dute, irakurleen gozamenerako.

Kazetaritza arloko ohiko artikuluak ez dira faltako, Etxebestek aipatu duenez. «Elkarrizketa sakonak, erreportajeak, agenda eta denbora-pasak ere azalduko dira aldizkariko orrialdeetan, baita herrietako eragileei eskainitako orria ere».

Astekariaren formatu berria estreinatu aurretik, hedabidearen sail desberdinetako langileek, harpidedunek eta Oiartzualdeko eta Bidasoko zenbait herritarrek aukera izan dute prozesuan parte hartzeko. «Guztien iritzien araberako emaitza da astekari berritua», gaineratu du Etxebestek.

Aro berriko lehen zenbakian, azalean eta erreportaje nagusian gogoratu dute zazpi urte joan direla Trintxerpeko Euskadi etorbideko etxebizitzak (Pasaia) erre zirenetik; bizilagunekin gaur arteko bidea egin dute erreportajean. Oiartzunen Amazonen egoitza bat ezarri izanak zer ondorio izan ditzakeen ere aztertu dute, merkatari txikiekin.

Etxebestek berak etapa berriaren nondik norakoak azaldu ditu gaurko zenbakian, eta honela amaitu ditu irakurleari emandako argibideak: «Gertukoagoa, gertukoekin eta gertatzen direnetatik gertu. Mundua aldrebes dago, eta bihotza jarri diogu informazioari. Giltza zuena da orain». Iraitz Mateo kazetariak ere astekariaren «azalberritzeaz» eta «mami berritzeaz» idatzi du.

Harpidetza egin nahi dutenek [email protected] helbide elektronikora idatzi edo 943-30 43 46 telefono zenbakira deitu behar dute. Ekainean hemezortzi urte beteko dira Oarsoaldeko Hitza jaio zela; Behe Bidasoko Hitza-rekin egin zuen bat gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.