Movistar Plusek Ferran Adriari buruzko lan bat estreinatuko du

'Las huellas de El Bulli' gaurtik aurrera ikusi ahalko da plataforman. Jatetxeak belaunaldi berriengan zer eragin duen aztertzen du saioak

JUAN HERRERO / EFE.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ferran Adria Kataluniako sukaldariaren konpainian, El Bulli jatetxeak utzitako ondarea eta etorkizunean El Bulli 1846 museoa izango dena erakusten ditu Las huellas de El Bulli dokumentalak. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Culinary Zinema sailean, eta gaurtik aurrera Movistar Plus ordainezko plataforman ikusi ahalko da.

Jose Larrazak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) izan zuen dokumentala egiteko ideia, eta bera da zuzendaria, Iñigo Ruizekin batera (Iruñea, 1972). Hamar urte dira Adriak El Bulli jatetxea itxi zuela, eta dokumentala estreinatzeko garai ona dela uste du sukaldariak: «Jendea guztiaz ahazten da. Eta dokumental hau freskoa eta egokia da El Bullin inoiz egon ez zirenentzat, jakin dezaten han zer egin genuen». Kataluniako sukaldariak iragarri du 2023ko bukaeran amaituak izango dituztela El Bulliren museoaren bueltan prestatzen ari diren proiektuak.

Larrazari iruditzen zaio jatetxearen itxieraren urteurrena aitzakia ona dela Adriak eragindakoaz hitz egiteko. «Adriak sukaldaritzaren paradigma aldatu zuen. El Bulli jatetxeak askotariko aztarnak utzi ditu. Hartaz, dokumentalean aztarna agerikoenak erakusten saiatu gara, baina baita beste diziplina batzuetan utzitakoak ere», gaineratu du Larrazak.

Ruizek, bestalde, honakoa adierazi du: «Gure asmoa izan da El Bulliren ondarea laburbiltzea eta herritar gazteek ezagutu dezatela sukaldaritzako zenbait teknika nondik datozen, eta iritsiko diren proiektu berriak zein diren jakin dezatela, noski».

Adriarena da dokumentalean entzuten den ahots nagusia. Baina badira euskal sukaldari batzuen lekukotzak, tartean Andoni Luis Adurizenak eta Juan Mari Arzakenak. Garrantzitsuak dira lanean Adriaren emazte Isabel Perezenak eta sukaldariaren anaia Albert Adriarenak. Munduan sona handia duten beste zenbait sukaldarik nabarmentzen dute Adriak gaur egungo sukaldaritzan izan duen eragina.

Ruizek nabarmendu du «ederra» izan dela ahots horiek guztiak entzun ahal izatea. «Aztarna gastronomikoak eta gastronomikoak ez direnak jaso ditugu, eta, horregatik, aniztasun handia lortu dugu dokumentalean». Granada futbol taldeko Diego Martinezek, adibidez, kontatzen du bere lanean zein eragin izan duen Adriaren filosofiak.

Bestetik, Adriak gomendio bat eman die sukaldari gazteei dokumentalaren aurkezpenean: «Jatetxe bat negozio bat dela ulertu behar dute, eta, horrenbestez, gu izan garen baino hobeak izan behar dute gazteek administrazioan eta kudeaketan. Ez du hainbesteko glamourrik izango, baina oso garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.