Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Exopto

2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zerbait gogo handiarekin desiratu, ilusio handiz zerbait itxaron. Horixe da, hain zuzen ere, exopto hitzak esan nahi duena. Tom Puyabert frantziarrak 2003an sortu zuen Exopto upategia, Guardian (Araba). Izen esanguratsua, zalantzarik gabe.

Puyabert 2000. urtean iritsi zen Bordeletik (Okzitania). Hasiera batean Arabako Errioxan geratu zen, sona handiko Frantziako upategi baten upel salmenta lanak garatzeko. 2003an Exopto upategia sortu zuen, Arabako Errioxarekiko harremana sendotu eta lur haietako izaera eta nortasuna adierazteko, ardo zuri eta beltz desberdin eta berrien bitartez.

Gaur egun ere Puyaberten lan nagusia Saury upategiaren upelak saltzea da, eta horrek ahalbidetzen dio, haren esanetan, «bezeroekin harremanetan jarraitzea, eta hala ikasten jarraitzea, ardoaren inguruko gauza guztiez».

Proiektuaren helburu nagusia kolore eta freskotasun gehiago duten ardoak egitea da, fruta lehen planoan jarriz eta upelaren trataera finagoa bilatuz, hori bai, beti ere Arabako Errioxako testuinguru historikoa ahaztu gabe.

Exopton egiten diren ardo guztiak hiru mahats mota nahasiz egiten dira. Fruta nabarmendu nahi bada, garnatxari ematen zaio protagonismoa; gracianoa, freskotasuna lortu nahi bada; eta, egitura sustatzeko, tempranilloa.

Lursailek 30 eta 90 urteko adina dute, eta ardoztatze lanak zurez edo porlanez eginiko deposituetan burutzen dira; mikrooxigenazioa ahalbidetu, kolorea egonkortu eta, era berean, erredukzio arazoak saihesteko, eta ardoak borobiltzeko. Esan daiteke, beraz, modernotasun eta tradizioaren arteko oreka konplexu batean mugitzen dela Exopto.

Hamar hektareatan hedatzen dira Exoptoren mahastiak. Hamar hektarea horiek hamabost mikropartzelatan banatzen dira, denak nahiko zaharrak. Lurren aukeraketan lurzoru motak, orientazioak eta altuera izan dira kontuan.

Tempranillo mahats guztiak Abalosen daude, Errioxa Garaian (Espainia), haien ustez klima atlantiarra egokiagoa delako mahats horren fintasuna eta konplexutasuna lortzeko.

Garnatxa eta gracianoak, berriz, Yerga mendiaren magaletan daude, Errioxako hegoaldean, Mediterraneoko ukitu nabarmenarekin, garnatxaren garapena zein gracianoaren heldutasunarentzako ezinbestekoa.

Lau ardo egiten dituzte; Exopto, Horizonte de Exopto (zuria eta beltza) eta Bozeto. Gaur Exopto nabarmenduko dugu. Graciano mahatsa du oinarri, eta garnatxa eta tempranilloa lagungarri. Hemezortzi hilabete ematen ditu upel frantziar berrietan. Fruta beltza da azpimarragarriena, eta ardoa leunduz eta dotoretuz upelak ematen dizkion banilla eta kafe xigortuaren ukituak. Graciano mahatsak ematen dio konplexutasuna, fintasun aromatikoa eta freskotasuna. Horregatik guztiagatik, Exopto ardo bikaina dela esan daiteke, fina, freskoa eta dotorea.

Exopto upategiak, beste zazpi upategirekin batera, Rioja and Roll taldea osatzen dute. Gehienek partzela ardoak egiten dituzte, eta oso ekoizpen txikikoak. Errioxa ikusteko eta ezagutzeko beste ikuspegi bat. Baina hori beste batean sakonduko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.